Colleen Green + Team Spirit + Plateaus + The Sanctuaries

Data: 2012/09/05

Lekua: Mercury Lounge, New York City.

Lau talde, lau laukote, taularatu ziren atzo Mercury Lounge aretoan, zeinak, Team Spiritek izan ezik, publiko kopuru eskasari aurre egin behar izan zioten. Gutxi gora-behera 40 minutunako emanaldiak izan ziren, bisik gabekoak denak ere.

The Sanctuaries talde newyorktarrak bere bigarren lana aurkezten zuen atzo, “Not Guilty”. Pop nahiko klasiko eta fina egiten dute, zenbaitetan power poperantz gerturatzen direla. Organoaren doinuak eta gitarra arpegioek bultzaturik melodia zainduak eskaini zituzten eta baita tarteka abesti bolobilen bat ere –“House of Noise”-. Deigarria -gaueko gainerako ia guztiak bezala, bestalde- taldearen errodaje maila, urte pare bat baino ez dituen taldea izanik ere urte luzetan elkarrekin jotako musikariak ziruditen-eta.

Plateaus izan zen ziur aski lauetan interes gehien piztu zidan taldea. Ikusleok nekez iritsiko ginen hamar lagunera, haatik. San Diegotik etorritako taldea da, Colleen Greenekin bira egiten ari dena. Post-punkaren bideetatik dabilen laukotea dugu, gitarrak eta soinu zuzena nagusi. Oinarrian, ordea, nahiko melodia poperoak lantzen dituzte eta Gang of Four bezalako taldeak gogorarazten dizkizute berehala. Gitarrajotzaileak eszenatokiaren alde banatan eta baxujotzailea erdian ipinita, bi gitarrajotzaileen artean banatzen dute kantatzearen egitekoa. Punkaren tradizioan kokatuta ere, kantu guztiak oso landuak zituztela agerian berriz ere.

Esan bezala, Team Spirit izan zen publiko gehien bildu eta giro beroena ekarri zuen taldea. Brooklyndik etorritako talde hau zen, gainera, guztietan eskarmentu handiena antzematen zitzaiona. Rock and rolla da funtsean beraiena, lastertasunez jotakoa, tarteka hardcorerantz eta surferantz egiten duena. Honi guztiari zuzeneko aski indartsua eta frontman iaioa gehitzen badiogu, horratx publikoa berotzeko osagai guztiak. Gitarrek bozkarioz beteriko publikoan nahastuta amaitu zuten eta ikusleei motz egin zitzaien emanaldia (bis eskaerarik, ordea, ez genuen entzun).

Azkenik, gaueko saio nagusia etorri zen mendebaldeko kostatik iritsitako Colleen Green kantariarekin. Plateauseko hiru kidek laguntzen diote zuzenean, eta beste emanaldi hain ongi koipeztatutakoen aldean elkarrekin bat egin ezinda sumatu zitzaien apur bat. Bigarren abestian Greenek arazoak izan zituen gitarrako soka bat hautsi zuela-eta, eta gitarra aldatu eta afinatzeko hartutako denborak sobera hoztu zuen emanaldia. Shoegaze ukituko garagea egiten du Greeenek, soinu pisutsuek jantzitako pop-doinuak (Ramonesen “I Wanna Be Sedated”en bertsio eta guzti, “I Wanna Be Degraded” izenarekin Greenenean). Azken urteotako erreferentziak aipatzen jarrita, Vivian Girls, Dum Dum Girls edo Asobi Seksu gisakoak aipa genitzake -betikoa, hala ere, zergatik erlazionatu behar ditugu beti emakumezkoen taldeak beste emakumezko taldeekin?-. Esan bezala, Team Spiriten zurrunbiloaren ondoren hotzegi amaitu zuen gauak, nahiz eta, printzipioz, musikalki Greenen proposamena aurrekoena baino interes handiagokoa iruditu niri.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s