Paul Auster Winter Journal irakurtzen

Paul Austerrek bere azkeneko lana den Winter Journal-en irakurketa eskaini zuen atzo Union Square-ko Barnes & Noble liburu-denda famatuan. Esan dezadan bidenabar nahiko desengainatu ninduela liburu-dendak, espazio ugari eta liburu gutxi dituzten horietakoa eta beren irakurgailu elektronikoari -Nook- geroz eta begiramendu gehiago ematen dizkiona. Konparaziorik ez Europako onenekin, Paris, Londres edota are Bartzelonakoekin.

Goialdeko solairuan zen irakurketa, historia liburuz –Military History of United States of America eta halakoak- betetako apalen artean, eta emanaldia hasi baino ordu laurden lehenago iritsi nintzen arren, ia eserleku guztiak (150 lagunentzako gutxi gora-behera) zeuden harturik. Bazter batean Winter Journal-ak pilatzen ziren apala, eta alboan kutxazaina prest, nola ez (money first). Ale bat erostea erabaki nuen, ez liburuak halako entusiasmo alimalekoa eragiten zidalako baizik eta egoeraren bakanak bultzaturik. Azkeneko lerroan topatu nuen azkenik aulki libre bat.

19.00ak jo baino bost minutu lehenago eman zuen aditzera ebentoaren antolatzaileetako batek Austerrek liburua sinatzea nahi zuenak eskua jasotzeko eta gerturatuko zela izena galdetzera. Izena post-it batean idatzi eta liburuan sartuko zizun sinaketarako autoreak izena galdetu beharrik ere izan ez zezan. Ia puntualtasun zehatzenez iritsi zen Auster jauna, bere emazte (Siri Hustvedt idazlea) eta alaba (Sophie Auster aktore eta kantaria) aldean zituela, eta gure ondoko pasillotik egin zuten eszenatokirantz. Sophie Austerrek bertatik-bertara galdu egiten duela twitteatzea bururatu zitzaidan eta, esan gabe doa, berehala izan nituen ene jarraitzaile maite zenbaiten erantzunak ozeanoaren bestaldetik, han ordurako goizeko ordubiak izanagatik. Seguru da laugarren orrialdeko sinekdokeari buruzko zerbait idatzi izan banu ez nuela halako erantzunik izango.

Austerrek 50 minutu inguruko irakurketa egin zuen, liburuko pasarte batzuen hautaketaz. Ez iruzkinik, ez galderarik, irakurketa soila besterik ez; USA’s way. Jakina, eskarmentua antzeman zitzaion. 20. minutu inguruan pare bat pasarte umoretsu irakurri zituen, jendearen algara eragin zituztenak, eta bukaerarako utzi zituen, berriz, New Yorki buruzko zatiak (Brooklyneko zubia milaka aldiz gurutzatutakoa dela), Dorre Bikiei eta irailaren 11ko atentatuei erreferentzia eta guzti -hunkidura moment-. Halako aire liberal-aurrerakoia eduki zuen emanaldiak. Europari aipamen errepikariak, sexu pasarte esplizitoak, eskola publikoaren defentsa, eta abar. Deigarria egin zitzaidan irakurketa bitartean eserita zegoen pertsona bakar batek ere (literalki) ez zuela amaitu arte alde egin. Ezbairik gabe, pentsaezina gurean.

Ez naiz liburuak sinatu diezadaten zalea, apenas dut libururik sinaturik, baina atzokoan, momentu bakana zela pentsatuta-edo berriz ere, ilaran jartzea deliberatu nuen. Hantxe joan nintzaion post it-a eta guzti liburu erosi berriarekin. Arazoak izan zituen ñ-arekin eta barkamena eskatu zidan zabarki idatzi ei zuelako. Sinadurari dagokionez, esan dezagun minimalismotik jo zuela.















Tira, bada martxan jartzeko garaia hemen -goizeko 9ak dira ia- eta beste gelatik Sophie deika ari… OH WAIT!

5 comments

  1. ima toxictwins2

    hau irakurtzean, 2008ko uda etorri zait burura… Auster deskubritu nuen garaia. trilogia de nueva york, tombuctú, mr. vertigo, la invención de la soledad edota brooklyn follies liburuekin (barka, auster gazteleraz irakurtzera ohitu nintzen eta, tira…) gozatu ederra hartu nuen. donostiara etorri zen gero, zinemaldiaren aitzakian edo, baina ez nuen bera ezagutzeko tentaziorik izan. kuttunen artekoa dudala aitortzeko arazorik ez dudan arren.

    • bsarasola

      Nik “El país de las últimas cosas”ekin deskubritu nuen (badira jada urte batzuk) Anagrama-ren Compactos sail koloretsuan, eta garai hartan irakurri nituen atoan Trilogia, Leviathan eta beste. Gero Oskar Arana Alberdanian euskaratzen hasi zenean bigarren txanda etorri zen -oraingoan euskaraz-, Brooklyn Follies-etik aurrera, baina aitortu behar dut bigarren txanda honetan ez ninduela hainbeste asebete. Hala ere, gogoz hartuko dut “Winter Journal” hau; beste genero bat da eta akaso Austerri batzutan topatzen diodan artifiziorako joera handiegia ekiditeko balio izango du. Agian bukatzean animatuko naiz komentarioren bat idaztera. Bestetik, interesgarria da ikustea nola hainbat autore garaikide genero hori ari den lantzen (Coetzee)

  2. ima toxictwins2

    “winter journal” liburuari buruzko komentarioa gustura irakurriko dugu. dena den, bere biografia “aireratzen” eman ditu hainbat liburu dagoeneko, ezta?

    • bsarasola

      Biografia eta fikzioaren arteko bideak hain dira ineskrutableak! Bai, gogoan dut Trilogiakoren batean nabarmenki zuela pertsonaietako batek (edo narratzaileak, ez dut gogoan ondo) autorearen antza.

  3. Ima Toxictwins2 (ubedatar imanol, alegia)

    Barka insistentzia eta barka atrebentzia. Paul Auster hizpide dugunez, itzalean utzitako abesti batekin akordatu naiz orain. Don Inorrez diskotik at geratu ziren hainbat kantu, tartean, hauxe: “Gaur hirira bazoaz”. Letra hemen utziko dut, norbaitek irakurri nahiko balu. “New York sessions” grabatzen badugu inoiz, badugu abesti bat zain…

    GAUR HIRIRA BAZOAZ

    GAUR HIRIRA BAZOAZ
    EA AURKITZEN DUZUN
    THE DOORSEN DISKO ZAHAR HURA
    GAUR HIRIRA BAZOAZ

    EZ DUT IKUSI ASPALDIAN
    LUCY-REN IRRIBARREA
    BUFFALO SPRINGFIELD KANTUA
    EZ DUT ENTZUN URTEETAN

    EZ NAIZ PAUL AUSTER
    EZ NAIZ INOIZ NEIL YOUNG IZANEN
    EZ NAIZ PAUL AUSTER
    EZ NAIZ INOIZ NEIL YOUNG IZANEN

    GU GEU ZER GAREN GOGORATZEKO
    IZAN EZ GARENA AMESTEKO
    AKATSAK EZ ERREPIKATZEKO
    ZER EZ GAREN IZANEN IKASTEKO

    IZAN EZ GARENA
    IZAN EZ GARENA AMESTEKO
    ZER IZAN GAREN
    ZER IZAN GAREN GOGORATZEKO

    GAUR HIRIRA BAZOAZ
    EA AKORDATZEN ZAREN
    THE DOORSEN DISKO ZAHAR HURA
    GAUR HIRIRA BAZOAZ

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s