Eta gure CTa?

Udan irakurritakoen artean, badago liburu bat atentzioa eman didana eta lagun artean franko aipatu duguna. CT o la Cultura de la Transición. Crítica a 35 años de cultura española du izenburu eta saiakera bat da, hainbat autorek osatu artikulu bilduma. Ez da maisulan bat, ez da ziur aski XXI. mendeko saiakera gorenen artean kokatuko, aski gorabeheratsua da, zabarra izatera ere ailega daiteke momenturen batean, oportunista ere bai autoreren bati dagokionez (Ignacio Echevarria), haatik, indar kritiko handia du. Laburki esatearren, Espainiako kultura hegemonikori emandako zuzeneko ukaldia da.

Espainian frankismo ondorenean gorpuztutako kulturari deitzen diote CTa eta azalpen-eredu bikaina dela ohartzen da irakurlea liburuarekin hasi bezain pronto. Esan gabe doa, ez da erraza CT delakoa zer den definitzea orokorkeriatan erori gabe, baina uste dut azken urteotan Espainiako kultura jarraitu duen edonork susma dezakeela, senez edo, zer izan daitekeen. Prisa taldeak hegemonia mediatikoa eduki duen gisara, hark sustatu kultura litzateke CTa neurri handi batean. Demagun, Victor Manuel, Ana Belén musikan, Luis García Montero, Antonio Muñoz Molina literaturan, itun eta kontsentsuaren kultura, bipartidismoa, Gregorio Peces-Barba intelektual gisa, Moncloako Itunak ekonomian, SGAE lobby gisa, Almodovar zineman. Besteak beste, jakina. Gehiago ere bada-eta, izan ere. Amador Fernández-Savaterek dio CTa funtsean arazoei eta eztabaidari itzuri egiten dion kultura dela, balizko kontsentsuan mozorrotzen bada ere. Despolitizatze moduko bat, non parametro oso estu batean kokatzen diren diskurtsoak (Trantsizioa, merkatu-ekonomia, monarkia, eta abar) onartzen diren soilik, halako aire neutral-apolitikoarekin onartu ere. Eta noski, borroka antiterroristaren matraka beti prest lerrotik irteten den ezein eztabaida berehalakoan amaitzeko. Nago ezagun egingo zaigula gehienoi.

Neurri batean, belaunaldi-ebaketa bat irudikatzen du liburuak. Trantsizioarekin berarekin eta haren kulturarekin sakonki kritikoa den belaunaldi berri bat aurkezten du, zeinak M15aren mugimenduan azalarazi duen bere asebetea.

Ñabardurak ñabardura, meritu handiko ariketa autokritikoa iruditzen zait liburua. Aski errotikoa den kritika du mahaigaineratzen, eta dakigunez, modu horretan baizik ezin du ezein kulturak aurrera egin. Alta, ezin izan dut ekidin pentsatzea nola jasoko litzatekeen gurean tamainako (auto)kritika saioa –besteren behaztopa norbere herrena baino errazago atzematen baita eskuarki–. Alegia, nola erantzungo genukeen euskal kultura hegemonikoaren sakoneko kritika egingo bagenu. Eta badago egon, zer kritikatu. Oro har, inpresioa dut gurean ere gero eta bide estuagoetatik ibili garela 1980etatik aurrera. Beti dagoela ideologia abertzaleki zuzena ildotik irteten dena birbideratzeko gertu. Eta gu ere kontent txintik esan gabe arrastoan sar gaitezen ametitzeko. Ez da ordea beti hala izan. Berriki topo egin dudan artikulu bat jarriko dut adibide soiltzat. 1977an agertu zen aldizkari honetan bertan, Baietz astea gaizki bukatu atalean, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinaturik. Haren izenburua, ezin esanguratsuagoa: “Oteizak txorradak esateko makina inbentatu du”. Soberan da gogoraraztea Oteiza zela garai hartan gure intelektual gorenetako. Zaila zait imajinatzen gaur egun halakoaren parekorik.


Argiako Bestelakoak sailean argitaratutako artikulua

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s