Ariel Pink’s Haunted Graffiti ( + Teen + Bodyguard)

Data: 2012/09/14

Lekua: Webster Hall, New York City.

Susmoa nuen berehala agortuko zirela, eta duela aste batzutatik nuen erosia Ariel Pink ikusteko sarrera. Ordea, agortu baldin baziren, azkeneko momentuan izango zen, ostiral arratsaldean oraindik salgai baitzeuden. Zabaldua dago musikaren mundua, eta are indietzat-edo har dezakegun musikaren eszena, aurreikusgarria eta monolitikoa delako ideia, baina sarritan ez da erraza asmatzen atzerriko moda, joerak zehazki zertan diren. Sarrera erostea zaila izango zaizula uste duzun kontzertu bat erdi hutsik topatu dezakezu eta, aldiz, azken momentura arte sarrerarik ez erostea deliberatzen duzularik hainbat aste lehenago “sold out” afixa jartzen dutela ohartu zaitezke. Nola ulertu bestela Ben Howard eta Twin Shadow-rako aspalditik sarrerarik ez egotea eta Ariel Pink-erako ostera arazorik ez egotea?

Haatik, Webster Hallak, azkenean, sarrera polita izan zuen -eta moloimetroa topera, esan gabe doa-, nahiz eta gehienak Pinkerako etorri ziren teloneroez paso eginez. Teen taldea hasi zenean ez ginen 30 lagun baino gehiago izango publikoan. Emakumez osoki osatutako Brooklyngo laukote honek pop aereo moduko bat egin zuten, ukitu psikodelikokoa, eta tarteka Spiritualized eta tarteka Beach House gogorarazi zizkidaten. Bodyguard DJa (James Ferraro) etorri zen gero eta doinu dantzagarrietatik urrun zegoen set bat eskaini zuen, amorerik eman ez zuen saioa inondik ere.

Eta sorpresa eta guzti taularatu zen Ariel Pink’s Haunted Graffiti beste inor baino lehenago Stevie Moore azaldu zenean eszenatokian. Pinken taldearekin jo zuen Nashvilleko bardo eroak. Tira, “jo” esatea asko esatea da akaso: ohiukatu, baxuari eragin, tarteka aipamen zororen bat bota (Lance Armstrong, Neil Armstrong, my armstrong…), atzera-aurrera ibili, kaxa txinatarra egurtu eta abar. Saio txukuna eskaini zuen Pinkek. Hamaika iturrietatik edaten duen musika berezi horrekin aski gozatu ahal izan genuen, aldizka ordialdi kaotikoren batekin ere bai, baina zerikusirik ez Moore-ri berari duela urte bete ikusi genion kontzertu zoro (eta eskas) harekin. Mature Themes azkeneko disko laudatuan oinarritutako errepertorioarekin (13 kantutik 9 jo zituzten), ezagun da Pinken bandak on egiten diola haren musika ildo sendoetatik eraman eta emanaldi taxuzkoak ontzen, nahiz eta era berean trinkotasun horrek apur bat aurreikusgarri-estandarragoa bilakatzen duen haien zuzenekoa.

Zurrumurruak zeuden ostean Williamsburgen kontzertu sekretu-pribatu bat joko zuela (zabaltzen ari den moda kontzertu mota hauena, baietz laster EHra ere iritsi) baina azkenean kontua Bodyguard, Holy Other eta Stevie Moore-en geratu zen. Gu azkenean, gutxigatik, secret show-rako sarrera gabe geratu ginen. Tira, New Yorken hamabost egun eskas igarota ez gara ba sobera eskatzen ibiliko honezkero!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s