Winter Journal -Paul Auster-

Izenburua: Winter Journal
Autorea: Paul Auster
Argitaletxea: Henry Holt and Co.
Urtea: 2012

Betirako berradiskidetze bat. Halakoxe zerbait bihurtu zaizu azkenean Winter Journalen irakurketa. Lagun zaharra hainbat urteko hoztasuna ostean berriz ere itzuli izan balitz bezala. Zalantza oro uxatu zaizkizu, ez duzu gehiago haren talentua zalantzan ipiniko.

Gizon bat, hirurogeita lau urteko gizona, haren bizitzako negualdian sartzen ari delarik, atzera begiratu eta iraganeko urte guztiak aurrez aurre ipinita. Zintzotasun osoz, bihotza eskuan, parez pare ipinita. Horixe iruditu zaizu oroz gain liburua. Pentsatzen ahal da bigarren mailako generoa dela memoriena; nobelarekin erkaturik, fikzioarekin erkaturik, ez duela zer eginik. Baina, esanak esan, urte asko dira argi dagoela nobelaz haraindi -zentzu hertsiko fikzioaz haraindi- literatura egin daitekeela, lehen mailako literatura egin daitekeela. Ipuingintza ez da aparte uztekoa, ez dira poesiarentzat garai onenak, hori egia da -Iban Zaldua poesiaren sona hanpatuegiaz diharduenean XIX. mende amaierako poesiaz-edo hitz egingo duela imajinatzen duzu-, baina memoria, egunerokoa, dokufikzio, saiakera literario eta enparauekin ezein idazle -ezein idazle handi, alegia- literaturaren lehen lerroan jarri daitekeela ez da kontu berria. Azkena, memorien generoan bertan, J.M Coetzeeren Boyhood, Youth eta Summertime, batez ere azkenekoak jaso zuen txalo zaparrada piloarekin.

Ez duzu uste kasualitatea denik Coetzeeren ostean Austerrek ere memorien bidea hartu izana. Ia ziur zaude estatubatuarrak hegoafrikarraren memoriak irakurri dituela eta ez zaizu hipotesi zoroa iruditzen haren emaitza ikusita ekin izana, besteak beste, lurralde horietan idazteari. Bide batez, gogo biziz espero duzu bi idazleon arteko gutunen publikazioa, luze gabe argitaratzekoak direnak.

Ez da memoria liburu estandarra Austerrena (ere). Titulutik bertatik atzeman daiteke ahaleginaren literariotasuna, iraganaren neurri berean paratzen baita oraina. Bai, memoria liburu oro bezala, norbanako baten iraganari buruzko liburua da Winter Journal, baina orain zehatz batetik -zahartzaroaren hasieratik- idatzitakoa; inondik ere ez, esan gabe doa, gertaera zahar batzuen kontaketa neutro-objektiboa. Zintzotasuna aipatu duzu lehen eta orain ohartzen zara zintzotasun horrek ez duela zer ikusirik gertakarien balizko egiazkotasunarekin. Ez dakizu Austerrek beti gertakarien egiazkotasunetik idatzi duen, susmoa duzu ezetz, noski, eta batez ere susmoa duzu muntazko gauza dezente ezkutatu dituela kontatzeke (adibidez, zergatik dute haren arreba eta lehen semeak presentzia hain eskasa?), gauza normala dena bestalde. Baina zintzotasunaz diharduzunean ez zara zintzotasun horretaz ari. Baizik eta idazlea, bridarik gabe kasik, dena ematen ikusten duzula; ikusten duzula haren burua gupidagabeki astintzen. Akats, lotsa, hankasartze eta ahuldade guztiekin. Ikusten duzu idazlea humano, humanoegi. Honatx liburuaren hasiera.

You think it will never happen to you, that it cannot happen to you, that you are the person in the world to whom none of these things will ever happen, and then, one by one, they all begin to happen to you, in the same way they happen to everyone else.

Kronologikoki ezarian aurrera egiten duen testua da, baina beti ere hari ezin finagoaz, saltoka, tartean garai ezberdinetako gertakariak lotuz. Nabarmentzekoa ere liburuaren zati handi bat, non bizi izan den etxebizitza ugariak abiapuntu hartuta harilkatzen duen narrazioa. Laburbilduz, ordea, batez ere bi dira liburu osoa zeharkatzen duten gaiak: maitasuna eta heriotza. Maitasuna nagusiki haren ama eta bigarren emaztearekikoa. Heriotza -eta harekiko beldurra- berriz, ez da azkeneko orrialdeetan soilik ageri den kontua, hasieratik bertatik present dagoen eta hausnarketa oro bustitzen duen mamu moduko bat baizik.

Uste duzu ez zaudela oso oker Austerrek azken urteetan halako beheraldi kreatiboa izan duela iruditzen zaizunean. Formula errepikatuegietan estekatua ikusi duzu, fikzioaren arrobamenduetan gehiegi tematuta, baina liburu honekin berretsi duzu aspaldi pentsatu eta gero zalantzan ipini zenuena. Paul Auster bizirik diren idazle handienetakoa dela, Harold Bloomen idazle estatubatuarren laukoan -Thomas Pynchon, Cormac McCarthy, Philip Roth, Don Delillo- lekurik ez izanagatik. Ikusi duzu idazle bat idazkera aski soil, bai, baina sakontasun literario demasduna, orrialdez orrialde tentsiorik galtzen ez duena, hausnarketa hutsaletan galtzen ez dena. Ikusi duzu Paul Auster bertsio onenean, eta haren lan zaharrak berrirakurtzeko -eta falta dizkiozunak irakurtzeko- gogo bizia sentitu duzu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s