Marc Ribot & Roy Nathanson Duo

Data: 2012/09/19
Lekua: The Stone, New York City.

Musikari ezaguna da gurean Marc Ribot, Euskal Herrian makina bat aldiz jotakoa da gitarrajotzaile newarkdarra, besteak beste Donostiako Jazzaldian. Luze gabe berriz aritzekoa da gurean, oraingoan Bilbon urriaren 10ean, Bizkaia Aretoan. Gainera, harekin ez bada ere, Ruper Ordorikak haren inguruko musikariekin (Kenny Wollesen) harreman jarraia izan du azken urteotan. Haatik, sarritan hura zuzenean ikusteko aukera izanagatik, ez nuen sekula ikusia oholtzaren gainean eta azkenean non eta haren etxean entzuteko parada izanda, saioa ez galtzea deliberatu nuen.

Ribot The Stonera iritsi zenerako lepo zen lekua. Aulki guztiak harturik, jendea lurrean eserita, pasiloan zutik. Jende artetik gitarra eskuan nola edo ahala murgildu eta harentzat paraturako aulkian eseri zen mikrofonoa ondo jarri, instrumentua afinatu eta gaueko bere kidearekin, Roy Nathanson saxofoi-jotzailearekin, hitz batzuk trukatzera. Halakoxea da The Stone, toki bat non publikoa musikaria baino lehenago iristea aski arrunta den.

Ribot eta Nathansonek eskainitako proposamena jazzeko standarden free bertsioetan oinarritzen zen; apur bat pedanteki esatearren, jazzeko klasikoen dekonstrukzioa-edo izan zen bi musikariek gauzatutakoa. Ia beti disnonantziaren bideetatik zazpi bat pieza jo zituzten. Pieza bakoitzak kantua oinarri hartuta osatutako Nathansonen testu bana barnebiltzen zuen gainera. Testu zuzen eta biziak, aski gingsbergianoak iruditu zitzaizkidanak -baina akaso New Yorken poesia orok du Ginsbergenaren tankera-. Ez zen erraza kantuak bereiztea, salbuespenen bat landa tarteka ozta-ozta antzeman zitekeen melodia zati bat jotzen baitzuten gehienez ere. Hala, “My Funny Valentine” eta “All The Things You Are” izan ziren identifikatu ahal izan nituen standard bakarrak. Bi musikarien artean Ribot zen ezagutzen nuena baina kasik Nathanson hobeto aritu zela esango nuke. Saxo altu, tenore eta baritonoa tartekatuz -eta are une batean altua eta tenorea batera joz- doinu nahas-mahasa sendotasun handiz eramatea lortu zuen, emanaldiaren amaieran batez ere fraseatze gogoangarriren bat eskaintzeraino.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s