Wild Nothing ( + Blonds + DIIV)

Data: 2012/09/25
Lekua: Rock and Roll Hotel, Washington DC.

Ia urtero ateratzen da azken boladan banda berri bat shoegaze eta dreampop-aren eremuetan (neo-shoegaze ere irakurri dut hor nonbait, tira) burua ateratzen duena nazioarteko musika eszenan. Edo beste modu batera esanda, urtero goratzen du Pitchfork-ek tankera horretako talde bat, ejem. Ezberdintasunak ezberdintasun, 2009an The Pains of Being Pure at Heart izan zen, 2010ean Wild Nothing, 2011an Yuck eta aurten DIIV-en (aurretik Dive) txanda izan da ostera.

Wild Nothing eta DIIV elkarrekin ari dira biran duela hilabete batzutatik hona eta oraindik urte amaiera arte kontzertuak ematekoak dira, baita Europan ere (ez nabil hitz erdika, ejem ejem), nahiz eta kasu honetan bakoitza bere aldetik (DIIV The Vaccines-ekin). Washingtoneko kontzertuan Blonds taldea ere aritu zen lehenik, halako pop, rock eta beste hainbat estiloen arteko nahasketa, agian nahas-mas, moduko bat, non instrumentu bakoitza geroz eta indartsuago jotzen ahalegintzen zen gainontzekoei gailentzearren. Momenturen batean Evanescence taldea gogorarazi zidatela esatearekin ez dut uste askoz gehiago gehitu behar dudanik zer iruditu zitzaizkidan azaltzeko.

DIIV

Kontzerturako sarrerak agortuak, DIIV taularatu zirenetako lepo zegoen tokia. Bi pisuko garito polita Washingtoneko periferian, goian lasai antzean egoteko taberna duena eta behealdean berriz kontzertuetarako aretotxoa. DIIVen estreinako disko ederra, Oshin, bere distortsio, reberb eta enparauak gora-behera, aski sotila da, bi gitarren arteko dialogo eta kapa pilaketetan oinarritzen dena nagusiki. Brooklynen sortuak, Beach Fossils-eko gitarrajole Zachary Cole Smith da bandaren buru. Zuzenean diskoan baino basatiago aritu ziren. Tarteka bertsio aski lasterragotuekin (“Past Lives” kasu) baina apustua zenbaitetan ez zitzaien hain ondo atera, zehaztasuna galduta kantuek berez dituzten ñabardura horietako gehiegi galtzen zirelako. Soinuak ere ez zien sobera lagundu. Edonola ere indartsu aritu ziren eta etorkizun oparoa dutela esango nuke.

Wild Nothing

Izan ere, Wild Nothingen bertan izan dezakete ispilu egokia. Orain bi urte ikusi nituen lehendabizikoz Jack Tatum eta haren kideak Primavera Club jaialdian lehen diska, Gemini, aurkezten. Bi aldiz ikusi ere. Lehenengoan, Apolo B aretoan, aski eskas ibili ziren, eta bigarrenean dezente hobetu bazuten ere ez ziren iritsi disko hark utzia zidan zaporearen gozora. Bi urte ondoren, berriz, nabarmenki sendoago, nabarmenki seguruago ikusi ditut. Geroztik beste disko bat ere atera dute, aurtengo Nocturne, aurrekoa bezain inspiratua ene ustean. Zuzenean taldekide berri bat gehitu zaie, teklatu eta ahosetan, eta horrek ere beste taxu trinkoago bat ematen dio taldeari. Bi diskoetako abestiak tartekatu zituzten eta baita Golden Haze EPko bat edo beste ere. Bisean “Summer Holiday”-ekin bukatu zutelarik, momentuko taldeetako bat Wild Nothing delako sentipenarekin kaleratu nintzen. Egia da ziur aski David Saavedra-ri irakurri nion hori, “higienikoegiak” direla alegia, baina Tatumi talenturik falta ez zaiola bezain berdaderoa. Gainera, urtetik urtera, zuzenean behinik behin, gora ari dira egiten, gora geroz eta irmoago.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s