Mark Kozelek

Data: 2012/09/27
Lekua: Howard Theatre, Washington DC.

Mark Kozelek izango da, bere modalitate ezberdinetan (Red House Painters, Sun Kil Moon eta Mark Kozelek) ezarian amaitzen hasia den 2012 honetan gehien entzun dudan musikarietako bat. AEBtara etorrita eta hura zuzenean ikusteko parada edukita ezin aukera galdu beraz.

Howard Theatre berriki eraberrituen eskaini zuen Washingtoneko kontzertua (New Yorkekorako sarrerak agortuak). Antzoki historikoa -1910an irekia-, batez ere kultura eta musika beltzarekin lotuta egon den antzokia dugu. Funtzionamendua oraindik jazz kluben ildokoa da; alegia, besaulki-lerroen ordez aulkiz inguratutako mahaiak topatzen dira eszenatokiaren aurrean, non jendeak afaldu ere egin dezakeen kontzertua bitartean. Lekuaren edertasuna dudarik gabekoa izanagatik, ez zitzaidan iruditu Kozelek ikusteko leku egokiena.

Mark Kozelek

Musikariari ere ez zitzaion erabat gustura ikusi, hasieran batez ere. Argiaren indarra jaisteko eskatu zuen behin baino gehiagotan, hotz gehiegi egiten zuela… Bere jarrera, gainontzean, hemen extremely ironic gisa definitzen duten modukoa izan zen. Lehenengo lerroetako publikoarekin solasean maiz (batez ere emakumeekin), adar-jotzean ere bai (batez ere gizonei), kantutik kantura hitz eta pitz ibiltzeko aprobetxatzen zuen (gehiegi, nire gusturako) afinatuta mantentzea lortzen ez zuen gitarra espainiarra doitzen zuen bitartean. Maisutasun nabarmenez jo ere, dena esan behar bada, ezagun baita gitarra elektrikoaren aldean, espainiarrak askoz ere ageriago uzten dituela norberaren lotsariak. Joanak dira Red House Paintersen garaiko, eta are Sun Kil Moonen hasierako, doinu elektrikoak. Egun, Kozelek geroz eta formatu akustikoagoetan mugitzen da, tarteka aire flamenkoren bat ere antzematen zaiola.

Zerbait baldin badu Kozelekek abesti piloa da. Urte luzetan kantu bikain mordoa pilatu du bere errepertorioan, eta hala, emanalditik emanaldira kantu-zerrenda aldatzeko inolako arazorik ez du maila jaitsi gabe. Niri egokitutakoan, ordea, ez zituen nire kutunenak jo eta horrek ere eragin zuen kontzertuak ez erabat asebete izanan. Urte honetan bertan argitaratutako Sun Kil Moonen azkeneko disko aipagarritik –Among the Leaves– hainbat abesti jo zituen -“Elaine”, “That Bird Has a Broken Wing”, “Among the Leaves” eta beste- aurreko diskoetakoekin tartekatzen zituenak (horietako batzuk publikoak (emakumeek) eskatuak). Halaxe joan zen emanaldia, hiri izenez betetako bere abesti malenkoniatsuekin, eta amaiera aldera Chris Connolly piano jotzaile finak lagundu zion zenbait kanturako. “The Moderately Talented Yet Attractive Young Woman vs. The Exceptionally Talented Yet Not So Attractive Aged Woman” izen ezin luzeagoko abestiarekin amaitu zuten bisen aurretik. Hiru abesti gehiagorekin -berriz ere bakarka- osatu zuen bi ordu pasatxoko emanaldia, azkenerako utziz “Carry Me Ohio” zoragarria eta publikotik (emakume batek) eskatu “Duk Koo Kim”.

P.D: Botxotarrak, ez zuen, ez, “Tonight in Bilbao” jo.

2 comments

  1. Iban Zaldua

    Asebete ez zintuen arren, inbidiaz utzi nauzu, bisengatik batez ere. Nik ere, azken garai honetan, asko entzuten dut Sun Kil Moon, eta azkeneko diskoa bereziki ona iruditzen zait, aurrekoa baino gehiago, zeinetan, “flamenko” baino, “klasikoegi” jartzen zen gizona (“Among The Leaves”-en, gainera, instrumentazioa pixka bat ugariagoa da). Nire irakasgai pendiente horietako bat da Kozelek, zuzenekoei dagokienean: ea aukera dagoen laster inguruotan ikusteko.

    Eskerrik asko kronikagatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s