Manhattan, Woody Allen

Iraupena: 96 minutu.
Urtea: 1979.
Antzezleak: Woody Allen, Diane Keaton, Michael Murphy, Mariel Hemingway, Meryl Streep, Anne Byrne.

Ez dakit oraindik oso ondo zergatik, baina Woody Allenen Manhattan filma ikusteke nuen must horietako bat nuen. Gogoratzen naiz nire unibertsitateko lehenengo edo bigarren urtean Allenen filmografiako luze ugari irentsi nituela, baina antza, Manhattan geratu zitzaidan zintzilik okasio hartan. Orain, Manhattanen nabilelarik, ezin nuen aukera galdu jada apur bat urrun geratzen zaigun 1979ko film hura ikusteko.

Jaso dudan lehenengo inpresioa filma aurretik ikusia nuelakoa izan da. Ongi dakit, ordea, ez dela hala. Haatik, filmaren plano eta sekuentzia bat baino gehiago telebistan zatikatua ikusi izanaz aparte (nork ez du ikusi Queensboro zubiaren plano famatua?), filma Woody Allenen film tipikotzat har daiteke: bikote harreman gatazkatsuak, adulterioa, dibortzioak, sexualitatea, pertsonaia neurotikoak (Isaac Davis protagonista), giro intelektual-kultureten parodia, George Gershwin-en musika, judutartasuna, psikoanalisia… Zehazkiago, akaso urte gutxiko distantzian filmatu zirelako eta hura bezala hau ere Marshall Brickman-ekin idatzi zuelako, Annie Hall gogorarazi dit bereziki.

Filma batez ere gido woodyallendar bikain horietako batek -eta filmatzeko modu apartak- sostengatzen duela iruditu zait, dialogo umoretsu eta zorrotz horiekin, zeinak akaso, iradoki bezala, errepikatzearen errepikatzeaz honezpero apur bat topiko ere egiten zaizkidan. Baina noski, nire errua baino ez da (eta pixka bat nire gurasoena ere bai) filma 33 urte berandu ikusi izana.

Alabaina, pelikula amaituta gehien pentsarazi didan gauza filmaren izenburua izan da: Manhattan. Zergatik izenburu hori? Bai, egia da istorioa Manhattanen jazotzen dela, egia da hiriaren plano gogoangarriak dituela (lehen aipatutakoaz aparte filmaren hasiera eta amaiera bereziki), egia da protagonista Manhattani buruzko liburu bat idazten ari dela, baina halere, ez zait guztiz nahikoa iruditzen funtsean amodio eta desmodiozko film bat denari halako izenburua jartzeko. Nire hipotesia da filmak maitasun istorio soil bat bainoago Manhattango maitasun istorio bat kontatzen duela. Agerikeria bat irudi lezake baina agian ez da hainbesterako. Esango nuke filmak Manhattanek berak eta bertako bizitzak giza erlazioetan duen eragina islatu nahi duela, hiriko gora-beherek (akto sozialak, enkontru ezustekoak, etxebizitza eta lanbide aldaketak…) nola baldintzatzen duten bizitza afektiboa. Badago momentu bat Emily-k Yale senarrari (Isaacen laguna) ume bat edukitzeko proposamena luzatzen diola eta hau nola edo hala proposamenari itzuri egiten saiatzen dela. Emilyk esaten dio Connecticutera joan daitezkeela bizitzeko leku baten bila baina Yalek erantzuten dio ezinezkoa litzaiokela New Yorketik kanpo bizitzea. Badirudi, beraz, Manhattanen bizitzeak halako oztopo (ia) gaindiezinak ipintzen dituela familia bizitza egonkor bat edukitzeko. Filman azaltzen diren pertsonaia guztiak daude dibortziatuak edo dira dibortziatzeko bidean (salbu eta hamazazpi urteko Tracy).

Esan gabe doa, adulterioa topiko kulturala da mendebaldean. Ezagun da XIX. mendeko nobelagintza ezkontza-desleialtasunez josita dagoela goitik behera. XX. mendeko narraziogintza estatubatuarra ere lepo dago; John Cheever-en dugu, Scott Fitzgerald-en dugu, Raymond Carver-en dugu, Richard Ford-en dugu… Baina, horretaz haraindi, New Yorken daramadan tarte honetan konprobatu ahal izan dut oso errotua dagoela bertakoengan ideia hori, alegia, hiriak maitasun-erlazio ongi lotuak edukitzeko behaztopa ugari ipintzen dituela. New Yorkera iristean porrot egin zuten harreman ordura arte sendoak, bikote egonkor barik maitale bat baino gehiago dituzten gizon eta emakumeak, desleialtasun errepikariak… Ez dakit zenbat izango duen berdaderotik ideia horrek (hori soziologoek-edo ebatzi beharreko kontua litzateke), baina esango nuke Allenek neurri handi batean topiko horixe nahi izan zuela zinema-istorio bihurtu Manhattanen.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s