Zorigaiztoko lekuetan: Weequahic(era) itzultzea

Joaquin Sabina poetak zioen ez dela komeni zoriontsu izan den lekuetara itzultzea. Psikoanalisiaren jarraitzaile kartsuenek, ordea, esango dizute ez dela sendabide hoberik zorigaiztokoa izan zaren lekuetara itzultzea baino. Neroni, jakitun askoz ere pedigri handiagoa duela Freud-i (zer esanik ez Lacan-i) jaramon egitea Joaquín Sabinari baino, bigarrenaren bidetik egitea deliberatu dut pasa den asteburuan.

Iazko urte hasieran Philip Roth-en Nemesis nobela itzultzen ibili nintzen. Tamaina horretako itzulpen bati ekiten nioen lehenengo aldia zen eta, gainera, agudo egitea komeni zen euskarazko itzulpena gainontzeko itzulpenekin batera-edo argitaratuko bazen. Emaitza, hiruzpalau hilabete ero, egunero bete-betean itzulpenari emana. Azkenik bukatu nuen bukatu baina hondarreko zuzenketa baten premia larriarekin argitaratu zen (nire erruz) liburua, jasangarriak diren errata kopurua baino gehiagorekin. Baiki, halako lana hartu ondoren aski errazki soluzionagarria den kontu batengatik zure lana zapuztuta ikustea benetan etsigarria da. Halaxe bihurtu zitzaidan zorigaiztoko leku, bada, istorioa jazotzen den Newark-eko Weequahic auzunea. Irakaspena: itzultzerakoan azkenburuko zuzenketa egin arte ez da amorerik eman behar, eta are hori burutzean beste zuzenketa bat egitea ez da inoiz soberan.

Chancellor institutua

Ordea, ene traumak garbitze aldera-edo, Weequahicerakoa egin dut, oraingoan fikziozkora barik porland-asfoltozko Weequahicera egin ere. New Yorketik PATH trena hartuta, beste narratzaile estatubatuar erraldoi bat lagun -Cormac McCarthyren All the Pretty Horses-, 25 minutu eskasetan naiz Newarkeko Penn geltokian. Hiriko ene erreferentzia ia bakarrak Roth eta Paul Auster ziren baina beste Newark aski ezberdin batekin egin dut topo. Hiri degradatua; pobrezia ageri-agerian, espaloi erauziak, orube abandonatuak. Esperotako komunitate judutarraren arrastorik ez, haren ordez beltzez jositako hiria. Pare bat ordu iraun dituen osteratxoan ez nituen ikusiko beltzak ez ziren hamar lagun baino gehiago.

Barclay Street

Barclay kalean arimarik ez

 

 

 

 

 

 

 

Weequahicera bidean lehenengo geldiunea Barclay kalean. Han bizi zen (ala bizi da?) Bucky Cantor protagonista amonarekin. Kale babesgabe bat, erabat hutsa larunbat goizez.  Apur bat aurrerago egin eta han da Avon etorbidea, Buckyren aitonak janari denda zuen etorbidea, non gaztetan lanean laguntzen zion eskolatik bueltan.

Avon etorbidea

Handik Elizabeth etorbide luzea hartu eta ordu erdian-edo Weequahic parkea. Bertan abiatzen da nobelan funtzio diegetiko funtsezkoa duen Chancellor etorbidea.

Chancellor etorbidea

Chancellor etorbidea Weequahic parkearen aldean

 

 

 

 

 

 

 

Etorbideko alde hori bizitegi-gune lasaia da oraindik ere, portxedun etxe xarmantak eta lorategia ureztatzen ari diren erretiratuak. Hegi txiki bat igo eta beste aldean dago kokatua Chancellor Institutuko jolastokia, udan Buckyri zaintzea zegokiona eta kontaketaren lehenengo zatian batez ere garrantzia handikoa dena.

Hau ote jolastokia?

Inguruetan saltoki ugari eta apur bat aurrerago amerikar futboleko zelaia, nobelaren amaiera -Bucky xabalina jaurtitzen- jazotzen den lekua.

Amerikar futboleko zelaia

Nobelako istorio nagusia II. Mundu Gerra garaian dago kokatua. Garai hartan, Weequahic auzo judutar aberatsa zen, halaxe azaltzen da behinik-behin Nemesisen. Kontakizunaren hasieran, adibidez, italiar batzuk iristen dira jolastokira hiriko beste auzune pobreago batetik eta izua zabaltzen dute auzoan polioa hedatuko ote duten. Gaur egun, baina, Chancellor kaleak nobelan deskribatutako itxura berdin-berdina izanagatik, bertako jende zein bizimodua erabat da ezberdina. Espaloiak beltzez lepo, haietako zenbait zaborretan xerka, beste hainbat eskean, beste zenbait tratuan berriketan bainoago, ez dirudi inor asaldatuko litzatekeenik italiar malapartatu batzuk hara ailegatuko balira bazterrak nahastera. Auzoa eta oro har hiria 1967ko istiluekin eraldatu omen zen, nobelaren amaieran zeharka aipatzen den jazoera, eta ezarian komunitate judua komunitate beltzarengandik aldatu zen. Bucky Cantor ez zen atzera polio epidemiaren ondoren Weequahicera itzuli.

Ostera luzea ondoren nekaturik, taxi bat hartu dut Penn estaziora itzultzeko. Horrela egin dut bueltako bidea, hiru argi piztuak -esku balaztarena, bateriarena eta airbagarena- dituen autoan. Onik iritsi naiz Penn estaziora eta trenean eseri naizelarik pentsatu dut badirela egon nireak baino zorigaiztoagoko lekuak, hagitzez krudel, hagitzez dorpeagoak. Horietako bat da Weequahic auzunea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s