Smashed, James Ponsoldt

Iraupena: 85 minutu.
Urtea: 2012.
Antzezleak: Mary Elizabeth Winstead, Aaron Paul, Octavia Spencer, Nick Offerman, Megan Mullally.

Angelika zinema-aretoa New Yorken zinema independentea (-edo) ikusteko leku sonatuenetakoa ei da. Houston kalean dago kokaturik, West Village-ko mutur batean eta momentu honetan honako filmak ari dira botatzen: Diana Vreeland: The Eye Has To Travel, The Master, Arbitrage, Smashed, The House I Live In eta The War Of The Buttons.

Ni Smashed ikustera joan nintzen, Sundance jaialdian sari bat -U.S. Dramatic Special Jury Prize for Excellence in Independent Film Producing- jasotako luzea. Aretoak barrutik ez du aparteko ezer; egiatan, niri egokitutako sala behintzat nahiko erdipurdikoa zen. Sakon, estu eta pantaila nahiko txikiduna, ez dut esango Oscar La Bretxako erlauntzen lakoa denik, baina urrutiegi ere ez da geratzen. Gainera, noizbehinka metroaren burrunba entzuten da, zeina, tarteka filmaren soinu-bandaren parte bihurtzen da halako ukitu dramatikoa gehituz istorioari.

Ponsoldten bigarren luzemetraila dugu Smashed. Edanari emanda dagoen bikote -Kate eta Charlie- baten istorioa kontatzen digu. Kate haur eskola bateko irakasle da eta Charliek etxean egonean ibili eta zurrutari emateaz aparte ezer gutxi gehiago egiten du. Bere bizitza zelako zurrunbiloan sartuta dagoen ohartuta, neskak edateari utzi behar diola erabakitzen du haren lankide batek akuilatuta. Halaxe hasten da talde-terapia batean parte hartzen. Hortik aurrera, bikotearen gora-behera eta gatazkak azaltzen zaizkigu, Katen ikuspegitik kontatuak nagusiki.

Film nahiko soila da, bikotearen garapen emozionalean ainguratua dagoena batez ere. Ia osoki esku-kameraz grabatua, istorioaren ukitu dramatikoa gora-behera, badauka beste hainbat film indie estatubatuarrek izaten duten ukitu umoretsu-xarmanta, istorioaren zama arindu eta ikusleari halako erosotasun bat emate aldera. Niri egiazki, nahiko gogaitu ohi nau tonu komiko-dramatiko horrek eta kasu honetan ere hala izan da, irribarrea aterarazi didaten pare bat ateraldi landa. Esan dezadan, bidenabar, Euskal Herri eta inguruetako zinemetako (Bartzelona top of the top) barrea seko inpostatu-fazatia baldin bada newyorkekoa barre autista dela. Momenturik susmagaitzenean hasiko da aretoan ahots bakarti bat algara ozenean.

Istorioa zabuka hasten da ene irudiko, gehiegi luzatzen den sarrerarekin eta istorioari ongi ezin heldurik. Gero ordea tonu ona hartu eta taxuz egiten du aurrera, sekuentzia azpimarragarriren bat barne (bikotearen eztabaida bat Kate mozkorturik etxeratzen delarik). Bukaerak, aldiz, aski hotz utzi ninduen; ezustean amaitzen da kontaketa, baina ikuslea harritu nahian bainoago zuzendariak istorioa borobiltzen jakin ez duelako. Seguru asko filmaren alderdi goraipagarriena Mary Elizabeth Winsteaden lan bikaina da -Aaron Paulek ere ondo egiten du lan-, hura da batez ere pelikulari maila balekoa izaten eusten diona.

Puntuazioa: 5.7

One comment

  1. Nere postekin loturak: The Walkmen + Dum Dum Girls + Daughter « Separata

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s