The Walkmen ( + Dum Dum Girls + Daughter)

Data: 2012/10/18
Lekua: Terminal 5, New York City.

Gogoan dut nola izan nuen estreinakoz The Walkmen taldearen berri. Duela ia hamar urte izan zen. Ttanttakun Irratian musika programa bat egiten nuen astero eta hartarako abestiak bilatzen ari nintzela egin nuen Bows + Arrows diskoarekin topo. Bizpahiru abesti jarriko nituen garai hartako hainbat programetan, singlea izan zen “The Rat” famatua barne. Geroztik taldearen disko berri bakoitza entzun izan dut baina aitortu behar dut ez dela izan sekula erabat lapatu nauen taldea. Hala ere, haien azkeneko albun goraipatuak –Heaven– bultzatuta taldea zuzenean ikusteko gogoz nengoen.

Dum Dum Girls

The Walkmen agertu aurretik, baina, beste bi talde egon ziren oholtza gainean. Daughter londondarrak lehenik, ezagutzen ez nuen taldea, eta emanaldi ona egin zuten. Apur bat buenistak, baina gustu onez josiriko abesti finak dituzte. Gero etorri ziren Dum Dum Girls. Arretaz entzun gabe dudan taldea da baina behintzat haien “There Is A Light That Never Goes Out” abestiaren bertsioa nahiko txukuna iruditzen zitzaidan. Zoritxarrez, eskas samar ikusi nituen zuzenean ordea. Plano, aspergarri, lineal… rock musika zentzurik rosadiezenean. Pare bat abesti baino ez ziren nabarmendu mediokritate orokorraren erdian.

The Walkmen

The Walkmen taularatzerako lepo zegoen Terminal 5a. Nigandik metro eskasetara pare bat egun lehenago zinemako pantailan ikusi nuen Aaron Paul. This is New York. Aski dotore jantzita (batez ere Hamilton Leithauser kantaria) agertu zen boskotea. Musikariek araztasun eta doitasun handienaz interpretatu zituzten abestiak, profesionaltasun azpimarragarriz, eta indarra Leithauserren menpe uzten zuten. Eta ongi utzi ere. Izan ere, txalogarria da abeslariaren lana. Sekulako esfortzua egiten du modu horretan kantatzeko eta benetako indarra ematen die abestiei ahotsa lehen planoan dagoela etengabe. Gauza aski ezohikoa rock talde batengan bidenabar. Zentzu horretan, kasik gehiago gogorazten du kantari klasiko bat (bere egokiera, mugitzeko modua etab.) frontman rockero bat baino. Ederki asko tartekatu zituzten abestiak gainera, hala abeslariari atseden emateko nola publikoaren atentzioa mantendu eta sosegatzeko. Abesti batzuetarako haize laukote batek -bi tronpeta, tronboia, korneta- ere lagundu zien. Laburbilduz, kontzertu borobila iruditu zitzaidan. Ezagun da egungo banda erreferentzial bat dela, eta ongi merezita dute. “The Rat” eta “We Have Been Had”-ekin amaitu zuten. Inpresioa dut oraingo errepertorio zabalarekin “The Rat” ez dela inolaz ere haien ekarpenik nabarmentzekoena baina akaso ez da hori bisetan islatu beharrekoa zeren baiki, jendeak ito beharrean abestu zuen kantua. Azkeneko konpasetan Leithauserrek agertokia utzi eta publikorantz egin zuen, baina rockero baten moduan haren gainera jauzi egin ordez lurrera jaitsi eta oinez egin zuen aretoaren hondoraino jendeari bostekoa ematen zion bitartean. Frank Sinatra balitz bezala (tira, Sinatra balitz, ordurako kamerinoan egongo litzateke ziur aski).

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s