Kritikariaren duda-mudak (iraganaren rebisio bat)

Inork galdetuko balit zein egin zaidan inoiz idatzitako liburu-kritika zailena atoan erantzungo nuke zalantza sobera egin gabe: Mikel Antzaren Ospitalekoak. Normalean iruzkina entrega-ordua baino lehen bidaltzen nuenetakoa nintzen baina ondo gogoan dut ostiral hartan (ostiraletan bidali behar izaten baigenuen Berria-ra asteko iruzkina) azken minutua arte ibili nintzela testuan esaldi hau aldatzen, beste hau leuntzen, hango hura kentzen.

Kurioski, ordea, beste zenbaitekin gertatu ez bezala, ia inork ez zidan gerora iruzkin hori aipatu. Adiskide batek iruzkina ateratako aste hartan bertan zorionak eman zizkidan idatzitakoagatik. Nik eskerrik asko baina ez nengoela batere seguru, asko kostatu zitzaidala idaztea eta hainbat alderditan aski trakets ibili nintzen susmoa nuela. Hark baietz, ongi antzematen zirela ene duda-mudak testuan bertan, eta ulertzen zituela. Bigarrena (eta azkena) denbora luze igaro ondoren etorri zen. Antzaren beraren kolega zahar batek aipatu zidan. “Erabat desados nagok hik idatzitako bi kritikekin”. Lehenengoari zegokionez, kontua ez zen hainbeste nik iruzkindutako liburuaren balorazio orokor negatiboarekin bat ez zetorrela, baizik eta aski motz geratu nintzela balorazio horretan, eta batez ere, sikiera zeharka ere ez nuela aipatu liburuaren gaitz nagusiena: goitik-behera zela atzerakoia eta euskaldunok tribu exotiko moduko bat baiginen irudikatzen gintuela. Bestea Ospitalekoaki zegokion. Hor ere nahiko bat egiten zuen nire balorazio orokor kasu horretan positiboarekin, baina ez zetorren bat nik adierazi eragozpen batekin.

Izan ere, nobelari egiten nion kritika zen momenturen batean narratzailearen ahotsak kirrinka egiten zidala, zehazkiago, hark erabiltzen zuen mintzaira borrokariak.

Hainbat oposizio sobera zurrunek (etsaia/eusko gudaria) eta historiaren interpretazio niretzat behartuegiak (Xabierren belaunaldikoen porrotaren osteko erreboltariok itzultzen garenean sendatuko dun zauria, hartuko diten atseden hildakoek, lurperatuko ditinagu gorrotoa eta mendeku gogoa) liburuari literarioki kalte egiten diotelakoan nago, akaso gertutasun handiegiaz eta odol mikatzegiaz idatziak daudelako.

Nire mintzakideak ordea esan zidan: “Baina aizak, hori nobelako pertsonaia bat duk, etakidea dena, eta hala hitz egitea erabat logikoa duk. Are, logikoa ez ezik beharrezkoa nobelaren sinisgarritasunaren mesedetan”. Ez dut gogoan zer erantzun nion baina nola edo hala itzuri egiten saiatuko nintzen, arestiko susmo bat berretsi baizik ez baitzidan egiten orduan, alegia, ez nintzela batere fin ibili nobela hari egin kritikan, eta bate ere, pare bat eragozpen zehatzetan. Egia esan, orain nire kritikaren zati hori berrirakurtzen dudalarik, baiki, ez dut zalantzarik aski baldar ibili nintzela.

Arazoa, bestalde, fakultatean ikasitako gai klasikoa zen; idazle eta narratzailearen arteko distantzia. Roland Barthes Autorearen heriotza eta Michel Foucaulten Zer da autorea? eta abar. Esan gabe doa askoz gehiago ikasi nuela gaiaz solas hura eduki eta ondorengo hausnarketetan karrerako Crítica literària I, Generes literaris II (prosa) eta enparauetan baino. Estrukturalista ortodoxoenek diote, beraz, autoreak fikziozko lan bat idazten duen une beretik haren eta narratzailearen artean amildegi igaroezin bat irekitzen dela. Honenbestez, Ospitalekoaki egin kritika hartan esan nuena motibo bakarrarengatik esan nuela: Mikel Antza ETAko buruzagi izan (ei) zelako urte luzetan, eta hala, ondorioztatzen nuelako haren balizko erretorika haren pertsonaiari atxikitzen ziola. Neroni ETAren jardunarekin desados nengoenez eta erretorika borrokalariak kirrinka egiten zidanez zati horretan Antzari testuak irrist egiten ziola iruditzen zitzaidan. Baina hori, lagun -esaten zidan nire barne ahotsak-, hire problema duk, hire mobida politikoak ari haiz nahasten literaturarekin. Eta ez hori bakarrik, gero halako espekulazio sasipsikologikoetan hasten haiz odol mikaztuak gora-behera. Benetan pattal.

Kritika psikoanalitikoak, berriz, beste bide batetik egiten zuen. Izan ere, azkenean, Beñat, ezin huen besterik gabe Mikel Antzaren nobela bat gustatu zitzaizula esan, are gutxiago lore jokoetan ibili gabe nobela hartan borroka armatuaren esperientziari heltzen bazion bete-betean autoreak. Kosta ala kosta agertu behar huen hire profil demokrata, hi hiritar eredugarri haizela, kosta ala kosta markatu behar huen distantzia autore “terroristarekiko”, kosta ahala kosta erakutsi behar huen, tira, nobela ondo zegoela baina hi ez hengoela ETArekin ados eta patatin eta patatan. Inork kontuaren gainean deus galdetu ez bazian ere; harira ez bazetorren ere.

Halaxe geratu zitzaidan, beraz, kasik hastapenetatik, iruzkin hura ene gorputzean nonbait iltzatua. Arantza kentze aldera, aukera bat litzateke Ospitalekoaki beste irakurraldi bat ematea. Baina Antza Atzerri izeneko bigarren nobela publikatzekotan denez, zer hobeki hari heldu eta kritika zuzen bat, kritika konplexugabe bat idazten saiatzea baino. Oraingoan ere ez baitabil lore jokoetan. Datorren astean izango duzue hemen bertan ondobidean.

P.D: Eta hala ere, ez dut bat egiten autorea antzarak ferratzera bidaltzen duen doktrina estrukturalista ortodoxoarekin, eta sinesten dut sinetsi autorea sarritan kontuan hartu beharrekoa, eta are aski garrantzitsua, dela liburu bat interpretatzearekoan. Baina, tira, hori beste baterako utziko dugu.

One comment

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s