Cat Power ( + Willis Earl Beal)

Data: 2012/10/23
Lekua: Hammerstein Ballroom, New York City.

Ziur aski gaueko sorpresa handi eta onena, niretzat behinik behin, Willis Earl Beal kantariarena izan zen. Chicagon hezitako kantari hau azken boladako errebelazioetako bat da XL disketxean argitaratutako estreinako diskoaren –Acousmatic Sourcery– bidez. Zuzeneko emanaldia aurrez grabatutako musika eta bere ahots eta dantzetan oinarritzen da, John Mausen erara baina hark baino zuzeneko musika gehiagorekin. Izan ere ez baita nolanahikoa bere ahotsa; gai da kantari beltz handienen indarraz kantatzeko baina baita xuxurlaka epel-epel abesteko ere. Abestiren batean Tom Waits basatiena gogora ekar dezake zuzenean nahiz eta diskoan askoz ere pausatuagoa den. Hala ere, proposamen aski pertsonala da berea, era eta jatorri askotako doinuak bat egiten dituena, eta horrek egiten du hain zuzen ere hain interesgarri. Benetan kontuan hartzeko morroia da Willis Earl Beal. Cat Powerren aspaldiko zalea dela aitortuz eman zion amaiera emanaldiari.

Aldaketak gutxi iraun zuen Earl Bealen tresneria urria lagun. Halako batean argiak itzali eta Bob Dylan “Shelter From the Storm” hasi zen entzuten ozen bozgorailuetatik. Ez zen ausazko keinua. Ezagun baita Chan Marshallek abestiak -propioak zein bertsioak- goitik behera eraldatzeko joera duela, hain zuzen Dylanek egin bezala. Jakina, eraldaketa horietan zenbaitetan zerura igo zaitezke eta beste batzuetan, ordea, hondoratu. Astearte gauen gehiago eduki genuen bigarrenetik lehenengotik baino.

Espero izatekoa zenez, azkeneko diskoko –Sun– abestiak izan ziren nagusi emanaldian eta bertako lehen biekin -“Cherokee” eta “Sun”- hasi zen. Zuzenean beste lau musikarik laguntzen dute Marshall, banda aski gatzgabea, kikilduta bezala jotzen dutenak salbu eta pianojotzaile eta gitarrajotzaileak, lagun egiten dion musikaren zuzendari dena nolabait eta ez zitzaidana gehiegi gustatu. Marshallek bi mikrofonorekin abesten du, zenbaitetan biekin batera, eta are piezaren batean mahaitik sartzen diote beste ahotsen bat ere koroak egiteko. Gainontzean perkusioek hartzen dute garrantzia handia, nolazbait rock industrialaren eremuetara gerturatzen dutenak maiz Cat Powerren musika. Eskertzekoa da musika bide berriak bilatzeko ahalegina baina diskoan emaitza hain kaskarra ez izanagatik zuzenean kontua bestelakoa da. Soilik lagun egiten dioten inguruko doinu zenbaitetan gogaikarriak aparte geratzean iristen da goi mailara benetan Marshall, ongi kantatzeari biltzen zaiola. Bestela nahiko rock-star gisako emanaldia da berea. Eszenografia gehiegizkoarekin, erritmo errazegietarako joerarekin eta beste. Abesti zaharren moldaketa maila etsigarrietara iritsi zen What Would the Community Think hartako “King Rides By” bikainarekin, goitik-behera txikitu zuenean. Emanaldiko momentu umoretsua kontzertua amaitzen ari zela ailegatu zen publikotik tipo batek etsi gabe eskatu zionean abesti hori jo zezan, dagoeneko egina zuenean. Total egina, bistan denez. Akaso gaueko moldaketa onena “The Greatest”-ena izan zen, hori ere beste erregistro ezberdin batera eramana baina oraingoan txukunago. “I Don’t Blame You” ere taxuzkoa izan zen The Greatest diskoko doinuetarantz eramana kasu horretan. Disko berriko abesti aipagarrienak – “Manhattan”, Ziggy Stardustena izan zitekeen “Nothin but Time”- eta sorpresaren bat -Pedro Infanteren “Angelitos Negros”en bertsioa espainolez eta ingelesez kantatzen- izan ziren kontzertu beste gauza aipagarrienak. “Ruin”ekin eta “Ramblin’ Woman”en bertsio erdipurdiko batekin amaitu zuen, justu aurretik taularatu zizkioten lore sorta batetik loreak publikora botatzen zituela, bisik eman gabe.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s