Antzeko parezido

Bazen garai bat aski ernegatzen nintzela norbaitek esaten zidanean beste inoren antza nuela. Gure gizarte narzisista eta berekoi honetan bakanak, errepikaezinak, berezietan berezienak izan behar garela sinestarazten zaigu aukera dagoen guztietan, eta hala, laido bihurtzen da kasik besteren baten antzekoa zarela entzutea. Ispiluari begiratu eta “hi haiz hi” esan behar diozu zure buruari bularraldea puzten zaizularik. Aldi berean, besteren orban itxusi, akats, herrenak pilatzen jardutea ez da ideia txarra norberaren estimua hobetuko bada. Gisa horretan ibiltzen gara maiz albokoari zeharka begira zelatan gu baino pixka bat ere goratu ez dadin.

Esan bezala, jipoien jipoiez-edo, iritsi da unea non jada urratu txikiena ere ez didan eragiten norbaiten antza dudala entzuteak. Pentsa, poztu ere egiten naiz jada inork halakorik esaten didanean, nire buruari beste izaera bat, beste identitate bat gehituko balitzaio bezalakoa baita.

Behin esan zidaten “Aimar Olaizolaren antza duzu” eta gero “eta badakizu nesken artean arrakasta handia duela ezta?” Ejem. Kontua da pilotari baino letrei emana dagoen ni bezalako arratoi batentzat halako zerbait entzutea ez dela zertan samurra izan. Hausnarketa sublimeetan neroni eta kirolari batekin konparatu, eta ze kirolari eta pilotari batekin gainera. Gauza bakarra dago idazle bati pilotari batekin konparatu dezaten baino min handiagoa egiten diona: bertsolari batekin konparatua izatea. Hainbestera ez da inor iritsi oraindik baina behin Goenkaleko aktore ote nintzen galdetu zidaten Hernaniko taberna batean. Ondo begiratuta hain arraroa ere ez da; izan ere, laster probableagoa izango da euskaldun bat Goenkalen inoiz agertu izana kontrakoa baino.

Thiago Splitter-en antza dudala behin baino gehiagotan esan izan didate eta baita Gerard Piqué-rena ere. Musikaren mundura igaroz baina Katalunia utzi gabe Guillem Gisbert Manel taldeko kantariaren aire nahikoa omen dut. Kuriosoena da Guillem ezagutzen dudala lagun komun batzuk medio. Aipatu nion behin, antzekotasunaren kontuarengatik ezaxolati jada, baina ez ziola grazia zipitzik ere egin jabetu nintzen azkar. Katalunian jarraituz, Aritz Galarragarekin nengoen batean anaiak ote ginen galdetu ziguten. To eta no; bai, galdera egin zigunak betaurrekoak daramatza. Aspalditik gainera. Haren okulista, ostera, ideiarik ere ez nor den. Izan da antzekotasun intelektualagoren bat aurkitu didanik ere ordea: Vladimir Maiakovski. Ezin esan harrotzeko motiboa ez denik.

Berriki, baina, kontua are urrutiago joan zen. New Yorken nengoen, taberna batean, eta hara non halako batean neska bat gerturatzen zaidan erabakitasunez eta “Ei, Paul, ez al duzu agurtzen jada?” galdetzen didan ingelesez haserre puntu nabariarekin. Metro erdira baino ez nuen eta harrituta begiratu nion. Berak ordea ez zuen bere espresioa amiñi bat aldatu. Hitz egiten hasi nintzaion arte ez zen ohartu, ene ingelesez ez bereziki BBCdarra medio, benetan ni ez nintzela Paul delako hura. Paul eta neska haren arteko ingurukoaren espekulazioa zuen imajinazioaren esku utziko dut.

Nire jasangarritasunak, alta, mugak ere baditu. Izan ere, muga horiek igaro zituen Xabier Mendiguren Elizegi editoreak Gorka Maneiroren antza “pixka bat” (detaile bat, Xabier) dudala bota zuenean twitterren. Undimendua, Patetismoa eta Dolorea. Horixe sentitu nuen hori irakurtzean. Antzekotasun arrazoizko eta irraziozko gehiago utzi ditut bidean. Hori bai, ez galdetu niri zertan diren antzeko Aimar Olaizola, Thiago Splitter, Gerard Piqué, Guillem Gisbert, Aritz Galarraga, Paul gizajoa eta Gorka Maneiro. Nire ulermenetik at geratzen den zerbait da.

Argiarako artikulu deskartatu bat

6 comments

  1. bsarasola

    Artikulua idatzi eta egun gutxira Harlemen nengoen meza gospel horietako batean eta hara non nire ondoan eserita dagoen bikote batek galdetzen didan nongoa naizen. Nik “Basque Country” eta mutilak “Eneko? Eneko zara?” eta nik “Ez, Beñat…” eta tipoak “Joder, Azpeitiko Eneko bat ezagutzen dut eta denbora luzez egon naiz zalantzan zu ote zinen”. Harrapazak txiribiton!

  2. Nere postekin loturak: Antzeko Parezido | zuzeu.com
  3. xme

    lagun uruguaitar batek dio, hemen mestizaje gutxiago izan dugula-eta, fisionomia aldetik elkarren antzeko (parezido) ikusten gaituela.

  4. Luistxo Fernandez (@luistxo)

    Sindudarik gabe, antzekotasun horietan handiena (eta interesgarriena) Paul delakoarekin duzu. Baina… benetan, ez zenion etekin handiagorik atera artikulu txatxu hau baino?

    Ingeles BBCdarrarekin zer esan zenion ba? Esan zeniezaiokeen akaso, on the outside I might be like Paul, but real beauty lies in the inside and there, oh girl, I’m truly feminist Ryan Gosling.

  5. txargain

    Udako oporretan nire hotelean zegoen mutil batek ere zure antz ikaragarria zuen! Gosaltzera antzeko orduetan joaten ginen eta faltatuz gero, hala esaten nuen: Hara, Beñat Sarasola eta bera lagunak ez dira agertu!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s