Bere mundua

Eta azkenik, amarengan pentsatu du. Ez da usu egiten duen kontua, ez behintzat konszienteki; ezagun denez, sarritan egunerokoa, gertukoa, izaten dugu-eta gure gogotik aparteen. Larritasunean amarengan pentsatze hori ez ote den umekeria hutsa pentsatu du lehenik, heldugabetasun zantzu bat, eta hori otu bazaio da ongi dakielako urteen joanek ez diotela konpondu aspaldi handitik dituen hainbat imintzio, joera infantil, zeinak, zergatik uka, imintzio eta joera baino gehiago badiren eskuarki. Bere irudi publikoa, bere sinaduraren sona halamoduzkoa, bere esaldiaren indarra, segurantza, ez dira gai estaltzeko, bere baitan bederen, ahuldade errotikoa, laborria, zaurgarritasuna, duda-muda merkea. Eta amarena, esan gabe doa, zerrenda luze baten azken katebegia baino ez da izan. Lehenago bururatu baitzaizkio, aldez edo moldez: Ion, Mikel, Xanti koadrilako adiskideak, zeinak ezbairik gabe, hark idatzitakoaren kontra egongo diren; bizikletan ibiltzeko igandero tropela osatzen duten lagunak, haietako gehienak ere, kasurik onenean, nabarmenkeriaz okertuko diotenak muturra hurrengo irtenaldian; Mirenen herriko lagunak, ze ostia ari da morroi hau? pentsatzen irudikatzen dituela egunkaria zabal-zabal tabernaren batean, azken batean, jarraituko ditu irudikatzen, beti izan du puntu tentel bat, beti izan da berexia; egunkariko zuzendariarengan, berak menderatzen ez dituen zenbait laguntza, fabore, kidetza politiko edo ekonomiko bide egunkaria bera konpromezu gehiezkioan paratuko ote duen errezeloaren kariaz; ikastolako andereño hura, Itziar, askatasunaren eta norberak bere bidea jorratzearen garrantzia buruan txertatu ziona; anaia ere bai, familia afari hura gogoan, non pasatzen ari haiz azken boladan, pasatzen ari haiz bota baitzion begirada piztuarekin, hire burua nabarmentzeko beste modu batzuk bila itzak, asalduraz gehitu baino lehen; Joseba unibertsitateko irakasle oportunista, non egongo hura esango ibiltzen zena, egunkariko hainbat zutabekide jator nola, haiek ere beti bezala parrokiak entzun nahi duena idazteko prest. Akordatu da, halaber, nola ez, Mirenekin, neurriz gaindi kezkatuko ote den beldurragatik batez ere. Baina azkena izan da ama, bizitasun handienekoa izan ere.

Bere kabutarako egin du lotsaraztekoa dela amarengan pentsatzearen tema hori, lotsaraztekoa ez soilik umekeritzat jotzen duelako baizik eta han-hemen etengabe irakurtzen dituen eta dagoeneko seko enpo dagoen amaren figurarekiko, amatasunaren eta gisakoen aldarri nekagarriekin lotzen duelako bere burua. Haurdun egotearen harrotasuna, amari, haurdunaldiari, idatzitako poema, ipuin labur, bertso, kantu. Kokoteraino sentitu izan da horrekin guztiarekin, baiki, ama izateko sabela puztua edukitzea beste modurik egongo ez bailitzan, emakume izateko beste modurik egongo ez bailitzan, jende izateko beste modurik egongo ez bailitzan. Baina nork esango zion bera ere, balizko tinkotasun, gogortasun, irmotasuna gora-behera (aski matxo-maskulinoa, bestalde, inoiz eztabaida mikazturen batean emakumeren batek leporatu moduan), zer eta amarekin akordatuko zela, zer eta prentsarako zutabe txatxu bat e-mailez bidali aurretik. Azkeneko errepasoa egitea deliberatu du, erabakia atzeratzeko modu bat, nahiz eta jakin badakien entrega-ordua gainean duela eta jada ez duela denborarik beste testu berri, zuri, diplomatikoago bat idazteko.

Sinetsi nahi luke amarengan pentsatzen duela haren ustezko arranguragatik, sarritan entzun dion horren ildotik: ez dut ulertzen zergatik sartzen zaren iskanbila horietan, zuk egin zure bidea, beste inor kakaztu gabe, ez dakit nondik atera zaren halakoa. Maiz erantzun nahi izan dio auzia ez dela inor kakaztea, norbere bidea egitea baino, eta suziri sasi- literario zein lore-jokoetarako nahiago lukeela, luma (teklatua) alde batera laga eta, demagun, okindegi batean beharrean hasi (okinekiko errespetu guztiz, esan gabe doa). Baina ez dio erantzungo, ez dio sekula erantzun. Badaki dagoeneko amak ez duela haren semearen deus irakurtzen, min egiten diola atsegin ez duen zer edo zer irakurtzen badio, min egiten diola erauzi ezin den azkazal arteko arantza baten moduan, eta nahiago duela, hala, ezikusiarena egin. Alabaina, amari dagoeneko adostasunak bost axola dio, iritsi da jakitera bizitzan badela adostasuna, egia, eta halakoak baino gauza askoz ere muntazkorik. Kalkulatu du, ordea, izan lezakeen sonaren ondorioz modu batera edo bestera ailegatuko zaiola testuaren oihartzuna, eta beraz, akaso hobe duela etsitzea amari gehiago sufriarazi nahi ez badio; utz ditzala bazter bere apeta eta berekoikeriak behingoz eta egin dezala ezer hurkoaren alde. Izan ere, bururatu bururatu zaio lehenago aberria, Miren, koadrilakoak, andereño-irakasle eta enparauak baino apur bat lehenago; aberria, batere gustuko ez duen hitza (edo kontzeptua, ez daki asmatzen ze ezberdintasun dagoen) bidenabar, bere bulkadei behingoz itzuri egin eta komunitatearen, herriaren izenean amore ematea. Erreparatu behar dela, erreparatu, ingurukoei, eta ez men egin betikotz norbere usteei, hagitz zintzo, zinezkoak izanik ere; ez erortzeko marfilezko dorrean bizi den idazlearen irudian, gizarteari bizkarra emanez, edo akaso baita haren gaindi, bizi den intelektualarenean (duela hainbat urte burgestxiki adjektiboa gehituko zukeen). Eta aberriari bezain amari oinazerik ez eragiteko hobe lukeela atzera egin. Autozentsura? galdetuko luke erretorikoki aberriaren guarda ugari horietako batek, dei egiok nahi bezala, ez gaituk eztabaida terminologikoetan katramilatuko. Aitzitik, aspaldi da bere burua engainatzea aski nekeza zaiola, eta finean, badaki, ez duela egiten harekiko kezka altruista moduko batengatik, ezpada oraindik ere halako trantzeetan haren babesa nabaritzen duelako faltan. Eta ahulezia hori nahi luke gainditu, nahiz eta onartu, hori gainditzeak besterengan zama pilatzea ekar lezakeela, ekarriko duela, eta ausaz, edo hobeki, honenbestez, norberarenaren arintzea ere bai. Ez daki ziur kosta ala kosta ahuleziari buru egitea ote den bere egitekoa, egoskorkeriak eraman ote duen atarramentu horretara. Edonola ere, ahulezia besterik ez du ikusten beregan, azken muturrerainoko ahulezia. Eta bere burua bezainbat madarikatzen du bere mundua.

EPUB-a

PDF-a

Berriaren aldeko Ziztada kanpainaren baitan idatzitako testua

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s