Euskaraz idaztea, euskaraz irakurtzea

Euskararen erabileraren aldeko Ika-Mizka kanpainako bideo bat ikusten ari nintzela iritzi batek atentzioa eman zidan. Hainbat kazetari ari ziren hizketan “Eta hik, nola bizi dunk euskara?” galderaren bueltan. Horietako batek zioen testu bera espainieraz idazteko euskaraz baino denbora bikotza beharko zukeela baina, haatik, bere burua derrigortu behar zuela euskaraz irakurtzera. Nahiko sentipen zabaldua dela iruditu zitzaidan -eta horren azkenburuko adibide da euskarazko itzulpenek duten estigma- eta berehala konprobatu ahal izan nuen hala zela Twitterren gaiaren inguruko eztabaida luze bat abiatu zenean, non hainbatek bideoko iritzi horrekin bat egiten zuten. Euskaraz idazteko erraztasuna baina, ostera, euskaraz irakurtzearen nekea.

Badakit laineza iruditzen ahal dela zalantza egitea kanpotik besteren sentimenduen inguruan baina iruditzen zait iritzi horrek gehiago duela topikotik benetako errealitatetik baino. Oinarrian duen ideiak ukitu naturalista modukoa du, hizkuntza eta idazkera halako sen edo jatorri subjektibo batekin lotzen duelako. Idazkera, funtsean, norberaren berezko abileziak edo indar inkonszienteek eratuko balute bezala. Euskalgintzan ideia hori oso erakargarria da aspalditik, naturalismo horrekin fantasian aritzeak antzinako gure euskara hain berezi horrekin enegarrenez amets egiteko aukera ematen baitigu. Eta horrekin batera, ahozkotasunaren fetitxearekin, zeinak dudarik gabe, indar handia baitu inguruotan halaber. Hor ditugu Jorge Oteizaren teoriak horren erakusle ezinhobe gisa. Jacques Derridak erakutsi zigun, ordea, ahozko hizkuntza eta idazkera erradikalki ezberdinak direla, eta mendebaldean ahozkotasunaren eredua gailendu izan dela, baita idazkeran bertan ere; hots, idazkeraren inguruan ditugun ideia hegemonikoak fonozentristak direla. Mintzagai dudana horren guztiaren adibide bikaina iruditzen zait, kultura fonozentristarik baldin bada munduan euskal kultura baitugu.

Filosofo astunetara joan gabe badira egunero ikusten ditugun adibideak arestian aipatutakoaren eredugarri. Zenbatetan ez ote zaizkigu iruditu ahozko hizkuntzarako abilezia apartekoa dituztenen testuak ahulak, gatzgabeak, eskasak? Zenbat euskara landu eta ederradun idazle iruditu zaizkigu zabarrak hitz egiten hasi direlarik? Kontua da euskararen zein ahozkotasun originalaren mitoak, jakina, asko erakartzen gaituela, aski erakargarria da nolabaiteko elebakartasun ezinezko batekin amestea. Zenbat aldiz ez ote dugu gozatu esanez “izan ere, espainieraz gehiago kostatzen zait” “barkatu, ez zait hitza ateratzen… nola esaten da espainieraz…”. Barkatuko didazue baina ehuneko handi batean plantak egiten ditugula iruditzen zait.

Zalantzan ipintzen dudana zera da: euskaraz gutxi irakurrita, edo euskaraz irakurtzea arrotz sentituta euskaraz ondo idazteko aukera. Esan gabe doa normala iruditzen zaidala euskaraz baino erdaretan gehiago irakurtzea. Sarritan, ezinbestean, ez da izaten beste erremediorik. Neronek ere beti irakurri izan dut gehiago espainieraz euskaraz baino. Gaur egun ere gehiago irakurtzen dut erdaretan euskaraz baino nahiz eta euskaraz ere dezente irakurtzen dudan. Eta hain zuzen horrexegatik, erdaren eguneroko bonbardeo honetan, non euskaraz bizitzeko esfortzua egin behar den, zer eta euskaraz (ondo) idaztea berez natural-naturalki irteten den zerbait izatea sinesgaitza egiten zait (baita Euskal Herriko herririk hipereuskaldunean jaio, bizi eta hilda ere). Uste dut gaur eta hemen euskaraz ondo idazteak lanketa handia eskatzen duela, eta lanketa hori ezin dut imajinatu euskaraz irakurri gabe. Euskal Herrian askoz ere errazagoa da, salbuespenak-salbuespen, berez espainieraz idazten erosoago sentitzea euskaraz idazten baino. Ikastolako seme-alabak barne. Maltzurren batek esango du probableena bietan gaizki aritzea dela, baina hori beste sagardotegi bat da.

Funtsean uste baitut idazkuntza askoz gehiago dela lan kontua sen mirakuluzko bati atxikitutako gauza baino. Euskal literaturara begiratzea besterik ez dugu ohartzeko euskaldunberriz josita dagoela. Gaur egun hor dugu Angel Erro, bizi diren idazleen artean nabarmenetako bat nire ustez, euskara jada nagusitxoa zela ikasi zuena. Ez aipatzearren euskal idazleen idazkera aldaketak. Hartu Edorta Jimenezen hasierako testu bat eta oraingo bat eta laster jabetuko zara ezberdintasunaz. Gauza bera Anjel Lertxundi, Itxaro Borda eta beste hainbatekin. Horrekin ez dut esan nahi derrigorrez haien testu zaharrak kaskarragoak direnik, baizik eta euskaraz ondo idaztea ez dela gauza finko, natural-ideala.

2 comments

  1. Nere postekin loturak: Euskaraz idaztea, euskaraz irakurtzea | zuzeu.com
  2. kugema

    Argi dago orri zuriaren aurrean (edo zirriborratzen hasitako orriaren aurrean) daukazun erraztasun/ezintasun kontuak zerikusi gutxi duela beste pertsona baten aurrean (arrotz edo ezagun), entzulego (handi edo txiki) baten aurrean, edo mikrofono edo kamera baten aurrean daukazunarekin. Eta egia da azken hauetan askoz gehiago nabaritzen dela pertsona batek daukan edo falta duen gaitasun edo prestasun naturala.
    Egia da, halaber, jarduera horiek guztiek eskertu egiten dutela aurretik egindako lana, eta momentuan duzun lan gogoa.
    Guztiarekin -eta horretara nihoan-, oso ulergarria iruditzen zait Angel Erroren kasua. Besterik ez balitz ere, hortxe ikusten baitut neure burua ere. Adin batekin euskaraz ikasi eta idazten hasi -erdaraz amaren altzotik ikasi, eskolan, eta gero ere urtetan aritu ondoren- eta halere idatziz erosoago sentitzea, euskaraz. Naturalago. Prestuago lehen esaldia topatzeko, bigarrena… azken esaldiraino. Hasieran espero zenuen baino urrunago iritsi zarelako sentsazio betegarri horrekin.
    Nahiz eta euskaraz gutxiago menperatu hizkuntza idatzia. Euskaraz gutxiago menperatzen zaitu kultura idatziak (esaldi eginek, klitxe eta ideia estandarrek, derrigorrezko ariketek, formulen inertziek, kanon eta modeloen grabitazioek…)
    Nahiz eta (beste) irakurle bakar batenganaino ere iritsi ez, agian. Beste batek antzeko edo pareko intentsitatez hitzez bete duen orri baten aurrean jartzea aparteko jarduera da. Itzultzaile bat tartean egonda, zailagoa. Berebiziko gaitasun eta prestasuna eskatzen dizu (neurriko erantzuna ematekotan). Idazlea bere lekutik iritsi den puntu (urrunago edo hurbilago) horretaraino zu ere iristea, zure lekutik, irakurle gisa.
    Ez da harritzekoa euskaraz gehiago kostatzea: euskaraz gehien-gehienetan urrunago geratzen zaizkigu -eta geratuko zaizkigu, momentuz-, erdiguneko puntu horiek. Eremu basatiagoa da, oro har, euskaraz.
    Baina, gutxienez, oraindik ausartzen gara eremu horren barruan -gure gabezien kontura bada ere-. Gehienak bazter uzten ari diren bitartean.
    Hats luzeko apustua da. Eta apustu horretan sinistu beharra dago.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s