Txofre Plaza, Donostia. 1985

Jakin badakigu ongi zeinen apetatsua den memoria, edo hobeki esatearren, zeinen azal gogorrekoa gure borondatea; hainbeste ze ez baitu errepararorik balizko oroitzapenak asmatu, faltsutu edo handizkatzeko. Adibideak, mordo bat. Jakina, 1985ko urtarrileko Donostiako elurte sonatuaren oroitzapen zuzenik nekez izan dezaket, zazpi hilabeteko ninia baino ez bainintzen orduan, baina denboraren poderioz nire oroimenak irudiak eraiki dituela ematen du. Duela minutu eskas bizi izan banu bezala ikusten baitut Txofre Plaza elurtu hura nire gelako leihotik; plaza gorria zuri-zuri, teilatu grisak bezalatsu, eta zerua halako kolore ilun trinko batekin. Zuhaitz nabarrak ere zuri, tarteka beren zamaren kariaz adarretatik erortzen ziren elur mordoekin. Aita etxean, zenbait egunez lanera joan ezinik, eta neroni ez dakit zenbat arropatan bilduta, artilezko txano beroa eta guzti.

Duela denbora gutxi txikitako argazki bilduma bat ikusten ari nintzela ohartu nintzen nondik zetozen oroitzapen horiek guztiak. Gomuta bakoitza argazki bati zegokion eta. Han azaltzen nintzen argazki batean arropa horiekin guztiekin, beste batean leihotikako ikusmira elurtua. Ez dago memoria baino gauza gezurtiagorik, eta akaso horrek salbatzen gaitu, salbatzen gaituen gutxi hori, ez baitut imajinatu ere egin nahi zer ginatekeen gure memoria guztiz egiati eta zehatza balitz. Borgesen ipuin hartako Funes hura bezalaxe, gureak egingo luke. Oraindik gehiago.

Hala Bedi irratiko Celosamente Godea programan irakurritako testua

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s