Ty Segall ( + Mushroom Caffeine)

Data: 2012/10/22
Lekua: Gazteszena, Donostia.

Azken urte hauetan akademikoki landu dudan gai nagusia gaur egun (ustez) dagoen edo ez dagoen berrikuntza artistikorako mentura da; alegia, posible ote den oraindik zerbait berria sortzea, gaur arte ezagutu ez duguna, edo sinpleki aurretik ezagututakoaren remake-ak (batzuk beste batzuk baino hobeak, hori bai) baizik egin ez ote ditzakegun. Oso laburkiro esanda, nire tesia da egin egin daitekeela, eta ez soilik hori, baizik eta egun berrikuntza artistikoa esparru guztietan zabaldu dela, baita behiala herri-kulturatzat edo behe-kulturatzat jo izan diren eremuetara ere. Hau da, berrikuntza artistikoa desagertu (posmodernitate “afirmatiboaren” teoria) bainoago zabaldu eta eraldatu egin dela.

Matraka hau guztia esateko aurreko osteguneko Ty Segallen kontzertua horren adibide iruditu zitzaidala. Garaje eta psikodeliaren estiloetan kokatzen da gazte kaliforniarra baina hortik haratago joatea lortzen du bere musika larderiatsua medio. Egiten duena berak baino ez du egiten, baina ez modu ageri-agerikoan. Entzule xalo bati beste garaje banda normal bat irudi dakioke; bere abestietan azaldu eta iradokitzen diren hamaika erreferentziek, ordea, zerbait benetan berezia eskaintzen dute. Ongi asko aipatu dituzte erreferentzietako anitz Juan Luis Etxeberria eta Oier Aranzabalek eta ez naiz horretan luzatuko. Soilik gehitu nahiko nuke hainbat momentutan, batez ere solo batzuetan, mainstream rockean ezagunak diren doinuak ekartzen dituela baina testuinguruz erabat aldatuta. Horrek beste neurri bat ematen die jatorrian aski kurtsi eta horterak iruditzen ahal zaizkigun doinuoi, apropiazio moduko bati esker.

Ty Segall (Juan G. Andres)

Horrekin lotuta, Segallek ez du inolako arazorik tradizioarekiko lotsagabea izateko. Abestietan zehar eta are kantu tarteetan-eta sarritan imitatzen baititu beste talde batzuetako riff eta enparauak. Horren erakusgarri izan zen Led Zeppelin-en Starway to Heaven inprobisatu zutenekoa bisetan. Publikoko bati baino gehiagori rockarekiko errespetu falta barkaezina iruditu zitzaiona, bidenabar esanda. Segallen kontzertuek dezente baitute inprobisazioetatik, edo behintzat, urrun dira rock neurtu eta ultraprofesionaletik. Setlista, esaterako, abestiak jo ahala aukeratzen dute eta ez dute arazorik lehenego konpasak hasi eta abestia bertan behera uzteko edo inoiz zuzenean jo ez duten pieza batekin saiatzeko. Baiki, Wilco hiru aldiz ikusi duenak Ty Segall eskatu beharko lioke Olentzerori.

Ty Segall (Juan G. Andres)

Kontu erdi artistiko pseudofilosofiko horietaz landa, zurgarria da taldeak sortzen duen soinua. Kontzertu bukaeran kazetari batek aitortu zidan damu zela Ty Segall ikusi aurretik “atronador” adjektiboa erabili izanaz beste kontzertu bateko iruzkinean, orain adjektibo gabe geratu zelako. Aspertzeko betarik gabe eta izugarrizko indarrarekin, erdipurdiko bisek ere ez zuten amiñi bat ere baliogabetu kontzertua. Urteko kontzertua izan denentz eztabaidan zebilen jendea irteerakoan. Dudarik gabe, hainbatek denbora luzez gogoan hartuko dugun kontzertua.

P.D: Nabarmentzekoak ere teloneroak, Mushroom Caffeine hondarribiarrak bateria+gitarra formatuan.

2 comments

  1. Nere postekin loturak: Ty Segall eta Chales Moothart: ‘Fuzz’ | zuzeu.com
  2. Nere postekin loturak: Ty Segallek astelehena poztu digu (gutxi gorabehera) | Boligrafo gorria

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s