Barrura begiratzeko leihoak, Askoren artean

Zuzendariak: Josu Martinez, Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Eneko Olasagasti
Iraupena: 95 minutu
Urtea: 2012

Hamaika jira eta bira ondoren estreinatu da Barrura begiratzeko leihoak zine-areto komertzialetan: zentsura prebentibo saiakera lotsaemangarriak -bete-betean erregimen totalitarietako kontuak direnak-, ondorengo egitasmoa finantzatzeko elkartasun mugimendua, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailetik kanpo geratu izanak eragin polemika…

Azkenik, ordea, hainbeste zalaparta ondoren badugu filma normaltasunez (barka hitzaren zatarra) ikusteko beta, Euskal Herriko hiriburuetako aretoetan behintzat. Balizko ezein polemikaren abiapuntu behar zuena -filma ikustea, alegia- lehenago zentsugabe sortu direnen amaiera bihurtu da. Polemika horien guztien absurdua eta kasuren bateko fede txarra konprobatzeko modu ezin egokiagoa baita filma ikustera joatea. Barrura begiratzeko leihoak zerbait bada film zintzoa baita; ez inpartziala, jakina, ez objektiboa, noski, baina ezein sormen lani eska dakiokeen errespetu eta leialtasun artistikoa luze gainditzen duena. Gaia zein den ikusirik oraindik meritu handiagoa du; izan ere, aski erraz sar zitekeen usu entzuten dugun biktimen arteko min kontaketa eta konparaketetan, “etsaiaren” argudioen desmuntaian eta beste. Hori egin ordez filmeko bost zatiek ere bost presoen alderdi humanoan ipintzen dute arreta, alderdi politikoari itzuri egin gabe baina lerraketa poilitiko gehiegizkoa zein manikeismoa etengabe saihestuz. Irati Tobarren kasuan (Josu Martinezek zuzendua) haren atxiloketaren gora-beherak kontatzen zaizkigu. Jon Ugarterenak (Txaber Larreategi) haren familiaren osaketa, zati handi batean kartzelan zegoela egina, eta beste lagun presoekiko harremana du erdigune, jada kanpoan dela kontatuta. Gotzone López de Luzuriagarenean (Mireia Gabilondo) kartzelan aurkitutako bularreko minbiziaren garapen eta tratamendua du hizpide, besteak beste amak grabatutako telefono deiek gidaturik. Jesús Mari Zalakain-ena (Enara Goikoetxea) bere barne bilaketan sakontzen du, espetxean garatu eta lortzen duena, haren unibertsitateko lagunen kontaketak lagundurik. Azkenik Mikel Albisu “Antza”-ren kasua (Eneko Olasagasti) dugu, eta adiskidetza zahar bat hainbeste urte sasian eta gero kartzelan egonda nola berreskura daitekeen erakusten digu.

Kartela (Ainara Lasa)

Bat nator Gorka Bereziartuarekin akaso Zalakainena dela emaitza irregularrena dioenean, enetako narratiboki dispretsoegia delako, gauza gehiegi kontatu nahian eta ildo jakin bati ongi jarraitu gabe. Fikziozko kontaketara gehien hurbiltzen dena Albisuri buruzkoa da, dokumentalaren baliabide ohikoak baliatu beharrean bi pertsonen arteko harremanen berreskuratzea eraikitzen baitu bidaia baten bidez eta elkarren arteko gutun zatiak medio. Beste hirurak aski hunkigarriak dira, efektismoan erori gabe, hori bai. Tobarrenean material diferenteak uztartzen dira egokiro eta haren neskalagunaren testigantzak bereziki indar handikoak iruditu zaizkit. Ugarterenean oso ondo kontatua dago familiaren osaketa konplikatua, umore puntu bat edo beste eta guzti. López de Luzuriagarena da ziur aski guztietan gogorrena, presondegiko egoera umiliagarria zein harekiko tratu inhumanoa azaleratzen baitu senide eta mediku pertsonalaren bitartez. Bikainki uztartuak daude, bestalde, arestian aipatu amak grabatutako telefono deiak.

Film zatiek preso bakoitzaren kasuistika ezberdina erakusteaz gain, haien izaera, zirkustantzia eta inguruaren ezberdintasuna ematen digu orobat aditzera. Preso bakoitza aparteko mundu bat dela. Esaterako, gutxi du ikusteko Ugarterenean azaltzen den ingurune eta imaginario bukolikoak Tobarrenaren inguru hiritar herdoilduarekin. Edo Zalakainen espiritualtasunak Albisuren mundu hain pertsonal eta iheskorrarekin.

Albisuk berak dio gatazkak euskal herritar guztiok zauritu gaituela aldez edo moldez. Filmak zauri horien existentziaren berri ematen digu, anitzentzat existitu ere egiten ez ziren zaurienak erakutsi ere. Norberaren ideologia eta kidetasun politikoak gora-behera, fede oneko edozein herritarri gomendatzeko lana da. Gatazkari buruz egin den film zail eta taxuzkoenetakoa ezbairik gabe.

Puntuazioa: 7.8

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s