Urtebetetze festa, Castillo Suarez

Uste dut Euskal poesia jarraitzen den edonor bat etorriko litzatekeela badiot Castillo Suarezen poesiagintza dela azken hamarkada honetako sendoenetako bat. Ezagun da Castillo aski langilea dela, poetaren irudi anarkiko eta disziplina gabearen estereotipoaren kontra, ze ia bi urtean behin eskaintzen baitigu emaitza berriren bat aurreko mendeko azkeneko urtean plazaratutako Mugarri estaliak hura geroztik. Oraingoan patxada apur bat gehiago hartu duela ematen du ordea, bere aurreko lana –Souvenir eder hori- duela lau urte argitaratu baitzuen.

Neurri batean, iruditzen zait Urtebetetze festa hau Souvenir-en iritsi zen zehaztsun poetikoaren jarraipena dela. Izenburuek ere badute halako lotura ezta? Urtebetetzeetan ematen direnak ez izan arren, souvenirrak, azken batean, opariak baitira. Biek ere egiten diete zeharkako erreferentzia, gainera, iraganari. Souvenirrak igarotako oporraldi bati; urtebetetze festak, urteak betetzen dituenaren iraganari, eta bereziki, haurtzaroari. Edonola ere, Castilloren poesiako iragana, eta baita haurtzaroa ere, ez da inolaz ere garai idiliko batekiko nostalgiaren jolasa-edo; bere poesiak horrekiko guztiarekiko gatazka islatzen du gehiago.

Izan ere, Castilloren poesiaren ezaugarrietako bat baita gatazka. Mota guztietako gatazka, esan nahi baita: gatazka iraganarekin, gatazka bizitzea egokitu zaigun inguruarekin, harremanekin, eta batez ere, norbere buruarekin. Ordea, gatazka hau ez da azaltzen halako idazkera erakusgarri, hanpatu edo deigarriarekin –gatazkaren ideiak eraman gaitzaken idazkerarekin alegia-, baizik eta poesia neurritsu eta soseguzkoarekin. Deigarria baita Castillo poesiaren zelako destilazio mailara ailegatu den. Hitz guztiak dirudite sosegu handiz aukeratuak eta ale bakoitza irakurri bitartean inoiz ez duzu sentituko zerbait kentzeko premia, ez zaizu irudituko sobera luzatu dela. Urtebetetze festako poemak edozer gauza baitira poema ebidenteak baino. Hainbat irudi poetiko bereziki, konplexuak dira oso, ez presaz irakurtzekoak: “Begiak asteroidez bete”, “koloretako arkatzek urratu dizkidate hesteak”, “Begien atzean osinak dituena”. Gauza bera Castilloren poesiagintza orokorraren ezaugarri nagusienetako batekin, hau da, esaldi lotura absurduekin: “Kometa batek zure bihotza setiatu dit” edo “Oporrak antolatzen ari naiz oinutsik joan nadin zure logelaraino”…

Lehenago iradoki bezala, Castilloren poesian ekonomia poetikoaren legeak agintzen du: behar diren hitzak, gehiago ez, behar diren isiluneak, espazio hutsak, istrionismo agerikorik ez, pertsonaia, izen, erreferentzia zehatz gehiegi ez. Gehienetan espazio txiki batean eta gehienez ere bi pertsonen arteko harremanean zertzen dira. Hitzen neurri zehatza bilatzen du, hizkuntzaren halako purifikazio bat, batere purista ez dena, bidenabar. Eta esan bezala, ingurune hori beti gatazkan azaltzen da, xalotasun eta zorion axolagaberik gabe. Baina era berean, ez da lantu negarti errepikari horietako bat bere testuetatik irteten dena. Izan ere, lirismo axolagabe tipikoari kontrajarririk askotan azaltzen da ni poetiko atormentatu eta dohakabearen irudia, etengabe gogorarazten diguna zeinen zorigaiztokoa den, zeinen gogorra den mundua, eta beste. Castilloren meritua da bere bide propioa jorratzea bi alde horien artean. Ez da bata eta ez da bestea. Horrek eragiten du bere proposamena aski berezia izatea, inoren kalkoa ez izatea. Ez gaude zorionez, baina igandetako gehigarri horietako batean egongo bagina esango genuke “heldutasun handiko poesia” dela Castillorena.

Urtebetetze festako gai zentraletako bat bakardadea da. Hain zuzen lehenago aipatu dudan gatazka hori ikusten da gauzatuta bakardadearen kontuan. Pertsonaia isolatuak dira gehienak, ez geografikoki isolatuak, baina bai sozialki. Ez pertsonaia arraro, berezi edo bohemioak direlako derrigorrez. Ematen du esaten zaigula guztiok dugula gure eta munduaren artean halako amildegi bat irekirik. Bizitzan amildegi hori estaltzen edo igarotzen saiatzen gara baina Castillok amildegi horri buruz idazten du gehiago, zeina norberaren eta munduaren artekoa ez ezik, norbera eta norbere buruaren artekoa ere baden. Horregatik sortzen du poesia honek halako deserrotze sentimendu bat munduarekiko, halako hustasun eta gogogabetasun bat. Eta bakardadearekin loturik etengabe agertzen dira askatasuna, bakartasuna, abandonoa. Etengabe agertzen dira alde egin duten edo itzultzera doazen pertsonaiak. Egonkortasunerako lekurik ez dago, dena dago mugimenduan, lekualdatzen. Iragankortasun horren irudi nagusia da haurtzaroa, batez ere lehenengo zatian azaltzen dena, eta bertakoa da honako poema: “Orube abandonatua”

Nire haurtzaroa orube abandonatua da. Hori eta armairu batean ahaztutako arropa. Jaiotetxea eraitsi zidatenean leihoak gorde nituen lehenik. Nire bigarren egitekoa besteen bitartez bizitzen ikastea izan zen. Nire bisaian ez da ikusten nekerik horregatik. Besteen minak ez digu minik ematen.
Bakarrik jolasten zuen umea naiz ni. Negutegi batean ospatzen ditut urtebetetzeak eta aholkuei ez diet jarraitzen. Badakit gerran gaudela: ikastolan egiten dizkiguten argazkiak gordetzen ditut inork ez ditzan iraganaren aurpegiak gogora ekarri. Urtebetetze festarako tarta jasotzera joan, baina ez ziren bueltatu nire gurasoak. Ez zen lanturik izan.
Gerrak ez dira inoiz bukatzen, urtebetetze-festak bezala.

Testu gehienak nahiko laburrak diren arren –eta batzuk are bi lerro edo lerro bakarrekoak-, poesia exigentea da Castillorena, zorrotza. Arestian esan dudan purifikazio horretatik iritsi da kondentsazio handi batera, nahiz eta azalean ez iruditu halako trinkoak direnik poema hauek. Beste gai errepikari bat-edo emakume izatearena da; emakume izatearen kontzientzia liburu guztia zeharkatzen duen zerbait da. Baina, aurretik aipatu bide pertsonal horri jarraiki, topikoak ekiditen ditu behin eta berriz eta hausnarketa ildo berriak proposatzen. Horren adibide da “Ez naiz inoren ama” poema.

Ez naiz inoren ama.
Ez dut norentzat negar egin.
Horregatik idazten dizuet egunero.
Barrura begiratu beharrik ez izateko.
Beste inork ez ukitzeko.
Inori ez entzuteko umeak ekartzeko etorri naizela
lurreko arropa jasotzen dudan bitartean.

Patxadaz irakurtzeko liburua da Urtebetetze festa, ezarian hitz bakoitza, lerro bakoitza bere ñabardura guztiekin jasotzekoa. Presak jota irakurriz gero letra artean ezkutatzen den mundu iradokitzaile bezain zorrotz hori galtzeko arriskuan izango zara. Ez da, ez, urtebetetze festa baten zalaparta bitartean irakurtzeko liburua.

Eskerrik asko Castillo.

 

Castillo Suarezen Urtebetetze festa poema liburuaren aurkezpenean erabilitako testua

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s