Kontxako hondartza, Donostia. 1994

Kontxako hondartza, guretzat, eguzkia hartzeko bainoago, futbolean egiteko tokia zen. Goizean goizez hondartzara iritsi, zegokigun ate gorria hartu eta agindutako lekuan egokitzen genuen, beste taldearenaren pare parean, metro batzuk harantzago. Kontua da azkeneko urtean Ligako finalera ailegatu ginela. Final-erdietan, kostata, Gorka Larrearen Ekintza eskolako taldeari gailentzea lortu eta halaxe iritsi ginen finalera, Axular Lizeoaren kontra. Ez dago esan beharrik kirioak dantzan bildu ginela zelaian. Inguruetan ohi baino jende gehiago, nola ez, eta esaten zutenez Antiguoko taldeko ikuskatzaileak zebiltzan inguruetan halaber, gainontzekoen gainetik nabarmentzen ziren jokalarien izenak beren libreta sekretuetan idazteko prest. Ahoberoren batek Realakoren bat ere hortik zebilela esan zuen.

Ez ginen fin hasi, minutu gutxiren buruan egina ziguten lehenengo gola Axularrekoek. Partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela berdin jarraitzen zuen markagailuak, 0-1 horrekin, eta aski zapuzturik geunden ordurako gehienok, urte hartan lehendabizikoz aurkariari aurre egiteko kapaz ez ginela ikusten genuela. Orduan egin zuen gure taldeko jokalari onenetako batek, Oierrek, berdinketaren gola eta hala, partida luzapenera eramatea lortu genuen. Luzapena hasi eta berehala adierazi zuen epaileak gure kontrako penaltia; penaldi injustua, esan gabe doa. Gutariko hainbatek ez zuten penalti jaurtiketa ikusteko adorerik biltzerik izan. Axularrekoak ere aski urduri zebiltzan antza, ze atetik hainbat metro eskuinaldera bota baitzuen jaurtitzaileak baloia, oinarekin baloian ez ezik hondarretan ere gogor emanda. Haien hutsegitek eragindako euforiaz enpo-edo, gora egin genuen indarrez eta halaxe sartu zuen Oierrek bigarrena. Zurriola ikastolakook izan ginen urte hartako hondartzako txapeldunak.

Akaso ahoberoak arrazoi izango zuen, denbora gutxiren buruan Oier Realak fitxatu baitzuen. Gaur egun Bois D’Arcy espetxean dago Oier, urte luzetako gurutze-bidea igaro ondoren atxilotu eta erakunde politiko soil bateko kide izateagatik 10 urteko espetxe zigorra betetzen.

Hala Bedi irratiko Celosamente Gordea programan irakurritako testua

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s