Mursego

Data: 2012/12/29
Lekua: Intxaurrondo K.E., Donostia.

Mursego izan da, zalantzarik gabe, azken hiru urteotako euskal musikako agerpen indartsuenetako bat. Bi disko, eta batez ere, han-hemenka eman dituen hamaika kontzerturen bidez jende mordoarengana iristea lortu du. Ez agian BEC estiloan, hots, leku bakarrean jende mordoa biltzeko moduan, baina bai leku askotako audientzien pilaketa bidez. Jende mordoak pilatzeko modu ugari baitaude egon.

Beste meritu bat ere izan du Mursegok, aurretik halako musika motagatik -edo are orohar zuzeneko musikagatik- erakarriak izan ez direnak liluratzeko gauza izana. Harrigarria da zein jende ezberdinek hitz egin diezazuketen haren musikari buruz, denek miresmen berdinez. Galdera zen, edo nik egin izan dudan galdera zen, behinik behin, fenomenoak zenbat zuen hanpaduratik, zenbat zuen hypetik. Iruditzen baizitzaidan zenbaitetan lilura haren jatorria zuzeneko hainbat baliabide, tramankulu eta abarren erabilera ezezaguna (hainbatentzat) zela. Loop stationak –eta baita melodika, autoarpa eta katxibatxe anitzek- jende ugari harritzen zutela; jende ugari harritzen zela pertsona bakarrak nola egin zezakeen musika hura guztia. Zalantza egiten nuen hasierako harridura horrek iraungitze data zuela iruditzen zitzaidalako, arriskua ikusten nion hasierako shock hori berehala hustu zitekeelako. Baina Mursego gai izan da geldirik ez egoteko, denboran aurrera bere musikari elementu erakargarri berriak gehitzeko, gai izan da geroz eta kantu berri eta ezohikoagoak egiteko, gai izan da hastapenetako txeloaren soinutik beste zolitasun batzuetara joateko, gai izan da bere musikari geroz eta arrasto propioagoa emateko.

Ia bi urte zen azkeneko aldiz zuzenean ikusi nuenetik eta ikusminez nengoen denbora hori pasata Mursego artistikoki non zegoen jakiteko. Aipatu bilakaeraren hezurmamitzea izan zen atzoko emanaldia. Geroz eta huts tekniko gutxiago egiten dituela egia da; ez dut esango horrek bost axola didanik, baina iruditzen zait gutxienekoa dela, bai behintzat Mursegoren proposamen estetikoan. Errepertorio zaharra abesti oraindik grabatu gabeekin -eta are inoiz jotakoarekin (“Triki-Koplak”)- nahastu zituen eta primeran mugitu zen batetik bestera, denetan halako arrasto berezi bat utziz.

Oraindik grabatu gabea duen kantu horietako batekin hasi zen, “Savana Violenta”-rekin, Andaluziako folklorearen zein raparen ohiartzunak entzun daitezkeen kantua. Horixe baita Mursegok egun egiten duen gauza harrigarrietako bat: nola nahasten dituen musika tradizio aski urrunak (pop zuri klasikotik mediterraneoko forma musikal ugarietara, Afrikako soinuetatik igaroz) halako pastixe batean jausi gabe. Musika forma horiek guztiak hain naturalizatuak daude ezen sarritan ohartu ere ez garen egiten kantuek dituzten ohiartzunez. “Donki Kongu” izan zen bigarrena, Bi (2) diskoan dagoen abestia. Berriz ere zeinen erreferentzia urrunekoak uztartzen diren ikusi ahal izan genuen. Kantuak, funtsean, jazz latino moduko oinarria baitu, baina bideojokoen musikaltasunera eramana. Eta horrekin batera hitzak, noski. Izan ere, ez dakit gutxiegi aipatzen ez ote den Mursegoren hitzen balioa. Ez bakarrik aski bereziak eta sarritan graziaz beteak direlako, baizik eta musikara lotzeko moduagatik eta zuzenkeriatik landako hainbat hitzen erabileragatik (kasu honetan “barrileteak”, “errematxe lurra” etab). “Cumbia Villera de la ciudad armera” ere kantu berria da, zenbaitentzat udako kantua izateko modukoa dena. Aurretik esandakoaren beste adibide bikaina: nola idatzi cumbia bat beste erregistro batean eta nola uztartu letrarekin (“zuk behar duzuna da nire gasolina”). Baina halako batean, mundu latino-festibotik atera eta lehenengo diskoko “My Laptopiste” kantuaren sosegura eramaten zaitu. Abesti soil (ahots kapak eta txelo behaztatua) bezain zoragarria; zuzenean, entzuleen isiltasuna lagun –eta atzokoan lagun izan zen-, oilo ipurdia uzten dizu. Bi bertsio egin zituen; batetik, bisean, lehenengo diskoan grabatutako “Zuuu”, The Moldy Peaches-en “Anyone But You”ena eta Mursegoren estreinako arrakastetako bat izan zena, eta Chavela Vargas-en “Macorina”rena, haren heriotzaren ondotik prestatutakoa, “oportunismoz” musikariak berak aitortu zuenez. Sorpresa, Bixenta Larragaña-ren “Errekonduan errota” kopletan oinarritutako abesti berria izan zen: “Triki-koplak”. Ez de alferrik Mursego Joseba Tapia-ren musikaren zalea, hark ezken urteotan sarritan egin duena egin baitu nolabait; alegia, kopla zahar bat hartu eta bere erregistrora eraman, egokiro eraman ere.

Victor Lenore, Espainiako musika kritikari onenetako bat, indie eta pop musika espainiarraren kritika egiten dihardu azken boladan, bazterrean utzi izan diren “ghettoko oihartzunak” aldarrikatuz. Mursegok, neurri batean, ghettoko oihartzun horien bidez (cumbia, tangoa, koplak, folklore mota hainbat) sortzen ditu abestiak, haietan gelditu gabe tradizio horiei guztiei beste dimentsio bat emanez eta publikoarekin erraztasun harrigarriz konektatuz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s