Diagonala, Bartzelona. 2006

Bi urterako nindoan Bartzelonara ikasketak amaitzera. Iraila hasiera, egunak hasiak ziren laburtzen, eta Vibasako autobus kalamastra batean abiatu nintzen Donostiako autobus geltoki berdinki kalamastran. Alfajarin-eko ez-lekuan geldialdia, hurrengo urteetan erritual bilakatuko zena, taberna lizundua, txofer izerditsuak alkandorako goialdeko botoiak solte, paparra agerian, tabernariak zotza haginartean; gehiegizka esan daiteke Alfajarinetik igarotzen dena ez dela gehiago aurretik zena izango. Bidean aurrera egin eta auto-hilara luzeak Vilafranca aldean, asteburua igarotzera kostaldera (Sitges, Calafell, Vilanova i la Geltrú) joan diren bartzelonatarren itzuleraren ondorioz. Bidesareak bata bestearen atzetik. Portal de Barcelona-ra iristerako zangoak, bizkarra, besoak, gorputza seko uzkurtuta, eserleku deserosoan soina ezin ongi bermatu. Filmeren bat autobusean, Los lunes al sol agian; musika kanalean, berriz, Joaquin Sabinaren deskarteen diska. Aldats baten ostean agertuko da Diagonala, Bartzelonako gau-argiak palmondoek zatitzen duten abenida amaitezin batean. Ezker-eskuin unibertsitate eraikinak, aurreragoxeago Corte Inglesa. Aurrera egin beharrean, ordea, eskuinera egingo du autobusak, Sants-erantz.

Behin eta berriro errepikatuko zen eszena izango zen hura, baina lehenengoa dut batez ere gogoan. Diagonalan zehar footinga egiten ikusten nituenei begira galdetzen niola neure buruari: nola galdu hiri honetan?

Hala Bedi irratiko Celosamente Gordea programan irakurritako testua

2 comments

  1. derhitzot

    Antzeko egoera bizitzea egokitu zaitu aurten. Low-cost hegaldien boom-a tarteko hala ere, Diagonaletik igaro gabe heltzen naiz Sants-era.

  2. bsarasola

    Egia esan, testu ugari egin daitezke Bartzelonara iristeko moduekin. Alvia jarri aurreko gaueko treneko zurrunkak, San Sebastian egun guztia erdi lo igaroarazi zidatenak. Hondarribia-Bartzelona, Air Nostrumeko abionetak abioiak bainoago. Alvia modernoak elurretan utzi zuenekoa Donostia urtarrilaren 2 batez. Etxeko trasladoa egiteko adiskidearen furgoneta hartu nuenekoa, Monegroetako eguzkia gogor. Molist autobus batetako kristal bat hautsi zenekoa Zaragoza igarota eta bi orduz egon ginenekoa autopista bazterrean beste baten zain…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s