Carax urakana

Lou Reed-en New York entzunez irakurtzeko (edo ez)

Igandea zen, urriaren 28a, linea berdea hartu eta Union Square-n jaitsi nintzen; Green Market-eko postuak plazaren alde batean, inguruko eraikuntza gotorrak, alde batetik bestera zerua ixten zutela kasik. Bezperan ikusi nuen 1978ko Viva Loisaida izeneko dokumentalaren zatitxo bat, sarean aurkitzen ahal dena, eta hark adoretuta-edo, hurrengo egunean Lower East Side-etik osteratxoa egitea deliberatu nuen. Loisaida da latinoek, batez ere puertorricoarrek, auzune hari deitzeko dioten modua, forma spanglisha.  Gainontzean, Lower East Side-a ezagun da punk estatubatuarraren hastapenak han lekutu zirelako; CBGB famatua, esaterako, auzunearen mendebaldeko bazter batean kokatzen zen. Dokumentalak gutxi-asko garai hura erretratatzen zuen, auzoaren guettifikazioa, bizi-baldintza eskasak, urte gutxiren buruan etorriko zen gentrifikazioa baino aurretikakoak.

Halaxe nahi nuen bueltatxo bat paraje jada eraberritu horietatik; behiala heroinak zafratutako Tompkins Square parke sonatua, auzoko disko dendak, Alphabet City, Nuyoricanoen slam famatuak egiten diren caféa… Bazkaltzeko Momofuku Noodle Bar-era egingo nuen, Treme telesailean azaltzen den jatetxearen bertsio merkera. Errieta egin ohi zidan Casey-k, banuelako beti arrazoi estranbotikoren bat leku bat edo bestea bisitatzeko: bata ez dakit ze filmetan azaltzen zela, bestea halako nobelan, hurrena abesti batean aipaturik… Zergatik gidatu behar naizen horiengatik guztiengatik hark. Eta nik beti dagoela gida bat, agerian edo ezkutuan, leku berri bat bisitatzen duzunean. Eta nireak estupidoak baziren nire problema zela. Hark gauza horiek guztiek, hots, irazki horiek guztiek, zuzeneko esperientzia biziak edukitzea galarazten zidatela. Nik zuzeneko esperientzia horiek mito huts direla, beti dagoela irazkiren bat. Hark ez dudala kriterio propiorik, berezko izaerarik. Nik halakorik ez dela existitzen eta ez dudala batere gogorik berezko izaerarik izateko, endemas. Eta horrela.

Total, 14. abenida ekialderantz hartu eta gero hegoalderantz egin nuen kalerik kale, eguraldi ona probestuz, Lower East Siden barrena. Egin dut osteratxoa eta joan naiz 1. abenidara, 10. eta 11. kaleen artera. Jan dut soja eta noodle bete katilu eta abiatu naiz atzera hegoalderantz, Williamsburgeko zubiaren inguruetara joateko asmoz. Bidean jaso dut Caseyren mezua, Long Island City-ko etxean dagoela baina laster dela ateratzekoa Film Forum zinemara joateko. Ze film? Frantses bat. Tira, Williamsburgekoa beste baterako utziko dut, atean geratu gara. Houston kalea ia osoki gurutzatu behar dut baina oraindik denbora dudala kalkulatu eta Boweryn gora egin dut Think Coffe-n espreso bat hartzeko asmoz. Blogerako prestatzen ari naizen NYCko café-ei buruzko posterako baliagarria izango zait. Kalkuluek traizionatu egin naute beste behin eta pixka bat berandu iritsi naiz zinemara. Filma hasi berritan eseri gara, oraindik ez dakit filmak nola izena duen ere.

images

Atera gara aretotik, durduzatuta ez ezik trubiatuta neroni zineman ikusitakoarekin. Sor eta lor ez ezik zur eta lur. Caseyk arin ibiltzeko, metrora joan behar garela agudo, ordu laurdenean itxiko dutela. Metroa itxi? Ez da-eta metroa sekula ixten, are gutxiago igande batez arratsaldeko zazpietan. Urakanagatik dela. Urakana? Zer urakan baina? Atzera begiratu dut, benetan zinema aretotik atera ote garen segurtatzeko. Ea ez naizen enteratu, urakan bat dela iristekoa; metroa itxiko dutela eta jende guztia babesera joan behar dela. Are you kidding me? Swans eta Devendra Banhart-en kontzertua dudala bederatzietan Mercury Loungen eta moldatuko naizela gero itzultzeko. Ea kaskotik nagoen, seguru kontzertua bertan behera geratuko dela, hiri guztia itxiko dela. Telefonoz deitu dut aretora baino ez du inork hartu. Kafetegi atarian ikusi bai baina jaramonik egin ez diodan afixarekin gogoratu naiz orduan; ordutegiari buruzko zerbait jartzen zuen. Etsi egin behar izan dut Caseyk esan didalako, jada apur bat ernegatuta, metroa hartuko duela eta egin dezadala gogoak ematen didana. Neronek ere hartu dut bada, hark Queens-erantz, ni Harlem-erantz.

Estazioa mortu, ateak irekiak edonor tiketik gabe sartzeko moduan. Linea gorrian 1 trenera igo eta 125. kaleko geltokian jaitsi naiz. Etxera bidean supermerkatu bat ikusi dut irekita. Mukuru da. Sartu naiz, apalategi zenbait hutsik jada, ur botilak biltzen zituzten plastikoak lurrean. Hestebete xerra zenbait eta ogia erosi dut, baita arroza pakete bat ere. Etxean dudanarekin moldatuko naizela uste dut. Aurrera egin dut, etxera iritsi eta beheko atean egin dut topo nire estudioaren aldamenekoan bizi den morroi exzentrikoarekin. You know what’s going on, right? Yes, I do know… Eta I guess gehitu dut hark ez entzuteko moduan, Swansen kontzertua galdu izana madarikatzen dudan bitartean. Haizea harrotu da bat-batean eta beti gainean daraman kapela lumaduna eraman dio auzoari boladak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s