Años lentos, Fernando Aramburu

Izenburua: Años lentos
Autorea: Fernando Aramburu
Argitaletxea: Tusquets
Urtea: 2012

Fernando Aramburu euskal literaturan ezagunagoa da noizbehinka “euskaraz idazten duten idazleei” buruz jaulkitzen dituen purrustadengatik bere liburuengatik baino. Azkenekoa, Tusquets saria jaso ondotik bota zuen, urte luzetan esan izan den topikoa –euskal literaturan ETAri buruz ez dela idazten– enegarrenez errepikatuz. Euskal literaturaren ezagutza minimoa duen edonork daki hori esatea zentzugabekeria totala dela, baina ezagun denez, ezjakintasunak eta ausarkeriak elkarrekin meriendatu ohi dute igandetan.

Hain zuzen Años lentos nobelagatik eman zioten Tusquets saria Arambururi, eta herra baino sentimendu makurragorik ez dela uste duten horietakoa naizenez, eskuartean hartu dut, besteak beste iaz jaso zituen kritika onek akuilatuta –tira, azaleko argazkiak orobat; azken batean, ñoñostiarrak ez (ñoñostiarrak beti besteak dira), baina akaso doñostiarrak bai bagera eta–.

anos-lentos-vii-premio-tusquets-editores-de-novela-9788483833803

Aurretik Los peces de la amargura ipuin liburua irakurria nion autoreari; ipuin liburu interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta gorabeheratsuegia eta momenturen batean baita engaiatua, engaiatuegia, ere. Años lentosi dagokionez, alderdi nabarmenetako bat narrazioaren egitura da. Bi testu motek –bi narratzaile ezberdin dituztenak– osatzen dute liburua. Testuok balizko nobela baten aurrelanekoak izango lirateke; hots, Aramburu bera idaztekotan den nobela baterako materialak. Batetik istorioaren protagonistak bidaltzen dizkion testuak ditugu, lehenengo pertsonan idatziak eta zortzi urte zituenean jazotakoak gogoratzen dituenak. Testu hauek dira nagusiak liburuan eta istorioa benetan gorpuzten dutenak. Bigarrenik, Aramburu beraren –Fernando Aramburu izeneko idazle baten, esan nahi baita– apunteak agertzen zaizkigu tartekatuta, lagunak bidaltzen dizkion testuei buruzko erreferentziekin, hartu beharreko hautu literarioen inguruko hausnarketekin, elkarrizketa solteen saiakerekin, eta beste. Apunteok aski egokiak dira idazle baten azalean sartzeko; hots, nobela bat idatzi aurretiko idazlearen gogoetak ikusteko, zeri ematen dion garrantzia, elementu diferenteak nola lotzen dituen. Aparatu metafikzional hau ondo landu eta osatua dago eta nobelaren indargune agerietako bat da; haren bidez ahots ezberdinen artean mugitzeko aukera uzten zaio irakurleari, eta baita balizko nobelaren inguruan espekulatzeko ere.

Istorioak, hala, zortzi urteko umearen bizitza zati bat kontatzen du. Nafarra bera, Donostiako Ibaeta auzoan bizi den izeba baten etxera joaten da bizitzera 1960en hondarrean Iruñeako Erruki Etxetik irtenda. Han bizi dira izeba-osabak –Maripuy eta Vicente– eta haien bi seme-alabak, Julen eta Mari Nieves. Julen Frankismoaren kontrako mugimenduaren giro abertzalean dago murgildurik, Victoriano apaizak abdukziturik-edo. Julenek protagonista autobus geltokian jasotzen duelarik narratzaileak egiten duen deskribapena irakurrita, badakigu ETAn amaituko duela:

[Julen] Tenía un cigarrillo pinzado entre los dientes. Me hizo un gran desprecio. Y fue que entró en un bar cinco o seis metros antes de llegar a mi lado.
Lo primero que dijo al verme fue:
–¿Cómo tú por aquí, navarro de los cojones?
Y acontinuación, a manera de saludo, me amagó un puñetazo desde su altura de mozo fornido.

Ezbairik gabe, halako astokilo batek zori bakarra baizik ezin zuen eduki: ETAn amaitzea. Eta baiki, horixe da nobelaren ahulgune nagusia, Ramon Saizarbitoriak Koldo Izagirreri inoiz egotzi zion gehiegizko grina: “Aberria geure aberria da baina, tira, ez da hainbesterakoa ere. Guri horixe egokitu zaigu eta Koldok erakusten duen grina hori oso literario den arren, gainetik kendu beharko lukeela uste dut. Literatura kendu egin beharko luke toki horretatik eta, egia esan, noizbait kendu ere egingo duela uste dut. Ez dakit ondo ulertuko den esaten ari naizena.” Ken aberria antiterrorismo/antinazionalismoaren itsukeriagatik eta ekuazio antzekoa aterako zaizu.

Julen, ETAn sartu eta denbora gutxi barru handik irteten den arte, pertsonaia karikaturesko hutsa da, zeinaren dialogo batzuk literarioki sinesgaitzak ez ezik kasik komikoak diren. Karikatureskoa den bezala Victoriano apaiza. ETAko militante baten larruan jartzean, Aramburuk huts egiten du goitik behera. Huts egiten du, esaterako, Saizarbitoria beraren edo Jokin Muñozen liburu batzuetako etakideekin alderatuta –eta ez dut uste idazleok sobera susmagarri direnik ETArekiko onberak izateagatik-edo (edo bai, zeren antiterrorismoaren sukarraren beroan, ultraeskuindarra ez den oro izaten ahal da-eta epel)–. Besterik da, ordea, Julen ETAtik irten eta egindakoaz damutzen denean –batez ere hasierakoarekin alderaturik–. Orduan, salbuespenen bat landa, hezur-haragizko pertsonaia sinesgarri bilakatzen da bat-batean. Zalantzak ditu, sentimenduak, ahulezia erakusten du. Eta hau kontu literario soila da; ziur aski dezente gogorragoa baita ezker abertzalen tradizioarentzat –eta baita polimilienarentzat, bide batez– beregain hartzea bigarren zati hori –alegia, “damutuei” historikoki egin jazarpena– erakundean txoriburuek militatu izana baino.

Errelatogintza hain zabaldua dugun honetan, Aramburuk errelato jakin baten gerizpean idazten du halaber, zeinak hiru ideia indartsu dituen:

–ETA hasieratik zen arbuiagarria, jatorrian zuen gaitza: ETAren hastapenetan kokatzen baita istorioa.
–Elizaren zati batek ETArekin kolaboratu eta berau sustatu izan du: hau da, hainbat kobazulotan entzuten den legez: “ETA nació en un seminario”.
–Nafarrak Euskal Herriaren barruan sartzea inbento berri bat da: hortik Julenen nafarrekiko kontrakotasuna.

Julenen pertsonaiaren hastapeneko irudikatze eskasak bereziki kontrastatzen du nobelaren beste ildo nagusiarekin. Mari Nieves lehengusinari dagokio ildo hori. Liburuari buruzko zenbait iruzkinetan kasik aipatu ere egiten ez den arren, alderdi hau iruditzen zait nobelako taxuzkoena ezbairik gabe. Auzoko zenbait mutilekin ibili zalea, auzoen, apaizaren zein familiaren presioa jaso behar du, bereziki haurduntzen denean. Oso ongi dago irudikatua neska gajoak jasan behar duen garaiko giro kontsebadore, matxista eta itogarria, eta esku abilez daude zirriborratuak hala Maripuy nola Vicente, Visentico gizajoa. Baita Donostiako garaiko Ibaeta auzoa ere, literaturan, nik dakidala, inoiz edo ia inoiz irudikatu ez dena. Hala, nobelak, bukaera aldera egiten du gora. Batetik Maripuyren istorioak espazio handiagoa hartzen duelako, eta bestetik, ETAtik bueltan, Julenek kartoizkoa izateari uzten diolako.

Dena den, nabarmentzekoa da, halaber, Aramburuk amaieran egiten duen autokritika saioa 38. apuntean. Beste hainbatek garbi utzi nahi izango zuketen haiek beti paratu zirela terrorismoaren kontra, beti izan zirela demokrata eredugarrizkoak, baina hara non, honakoa idazten duen Aramburuk Visentico behin autobusean ikusi zuenean sentitu zuenari buruz, zeina giza kondizioaren lintxamendurako jaiduraren adibide bikaina baita:

En el Antiguo, frente a cervezas El León, se monta Visentico. Chapela, camisa de cuadros, jersey a la espalda con las mangas anudadas sobre el pecho, mondadientes en la boca. Siento nada más verlo una aversión invencible. No me ha hecho nada. ¿A quién iba a hacer nada malo aquel obrero bondadoso e inculto? Se dice, se cuenta, se mumurra. Me han contagiado el odio que le profesa a él y a su familia mucha gente en el barrio por causa del hijo supuestamente colaborador de la policía. Me ve, me saluda. En lugar de corresponder a su saludo le clavo una mirada de fuego. Comprende. Sin decir nada vuelve la cara hacia otro lado.

Izan ere, beste aldera begiratzea baino aski makurragoa baita beste aldera begiraraztea.

One comment

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s