Maitasuna serioski egitea

Henry James-en Los europeos ari nintzen irakurtzen, bigarren eskuko merkaturen batean erositako edizioan –Orbis, Bartzelona, 1982. Itzultzailea: José Luis López Muñoz– eta susmoa nuen ez zela itzulpen eta edizio finena. Hainbat erratez aparte, esamolde eta hitz bat edo beste arrotz samarrak egiten zitzaizkidan zenbait testuingurutan. 122. orrialdean, halako esamolde bat beste behin irakurri ondoren, susmoa areagotu eta bilaketa batean murgildu nintzen.

Kontua da nobelan zehar behin baino gehiagotan azaltzen dela “hacer(le) el amor” esamoldea eta benetan arraroa egiten zitzaidan XIX. mendeko istorio batean pertsonaiak halako gordintasunez hitz egiten ikustea. Aipatu kasua, 122. orrialdekoa, halakoa zen.

A la semana siguiente, le preguntó [Mme. Münster a Clifford], sin mayores rodeos:
–¿Le estás haciendo seriamente el amor a tu primita?

Baiki, nik ere WTF! handi bat bota nuen nire baitarako. Hacer seriamente el amor? A tu primita? Tira, lehengusuarena baino –gure gizartean lehengusu arteko sexu harremana intzestutzat hartuko litzatekeen arren badakigu hori gizartetik gizartera aldakorra dela– “hacer seriamente el amor” horrek piztu zidan alarma-argia. Seriamente? Nola egiten da hori? Lagun bati seriamente barik “hacer fuertemente el amor” esatea gustatzen zaio, edo zehazkiago, “follar fuerte”, baina ez da Henry James eta XXI. mendean bizi da. Susmoa zen, beraz, hor itzulpenarekin arazoren bat zegoela.

Halaxe joan nintzen originalaren bila. Sarean laster aurkitu zitekeen Gutenberg proiektuari esker, eta halaxe konprobatu ahal izan nuen nola zen jatorrizkoan.

About a week afterwards she said to him, point-blank, “Are you seriously making love to your little cousin?”

“To make love”. Itxura batera, beraz, ondo itzulia zegoen. Dudarik gabe, gaur egun, ingelesezko “to make love” “hacer el amor” gisa itzuli behar da gazteleraz. Ez nuen etsi, haatik, kontuak oraindik kirrinka egiten baitzidan. Google bidezko bilaketa batzuk aski izan zitzaizkidan (nola egiten ziren gauza hauek internet aurreko aroan?) ikusteko badagoela “to make love”n esanahi arkaiko bat “to woo” esan nahi duena; alegia, Collins hiztegiaren arabera: woo [wuː] Vtv 1(lit) cortejar 2(fig) buscarse. Dudarik ez, “cortejar”, konnotazio sexual markaturik gabeko termino hori, askoz ere konpatibleagoa zen XIX. mendeko nobela batekin. Henry Jamesek, “to make love” idatzi zuenean, ez zuen Clifford eta haren lehengusinaren arteko eszena bero-Twistar (H. Cano) bat buruan; ezagun denez, XIX. mendean dena baitzen sotilagoa.

P.D: Badago Jamesen nobelaren euskarazko bertsioa, Irene Aldasororena, eta ez zen “to make love”n tranpan erori: “Handik astebetera edo, zera esan zion baronesak, itzulingururik gabe, «Serioski ari al zara zure lehengusutxoari maitasuna adierazten?»”

[Eguneraketa: 2013-04-02, 09.18]

Luistxok idatzitako iruzkin batek ezer idatzi aurretik egin behar nuena egitera eraman nau, hots, “hacer el amor”-ek, gazteleraz, beste adierarik duen begiratzera. Eta bai, “cortejar”en zentzuan erabil daiteke RAEk dioenez. Beraz, aurretik idatzi dudan guztia ezerezean geratu da eta itzulpena ez zen okerra. Egunero ikasten da zer edo zer.

3 comments

  1. Nere postekin loturak: Maitasuna serioski egitea | zuzeu.com
  2. Idoia Santamaría Urkaregi

    Buruz ari naiz, baina esango nuke hegoamerikar idazle batzuek ere horrela erabiltzen dutela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s