El encargo del cazador, Joaquín Jordá

Kontua Kaxilda liburu-dendan (eta gehiago) hasi zen; ausaz, benetako liburu-dendetan gertatu ohi den moduan. Eskuartean hartu nuen El discreto encanto de la subversión. Una crítica cultural de la gauche divine izeneko liburua, Alberto Villamandos-ek sinatua. Bartzelonarekiko afinitate sentimentalaz haratago, mugimenduak aspalditik piztu izan didan interesak akuilatua erosi nuen, maiz entzundako Bocaccio diskoteka sonatuan-eta jazo ei zirenek bultzatuta. Liburu aski gomendagarria da, gauche divinearen azterketa bikaina, ikasketa kulturalalen esparruko lan puntakoa. Ez naiz gaurkoan, ordea, liburuaz arituko, han aipatu eta aztertzen den dokumental baten gainean baizik, Joaquín Jordáren El encargo del cazador-ez.

Jordá estatuko XX. mendeko zinemagile nabarmenetakoen artean kokatu ohi du kritikak, nahiz eta, ziur aski, bere lana ez den sobera ezaguna. Bada, aipatu dokumentala oraindik ezezagunagoa da, zinemagile katalanaren filmografiaren bazter batean kokatzen dena. Zinema-aretoetatik at geratu zen TVEren produkzioa da, telebistan behin bakarrik emititua, 1999an, eta gaur egun Espainiako telebista publikoaren web-orrialdean topatu daitekeena osorik.

Filmeko fotograma bat, Jacinto Esteva bera azaltzen dena.

Filmeko fotograma bat, Jacinto Esteva bera azaltzen dena.

Filma Jacinto Esteva arkitekto eta zinemagile katalanari buruzko dokumentala da. Pertsonaia berezi bezain gehiegizkoa, zentzu guztietan. Esteva 1985ean hil eta hiru urtera haren alaba Daria-k Jordári eskatu zion aitari buruzko dokumentala egin zezan. Filma Jordárena bada ere, Dariak pisu funtsezkoa du dokumentalean, bertako gidari izateraino ia. Gainera, Jordák erruduntasun sentipendu batetik grabatzen du filma, Esteva laguna 1969tik ez baitzuen ikusi eta geroztik hark edukitako arazo psikiatriko eta pertsonalei entzungor egin zielako nolabait. Karga afektibo handiko dokumentala da honenbestez, hala Jordá nola Dari dagokienez, baina baita Estevaren beraren bizitza gorabeheratsu, muturreko eta tragikoarengatik ere. Hain zuzen 60etako hondarreko urteak izan ziren gauche divinearen urte loriatsuak eta Esteva nahiz Jordá –lehenengoa bigarrena baino argiago, hori bai– talde haren inguruan eta barnean mugitu ziren artistak izan ziren.

Nahiko saihestezina da filma ikusi eta El Desencanto-rekin akordatzea. Biek familia baten ustela azalaratzen dute, beren hondoramendu gordinena, eta bietan hildako banaren presentzia –Leopoldo Panero aita eta Esteva– handia da oso. Dokumentalari buruz sarean topatu ditudan aipamen bakanetan El Desencantorekiko gertutasuna aipatzen da hain zuzen ere. Daria eta Michiren artekoa (nik gehiago alderatuko nuke Felicidad Blanch-ekin, baina tira) esaterako. Haatik, Jordák hainbat berritasun formal darabiltza Jaime Chávarri-k erabili ez zituenak, besteak beste, hogeita hiru urteko diferentzia dagoelako batetik bestera.

Asko dira El encargo del cazadoreko sekuentzia gogoangarriak. Bocaccio-ren revilval baten modukoa litzatekeen eszena adibidez, gauche divineko pertsonaia mordoa hainbat mahaien inguruan ikusten direla han-hemenkako ahotsak tartekatuz travelling luze batean. Estevaren korrerietako lagunak taberna hits batean azaltzen direnekoa, errepikapen eta mozketa jarraiez filmatua. Estevaren bigarren emaztearen testigantza azaltzen denekoa, momentu batean Jordá bera azaltzen dena halaber, halako jauzi metadiegetiko batean. Badira gehiago (psikoanalista, psikiatra, Pere Portabella-ren hoztasuna…). Raccordaren hausturak ere errepikariak dira. Baliabideok, gainera, debaldeki erabili beharrean benetako aberastasun eta pertinentziaz baliatzen ditu zuzendariak, esan bezala, sekuentzia gogoangarriak osatzen dituztela. Aparteko aipamena zor zaio filmaren amaierari, non Esteva hil aurreko grabazio batzuk ageri diren, protagonista delirio bete-betean azaltzen dela. Estevaren azkeneko bikotea eta Daria ere agertzen dira, bakoitza bere aldetik, irudiok ikusten.

Villamandosen teoria da film honek gauche divinaren desmitifikazio dispositibo moduan funtzionatzen duela, mugimenduaren ohiko nostalgiarako joerari kontrajarria. Ezbairik gabe, nekez imajinatzen ahal da gisa honetako beste saiakera mutur eta gordinagorik. Ez da harritzeko Colita-ri, esate batera, batere gustatu ez izana, haren ustez Estevaren soslai ilunegia ematen delako. El desencantoren kasuan bezala, ez dakit familia irabazten atera zen –susmoa dut ezetz–, baina ziur zinema eta ikusleok irabazten atera zirela. Halako krudela izaten da sarri artea.

Horregatik, zinez harrigarria egin zait dokumental hau ez egotea estatuko zinemagintzaren klasikoen artean kokaturik. Uste dut ez dela exageratzea han leku pribilegiozko bat merezi duela esatea. El Desencantoren fan ugarientzako must bat, bai, eta baita gainontzekoentzako ere.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s