Primavera Sound 2013

Primavera Sound jaialdiak halako tamaina hartu du ezen ia ezinezkoa baita bertan ikusitakoaren balorazio orokor bat egitea. “Zer moduz aurtengo PSa?” galdetzen dizutelarik “nirea ondo” “nirea gaizki” erantzutea beste aukerarik ez zaizu geratzen. Adibide bat jartzearren, larunbatean Nick Cave & The Bad Seeds taulagainera irteten zirela, Camera Obscura-k, Dan Deacon-ek eta Tarántula-k ere gauza bera egiten zuten beste eszenatoki batzuetan. Zortzi eszenatokiko jaialdia baita egun PS; zortzikoa, Ray-Ban Unplugged, Salón Myspace Smint eta Minimúsica eszenatoki txikiak kontuan hartu gabe.

Nire gusturako, jaialdi handiegia bihurtu da. Garai batean beti utzi behar izaten zenuen talde gogokoren bat ikusteke baina egun jada hiru edo lau jaialdi leku berean egingo balira bezala da. Zer moduz talde hau? Zer moduz beste hura? galdetu eta besaburuak altxatzen dituzu, ez dituzulako ikusi –eta kidea zalantzan ikusten duzu benetan jaialdian egon ote zaren edo dena pose hipster bat den–. Jendetza ere gehiegizkoa izaten da eszenatoki nagusietan puntako orduan eta guneen arteko distantzia handiak (batez ere Heineken eta ATP eszenatokiena) ere jaialdi deseroso bihurtzen du.

Gauzak horrela, batez ere Primavera, Ray-Ban, Pitchfork eta Vice eszenatokietan ibili nintzen, besteak beste Heineken eszenatoki nagusiko izen handiei (Blur, Nick Cave, The Jesus And Mary Chain, My Bloody Valentine…) uko eginez.

Tarantula 02 Xarlene

Tarántula –Xarlene–

Hasteko zeozer nabarmentzekotan talde afrikarrak nabarmenduko nituzke. Tinariwen tuareg beteranoak eta, batez ere, Benin-go Orchestre Poly Rythmo de Cotonou. Lehenengoek emanaldi ederra eman zuten ostiral gauean –indartsu hasi eta pixkanaka behera eginez, hori bai–, Afrika iparraldeko tishoumaren deitzen zaion musika rockaren instrumentaziora eramana. Orchestre Poly Rythmo goiztiarrak izan ziren larunbatean, arratsaldean jo zuten eszenatoki berean eta jende guztia ipini zuten dantzan. Ez dut imajinatu ere egin nahi kontzertu bera goizeko ordubitan zelako parranda litzatekeen. Musika berezia egiten dute; afrikako hainbat doinu (afrobeata eta beste) musika karibear eta latinoarekin nahasten dituzte.

Ostegunean, El Inquilino Comunista getxotarrak ondo ibili ziren taulagainean, gustura. Denboraren igarotzearekin, oraindik agerikoagoa da, batetik, Pixies taldearekiko zorra eta, bestetik, 90etako Espainiako indie-pop mugimenduaren testuinguruan kokatzen direla. Beren kontzertu bat ikustea esperientzia nostalgikoa da oroz gain. L’Hereu Escampa sorpresa ona izan zen. Manlleu-tik etorritako bikote (gitarra eta bateria) gazteak hardcorea eta popa nahasten ditu emaitza fresko eta indartsua osatuz. Formazioagatik izango da, baina ekidinezia egin zitzaidan Japandroids-ekin akordatzea. Woods ere ondo aritu ziren, baina urruti duela lau urte-edo Jamboree aretoan jotako kontzertu puskatik. Jaialdi handiek hori dute; masifikazioa, soinu sarritan ez oso ona eta denbora murritza kausa, nekez irits daitekeela kontzertu bat punta-puntakoa izatera, nagusiki halako talde txiki batena baldin bada. Antzeko zerbait esan daiteke Fred i Son-ez. Hauek, gainera, publiko oso txikiaren aurrean jo behar izan zuten, ordu berean Manel-ek jotzen zuelako –ulergaitza bi taldeok aldi berean programatu izana, bidenabar–. Chris Cohen-en pop abegikor eta epelarekin gozatu ahal izan genuen ondoren; tamalez, ordea, ez zen kontzertu borobila izan, puntu bat falta zitzaiola iruditu zitzaidan. Deerhunter apur bat ikusi ondoren, eguneko kontzertua izan zenera joan nintzen: Sean Nicholas Savage. Teklista bakarraren laguntzarekin, pertsonaia eszentriko eta berezi hau cronner kistch moduko bat da, AEBetako karreterako tabernaren batean edo Jim Jarmush-en film batean imajinatzen duzuna. Estonagarriak dira bere ahots eta interpretazio gaitasuna.

Sean Nicholas Savage –Xarlene–

Ostiralean Kurt Vile & The Violators-ekin hasi genuen eguna. Erdipurdi aritu ziren. Talde horrek zuzenean Vileri on egiten ez diola iruditu zitzaidan, bortitzegi eta zabarregi jotzen dutelako –gehienbat bateriak–. Jarraian Daniel Johnston ikusi nuen, eserita, goraino bete zen Auditori-n. Lehenengo aldia zen ikusten nuena eta Johnstonen inguruan denetarik ikusi eta entzun arren ondo sumatu nuen estatubatuarra, ondo osasunez zein musikalki, esan nahi baita. Abesti berriagoak bere klasikoekin (Beatles, Casper The Friendly Ghost, Speeding Motorcycle…) tartekatu zituen, “True Love Will Find You In The End” handiarekin amaituz. Matthew E. White-n kontzertuari tankera ona hartua nion baina pixka bat ustela atera zen. Americana soulerantz eramaten duen musikaria da White eta sarritan konparatua izan da Lambchop-ekin, eta hori, jakina, ez da edozer gauza. Ez ninduen gehiegi harrapatu ordea; oso profesional eta zuzena dena baina inspirazio handirik gabe. Aukeran, ildo antzekoan, nahiago Primavera Cluben jo zuen Little Wings. Tinariwen ikusi ostean James Blake ikustera gerturatu baina ez nuen gehiegi iraun. Ez da egokiena Blaken proposamenerako milaka lagunez inguraturik egotea, eszenatokitik urruti.

Daniel Johnston –Xarlene–

Larunbata Orchestre Poly Rythmo bikainekin hasi zen. Gero aurtengo hypea, Rodriguez, ordezkatu zuen Chucho. Taxuz ordezkatu ere. Emanaldi borobila eman zuen, zuzenean sendo, besteak beste “Un ángel turbio”ren bertsio indartsuarekin. Cayucasen kontzertua, bestetik, aski gatzgabea izan zen. Primavera Sounden eman zuen kontzertu aparta ondoren, berriz ere gerturatu nintzen Mac DeMarco ikustera eta egoera aski ezberdina izanagatik, ez zuen hutsik egin. Publiko artean amaitu zuen kontzertuak ixteko jotzen duen “Still Together” kantatu bitartean. Camera Obscurak ere kontzertu txukuna eman zuten beren pop bellesebastianeroarekin. Los Planetas-ek Una semana en el motor de un autobús disko jada klasikoa jo zuten zuzenean eta enegarrenez zuzenean pattal sumatu nituen. Ez dakit ze pentsatuko zuten kanpotarrek banda hori Espainiako punta-puntakoa ei dela entzundakoan. Tarántularena ordea nabarmentzekoa, kontzertu osoa ikusi ez banuen ere, ederki aritu ziren publiko eskasia gora-behera. Egungo Bartzelonako talde interesgarrienetakoa dela erakutsi zuten.

Eta halaxe amaitu zen aurtengo Primavera Sounda. Urtero bezala, hurrengo urtean errepikatuko ote dudan zalantza handiekin eta, urtero bezala, azkenean errepikatuko dudalako susmoarekin.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s