Berton aldizkarian elkarrizketa

Aspaldi blogera ezer ekarri gabe eta urtearen akabera baino lehen zer edo zer egin beharko ba, sikiera gu ere bizi garela erakusteko. Berton aldizkarirako elkarrizketa bat egin didate eta hemen ipintzea erabaki dut. Nartzisismo erakusketa debaldekotzat jo daiteke, baina tira, uste dut bi motibogatik dela haizu hona ekartzea: elkarrizketaren bertsio digitalik ez dagoelako eta elkarrizketa aski luze eta interesgarria (galderak, prefostias) iruditzen zaidalako. Aspaldiko partez nire ideia batzuk idatziz azaltzeko aukera eman dit gainera.

Eskerrak eman nahi dizkiot bereziki Iraitz Urkulori.

 

 

Testua: Iraitz Urkulo
Argazkiak: Iñigo Azkona

“Irakurleon kontzientzian pitzadurak eragin ditzan eskatzen diot literaturari”

Euskal literatura du Beñat Sarasolak pasio eta ofizio. Poeta gisa Kaxa huts bat (2007) eta Alea (2009) argitaratzeaz gain, hainbat urtez kritikak idatzi ditu Berrian. Larunbatero, ETB1eko Sautrela saioan ikus dezakegu. Musikaz eta zinemaz ere hausnartzen du separata.wordpress.com blogean. Proiektu berri batekin dator orain: berak zuzentzen duen “Munduko Poesia Kaierak” bilduma (Susa).

Zer da zu bezalako donostiar batentzat Bilbo?
Oso maite dudan hiria da Bilbo. Beti erakarri izan nau. Nire Euskal Herriaren zati handi bat hartzen du, ezin dut imajinatu Euskal Herria Bilborik gabe. Bilbo-Donostia arteko lehia gehienetan txepela, Vocento talde eta enparauentzat utziko dut hobeki.

Zein harreman duzu hiriarekin?
Ia urte betez bizi izan nintzen eta lagun handiak ditut han. Orain Donostian bizi banaiz ere, hilero joaten naiz gutxienez hara Bidebarrieta Literatura Tailerreko arduradun naizelako.

Zenbat urte daramatzazu ardura horretan? Nola funtzionatzen du tailerrak?
Honakoa hirugarren urtea da. Orain arte hamabostean behin egiten genuen baina aurten hilean behin elkartzen gara nik aurrez aukeratutako liburu baten inguruan hitz egiteko. Hautatutako liburu gehienak nobedadeak eta narratibazko lanak izaten dira baina beti saiatzen naiz sartzen itzulpenen bat, poesia libururen bat, eta inoiz, baita saiakeraren bat ere. Gehienez bi orduko saioak izaten dira. Saio batzuetan ere idazlea etorri ohi da bigarren orduan.

Zein da zehazki zure lana bertan?
Nire egitekoa irakurgai zerrenda aukeratu eta saioak bideratzea da, liburuaren inguruko hainbat gai, alderdi eta abar mahai gainean ipiniz. Ahalik eta gutxien hitz egiten saiatzen naiz, baina ez dakit lortzen dudan beti…

Poeta, kritikaria, itzultzailea, hitzaurregilea, ikerlaria; prentsa idatzian eta ETB1eko Sautrela saioan kolaboratzaile… Ezeri ezetz esan diozu inoiz?
Bai, esaten diet gauza batzuei ezetz. Bata bestearen atzetik zerrendatuta gauza asko dirudite baina aipatutako jarduera horietariko batzuk oso esporadikoak izan dira. Tesia egiten eman dut lau urte eta hura amaitzean beste ezeren bila hasi behar eta nahiko ezustean, lan ugari ailegatu zait arrapaladan.

Saltsa literario guztietan zaude, beraz.
Nire afizioa, pasioa, ikasketak, denek dute zerikusia literaturarekin, eta beraz, ez da hain harrigarria ere hala ibiltzea. Kontua da modu horretan bizibidea ateratzeko hamaika gauza egin behar izaten dela. Lehengoan esan zidaten: “leku guztietan zaude! Zu eta Harkaitz Cano!” Uf, pentsatu nuen, eta Hondarribiatik irteten zen lehenengo hegazkina hartu eta munduaren beste puntara joateko gogo bizia sartu zitzaidan, hori ere hala da.

Galdera tipikoa: zergatik poesia eta ez, esaterako, ipuinak?
Idazten hasi nintzenetik askoz erosoago sentitu izan naiz poemak idazten ipuinak baino. Baditut ipuinak idatziak, baina ez dut uste eskaskeria gainditzen dutenik.

Poeta ala idazletzat duzu zure burua?
Ezinbestean poeta eta idazle artean aukeratu beharraren atakan ipintzen banauzu, nahiago idazle. Poesia eta poetekin oraindik ere erlazionatzen diren ideia, estetika, pose eta enparauek, hozkia eragiten didate, leunki esatearren.

Aspaldi ez duzula lan berririk kaleratu, poesia idazten jarraitzen duzu?
Azken urteetan ez dut nahi beste denborarik izan sormen lanerako. Zerbait idatzi izan dut baina ez behar den jarraitasun eta diziplinaz. Inoiz hortik zerbait osatuko dudan ez dakit, baina ez dut uste epe motzean izango denik. Nahiko nuke idatzi, baina astia hartzea ez zait erraza.

Zer suposatu du zuretzat zuk idatzitako zenbait poema gazteleraz argitaraturik ikusteak?
Apenas dut eskarmenturik nire lanak itzulita ikustean eta, beraz, nahiko berezia izan da. Jakinmina nuen ea euskaraz ez dakiten nire lagunek nola irakurriko zituzten. Kuriosoa izan da ikustea gutxi-asko harrera antzekoa izan dela. Bakoitzak irakurketa propioa egiten du, baina euskarazko irakurleentzat poema deigarrienak zirenak espainolezkoentzat ere antzera izan dira.

Abendu hasieran aurkeztu zenuen “Munduko Poesia Kaierak” izeneko bilduma, Susa argitaletxeak bultzatu eta zuk zuzentzen duzuna.
Susa argitaletxean aspaldiko asmoa zen bilduma hori abiaraztea. Ideia, nolabait, Koldo Izagirrek zuzendutako “XX. mendeko poesia kaierak” proiektuarekin sortu zen eta hor egon da urtetan gauzatuko zain. Halaxe ekin genion duela hilabete batzuk ideia hartu eta gauzatzeari eta pixkanaka gorpuzten joan da harik eta jada bilduma aurkeztu dugun arte.

Zertan datza proiektua?
Bilduma munduko poeta esanguratsuen antologiek osatuko dute. Poesia modernoa hartuko da aintzat, hots, gutxi gora behera XIX. mende erditik XXI. mende arterakoa. Poeten aukeraketa ahalik eta zabalena izaten saiatuko gara, genero, estilo, jatorrizko hizkuntza eta abarri dagokienez, baina denak ere beren tradizio literarioan poeta erreferentzialak izango dira. Ez dugu aurretiaz ezarritako poeta zerrenda itxirik, antologiak itzultzaileen eta nire artean erabakitzen ditugu, itzultzaileen nahi, gustu, tenple eta bildumaren beharrizanen arabera. Poemen aukeraketa itzultzaileen esku egongo da; nik iradokizun bat edo beste egin ahalko dut, baina gainontzean, itzultzailearen erabakia izango da zein poema sartu.

Poeten izenak aurreratzerik baduzu?
Lehenengo sei poeta antologatuak honakoak izango dira: Georg Trakl (Anton Garikano), Maria Merce Marçal (Itxaro Borda), Aime Cesaire (Iñigo Aranbarri), Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa). Horietaz aparte, beste zenbait ditugu jadanik bideratuak, datozen urteetan argitaratuko direnak; esate baterako: Anne Sexton (Harkaitz Cano), Ingeborg Bachmann (Nagore Tolosa), Eugenio Montale (Anjel Lertxundi), Jorge de Sena (Rikardo Arregi Diaz de Heredia).

Zein da beste tradizioetako poesia euskarara ekartzearen garrantzia?
Hutsaren hurrena da euskaraz itzuli den poesia, gure kalkuluen arabera, 100 bat poema liburu itzuli dira soilik euskal poesiaren historian. Hori zoritxar bat da, ez bakarrik poesia zale eta irakurleentzat, baizik eta euskal poesia berarentzat. Izan ere, poesia itzulpenak lengoaia poetikoa zabaltzen, garatzen eta aberasten lagun lezake, eta hala, sortzez euskarazkoa den poesiari ere onura ederra ekar lekioke. Horretaz aparte, poesia bezainbat gustatzen zaigu poeta eta ahots poetiko berriak ezagutzea eta bildumak horretan ekarpena egitea espero dugu.

Bizi dugun garai postmodernoan, kopia eta originalaren arteko muga inoiz baino lausoagoa denean, itzulpena sormen-generotzat jo daiteke?
Ni bereizketen aldekoa naiz. Itzulpena eta sormena bi gauza diferentetzat ditut. Jakina, kasu estremoetan mugak elkar ukitzen dira; hor dugu, esaterako, Xabier Olarraren itzulpen miresgarria, Raymond Queneau-ren Estilo ariketak. Nork uka asko duela sormenetik? Ordea, salbuespenetatik kategoriak egin eta orokorkeriatan ibiltzea –postmodernitatearen gauza tipikoetako bat, bestalde– ez zait oso zuhurra iruditzen eta sarri alferkeria intelektuala adierazten duela esango nuke.

Ez zaude, hortaz, kritika sorkuntza mota bat dela onartzeko prest.
Iruditzen zait kritika ere sormena dela dioen ideia horrek alimalezko truñoak ekoitzi izan dituela. Egungo literatur kritikaren panorama, mundu zabalean, gaitz horrek jota dagoela esango nuke; alegia, obrak edo auzi literarioak esplikatu eta juzgatu beharrean pirueta koloretsuak egiteko neke handiak hartuta, eta emaitza sarri askotan lotsaemangarria izaten da. Horretan guztian ere badago alferkeria intelektualetik zaku bete.

Zein irizpideen arabera kritikatzen dituzu obrak?
Ez dut uste kritikariak irizpide zehatzik eduki behar duenik aurretiaz. Nire ustez kritikari batek hainbat lanabes kritiko erabiltzen jakin behar du, baina liburuak berak eraman behar du kritikara.

Zeintzuk dira literatura lan batek izan behar dituen funtsezko balioak?
Liburu bati eskatzen diot irakurlearen kontzientzian pitzadurak eragin ditzan, ez dakion suertatu eroso. Azken finean, Sklovski handiak aspaldian esandakoa, nolabait: irakurlearen automatizazioak haustea. Hori egiteko, baina, bideak ugariak da, eta interesgarriagoa dena, ez dakigu etorkizuneko bideak zeintzuk izango diren.

Maiz entzuten da gurean apenas dagoela kritika txarrik. Egia da hori?
Kritika txarrak bakanak dira gurean, oraindik ere, hala iruditzen zait. Azken boladan argitaratu diren hainbat liburu aski kaskarri egin kritikak ikustea besterik ez dago kritiken hemerotekan. Kontu zaharra da eta ez naiz berriz ere horren keriak zerrendatzen hasiko, baina kritika deslegitimatzeko bide onenetakoa da hori. Kritikak, etimologikoki ere, hori esan nahi baitu besteak beste: bereizketak egitea.

Liburu baten kritika negatiborik idatzi duzu inoiz? Idazlerik haserretu zaizu? Eta alderantziz, halakorik jaso duzu?
Idatzi izan ditut kritika txarrak bai. Idazleak haserretu ote diren? Imajinatzen dut baietz, baina ez da hori nire problema; jokoaren parte da, nolabait. Esan behar dut, hala ere, idazleok, oro har, oso adeitsuak izan direla nirekin ostera, eta eskertzen da. Nik ere jaso ditut kritika txarrak; ez dut esango pozten zarenik baina aski ongi eramaten ditudala esango nuke.

Aurten Santiago Onaindia Beka eskuratu duzu, zorionak! Zertan datza ikerketa proiektua?
1975-1990 urte bitarteko literatur aldizkariak aztertuko ditut, eta horiek euskal literatur sistemaren osaeran izan zuten garrantzia neurtu. Susmoa dut literaturaren historian eman ohi zaien garrantzia baino puskaz handiagoa dutela, eta neurri handi baten, egungo egoera zein azken urteetako kanona ulertzeko klabe asko eskaintzen dituztela.

2013ko bost kultura gomendio
 Musika-album bat: The Man Who Died In His Boat, Grouper
 Film bat: Cutie and the Boxer, Zachary Heinzerling
 Poesia-liburu bat: Parisen bizi naiz, Koldo Izagirre
 Eleberri bat: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe
 Saiakera-lan bat: Hiztunpolisa, Jon Sarasua

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s