Superpotentzia emozional batek jota bezela

Joan den urtean Giza Katera joatearekin euskaldun zintzoaren kuota bosturteko baterako behintzat beterik nuela sinetsirik, aurten kale egin dut estadioetarako erromesaldian. Esan gabe doa, asko izango dira uste dutenak iazkoarekin bakarrik nire konpromiso maila hutsaren hurrena dela –inoiz ez baita aski euskaldun jatorra zarela demostratzeko eginahaletan–, baina, aizuek, erabakitzeko eskubidea ez ezik nekatzekoarena ere aldarrikatzen dugu batzuek. Nire protesta txikia izan da beraz aurtengo ausentzia, apur bat gogaituta jadanik betiko paripé eta folklorismo artean ibiltzeaz. Zoritxarrez, estadioetan ikusitakoek –Anoetan behintzat– nire usteak konfirmatu besterik ez dituzte egin. Izan ere, iazko Giza Kateko jende erakustaldi, balentria eta abarren ostean, zer eta urtebete geroago estadioak jendez betetzea baino proposamen taxuzkoagorik ez egitea… Alaporai esan nuen nire kolkorako, eta kale egin.

Euskaldunok hogeitaka urte daramatzagu demostratzen muntaiak montatzen parekorik ez dugula, ekitaldigintzan txapeldun olinpiko garela. Bale, hori ongi frogatu dugularik, beste zerbait egiteko garaia bazela imajinatzen nuen; baina bai zera, berriz ere ebento ikusgarri bat, zer eta duela 17 urteko ereduaren kopia gainera (orduan han izan ginen baita ere, enegarren egun historikoan, Benito Lertxundi entzuten eta gauza horiek).

Harrigarria da nola betiko eskemak errepikatzen diren, ezaguna denaren bertangoxoan eroso. Esaterako, famosoen atxikimenduen ohiko zerrenda eta argazkia. Sinadura berriren bat gorabehera, holako argazki batek jendea sarrerak saldoka erostera eramango duela sinistea ez dakit zer den, xalokeria edo erosokeria, baina, edonola ere, espero dut atzoko zapuztxoaren ondoren famosoei urte batzuetarako bake pixka bat ematea. Merezita dute eta deskantsua. Alderdi politikoei begira egote hori ere –azken orduan EAJ gehitu zelako poza eta guzti–, ez ote aski zaharmindurik dagoeneko? Zorionez, kontuaren muina aparatu horien kalkuluengandik aski aparte dagoela esango nuke. “Bildu+ EAJ = Egina zagok” (bai, -k) ekuazioaren amarrua behintzat argi geratuko al zen! Bestetik, egitaraua ikusi eta, baiki, marmotaren eguna. Betikoak betikoa egiten: Jon Maia, Eñaut Elorrieta, Alkain, Pirritx eta Porrotx… Aurretik, oihal katean, hortxe ikusi nituen joaldunak, entzun nituen adarra, trikititxa. Kontua ez da halako egitarau eta sinbologiarekin jai izango dugula sektore sozial berriak erabakitze eskubidera agregatzeko (to, Errejon), ezpada betiko euskaldunak ere gogaituko ditugula luze gabe. Abertzale ez garenok aspaldi garatu dugu halakoetarako jasangarritasun –hots, pairagarritasun– azaltxoa, baina nago jada kaskotik oinetarako abertzaleak ere hasiak direla ernegatzen. Betikoa betikoek betiko moduan egiten, nola arraio sortu ezer erakargarririk? Nola eraman erabakitze eskubide demokratikoa euskal abertzaleez haratago?

Egiazki, ez naiz batere harritzen estadioak bete ez izanaz, baina oraindik argigarriagoak egiten zaizkit joan zirenen bueltako nekadura eta ilusio falta. Anoetako ekitaldia, behintzat, luze eta, topikotik topikora, ezin ernegarriagoa izan omen zen. Han esan zirenen arteko harribitxiren bat hartzea besterik ez dago. Jon Maiak “Euskal Herria superpotentzia emozional bat da” bota omen zuen lotsagorritu gabe. Ana Malagonek “hunkigarrismoa” deitu zion behin gure arteko epatatzeko joera horri, bertsolari –bon, puntulari– frankok, tipikoki, etengabe ustiatzen duten sentimentalkeriari. Alemaniarrek, berriz, kitscha deitu zioten aspaldi handian hunkitu-nahi jaidura horri, eta aski erreakzionarioa dela azaldu. Baiki, hunkitu nahiaren hunkitu nahiaz, jendea gurean ere paripé eta folklorismoez kokoteraino ez ote dagoen. Euskal Herria, superpotentzia izatekotan, hitz fazati eta jaialdi historikoena baita.

23 comments

  1. xorinokantharia

    Kritikatzea ongi dago, baina konstruktiboki… nik artikulu horretan ez dut taxuzko kritikarik irakurri; esandako guztia destruktiboa izan da, eta kritikak egitekotan, ongi egin behar dira, taxuz, fundamentuz eta eraikiz. Kritikak helburu batekin egiten dira: dakizunean kritikatu nahi duzun hori beste gauza hobeago batez aldatzen, hots, kritika KONSTRUKTIBOA eginez. Eta bai, ni abertzalea naiz eta Anoetan egon nintzen parte hartzen eta hura guztia posible egin nahian. Behintzat egin da horrelako ekitaldi erraldoi bat eta hobeagorik baduzu, proposatu eta egin, baina mesedez ez kritika destruktiborik egin, izan ere euskaldun asko eta askoren ametsak eta ilusioak zapuzten dituzu, eta zer da ba herri, gizarte, mundu bat ametsik gabe? Anoetatik atera ginelarik, nik poza eta ilusioa sentitu eta ikusi nituen, zerbait ona eta historikoa egin genuenaren sentimenduarekin, hori da egia…

  2. bsarasola

    Kaixo xorino,

    ez nuen inoiz pentsatuko iritzi artikulu batek inoren amets eta ilusioak zapuztu zitzakeenik, baina tira, jakin dezazula ez diodala inori nahigaberik opa, are gutxiago Anoetatik pozez eta ilusioz atera zenari.

    Adeitasunez

    • xorinokantharia

      Errespetu osoz, Beñat, zuk jakingo duzu zertarako idatzi duzun artikulu hori, baina ez dut uste errespetuz jokatu duzunik… igandeko ekitaldian Euskal Herritar askoren eta askoren, herritar xumeen lan handia dago atzean, baturan sinesten dugunona, gauzak politikaz haratago egin daitezkeela sinesten dugunona, eta Olentzero gurasoak ez direla badakigulako… (gustura irakurriko nuke hori) … Olentzero izaki mitologiko bat da euskal iruditerian…

  3. Otabelea

    Ez dut ulertzen zertarako demontre idatzi duzun artikulu hau. Ez duzu ekarpenik egiten, eta sufizientzia eta kritikatzen duzun horixe bera ageri da zure hitzetan (atzoko parte hartzaileengan ez bezala), pulpitokeria, betiko barreratik egindako kritikak. Ez dago eraikitzeko balio dezakeen adreilu bat bera ere, eta nahita gainera. Beñat, burla hutsa da artikulu hau, iseka egiten ari zara beren asmo onenaz lan egin eta ilusionatu nahi duenari. Zuk ez baduzu nahi, zure kontua da, baina ez izorratu mesedez. Kritika bai, zerbaiterako bada, postureoa ez.
    Ah, atzokoak balio ez zuela diozu, baina argitu egidazu mesedez zure post honek zertarako balio duen, zer lortu nahi izan duzun, helburu pertsonal bekaitzenetatik aparte, zu ez zaren beste jende kopuru esanguratsu batentzat.
    Agur, jauna

  4. Kapitain Planet

    Xorino, Otabelea: badago Beñaten artikulu hau baino gauza okerrago bat. Zuei pasako dizuet informazioa, gero zuek baloratu nola erabili. Prest zaudete? Hor doa: Olentzero gurasoak dira. Agian ez da komeni publikoki esatea, badakit, baina arrisku hori hartu dut, gauzak nola diren jakitea komeni zaizuelako.

  5. Iñigo

    Zorionak, Beñat.
    Artikulu gordin eta zorrotz bezain ona.
    Zu ez bezala, ni ez nintzen joan aurreneko hartara eta bai atzo.
    “Alaitasuna” hitza hamaika aldiz aipatu bazen ere, irribarre gutxi atera ziguten eta, are barkazailagoa dena, emozionatu batere ez.
    Eta erronka botatzen baduzu “bostak baietz”, eta gero bakar bat ere ez bete…
    Zer edo zer gaizki egiten ari zaren seinale.
    Helburu okerrak jarri, indarrak gaizki kalkulatu, oilarregi ibili…
    Baina hemen kritika, autokritika…
    Ezin da egin, sekula ez, eta are gutxiago plaza publikoan.
    Ikusi duzu.
    Baina hau zer da, jostuna ala desjostuna, gureetakoa edo ez fidagarria?…
    Hori da dagoena.
    Halakoak, besteak beste, herri honen miseriak.
    Inbidia ematen didazu halako askatasunez aritzeagatik. Bejondeizula.
    Oso beharrezkoak ditugu hau bezalako artikuluak.
    Segi hola.
    Eskerrik asko.

  6. Pingback-a: Atzoko ekitaldiaren gaineko ohar batzuk - zuzeu.eus
  7. Pingback-a: Superpotentzia emozional batek jota bezela - zuzeu.eus
  8. Otabelea

    Ausardia eta ausarkerai ez dira gauza bera. Post honetan erakusten duen inoren gainetik jartzeko grinak ez du inoren txalorik merezi. Eta bai, Olentzero gurasoak dira, eta Euskal Herrian ezer sortzeko, ezertan inplikatzeko eta ezer eskaintzeko sasi-intelektualak ditugu. Enfant terribleak goresten ditugu, ohartu gabe ez duela ezertarako balio esaten dituztenak (H28koen “denok esan behar dugu zerbait gutxi batzuk dena esan ez dezaten” datorkit burura). Eta egiten dutenaz ez dut ezer esango ez baitago ezer (Beñat Sarasolak berak dio bere ekintzarako gogo falta). Beñat Sarasolaren tankerako apaiz hipsterrak ez ditugu behar, gorde beharko lituzteke euren okurrentziak absenta edanaz euren tankerakoekin eztabaidatzeko elite intelektualen kafetegietan.

  9. xorinokantharia

    kritika konstruktibo eta eraikitzaileak behar ditugu, Beñat…
    Anoetatik atera ginelarik, gauza handi bat egin izanaren sentimenduarekin atera ginen, geure aletxoa konponbidean jarri genuelako, eta ametsez eta ilusioz gainera, NEKEA ere zegoen, noski, herriz herriko urte oso bateko joste-lan handia zegoelako atzean eta egun oso luzea izan zelako, oso hunkigarria, benetan sentitua, benetan sinesten dugulako konponbidea herritik datorrelako… politikoek egin behar dute herriak nahi duena… eta ez alderantziz…

  10. Pingback-a: Gure Esku Dago dinamikaren inguruan hausnarketatxu bat | …:::kimo:::…
  11. arkairz

    Otabelea eta Xorino.

    Iruditzen zait zuenak ere artikuluarekiko ez direla kritika kontruktiboak. Errespetuz justu zabiltzatela ere ematen du. Badirudi ez duzuela GED dinamika zuena egiten, eta iritzi desberdinen indar metaketa onartzen. Esango nuke zuen ikuspuntuan itsutu zaretela (arrakasta izan zela igandekoa) eta ez zaretela gai ikusteko ekimena oso (baina oso!) dezepzionantea izan zela independentista bai baina abertzale ez garenontzako. Pentsatzen dot ez zaretela kapaz kritikak onartzeko, kritika hauek ez badituzte baldintza zehatz batzuk betetzen.

    Baina hara, beitu ze bitxia, iritzi danak jaso behar dira berdin eta hausnarketa bultzatu/egin, ez gara orain gu hasiko iritzi-gintza erregulatzen, eta iritziei filtroak jartzen.

    Ea esan nahi dodana ulertzen dozuen: zuenak bezalako iritzi hutsalak ere onargarriak direla ere, nahiz eta toke fundamentalista bat izan.

    Hona hemen Gaizka Arangurenen gaurkoa. Laugarren parrafoa artikulu honi eskainia dago.
    →http://www.berria.eus/paperekoa/1955/022/001/2015-06-23/ez_genituen_bostak_bete.htm

    • Otabelea

      Hara Arkaitz, ispilu batean jar zaitezke, eta idatzi dituzunak zuretzat ere badirela ikusi (iritzi utsala, fundamentalista…). Nekatu naiz kontu honekin, alferrik da argudiotan hastea. Gauza bat soilik, kritikak beharrezkoak dira, eta igandean iazkoarekiko beherago zergatik egon ginen ikusi behar dugu. Hori horrela da. Baina etorkizuna egiteko klabean, ez bestela. Gaizka Arangurenekin ados nago ia denean, ez enfant terribleen aipamen horretan (irakurri gabe nuen idatzi dudanean). Zuk azalpenak eskatzen dituenari utsal deitzen badiozu, Beñatenari, ezer eskaintzen ez duenari, ezer ez al diozu eskatuko? Nik igandekoaz hitz egiteko gogoa, gorputza eta beharra badut, baina zerbaiterako, ez ariketa estetikoetarako eta EGOak elikatzeko. Ah, postaren egilea pozik egongo da, hooliganak ere baditu eta bere hutsuneak ikusi ez eta bere hitzen ederrari bibaka jarduteko pronto.
      Zerbaiterako bada primeran, bidean egingo dugu topo. Agur, laster arte (espero dut)

    • arkaitz

      Ba hori bera diot. Nire iritzia, zurea, Beñatena…. danak hutsalak, danak fundamentalistak. Danak onargarriak.

      “Gauza bat soilik, kritikak beharrezkoak dira, eta (…). Hori horrela da. Baina (…), ez bestela.” formulako esaldiak arraroak egiten zaizkidala esatera nentorren, ez besterik. Kritikak bai, baina baldintza honekin, bestela ez.

      Iruditzen zaidala jarrera eraikitzailea izateko, ez garela besteari baldintzak ipintzen hasi behar, baizik eta norbere hausnarketak egiten. Gure Esku Dagoren dinamika dela iritzi desberdinen (konstruktibo zein destruktiboen, mota guztien) metaketa eta ez duzuela bat eiten. Ez nentorren esatera zuen iritziak ez direla onargarriak, alderantziz, Beñaten oso antzekoak iruditu zaizkidala. Nire iritzia ematera iritziak emateari buruz: metairitzia.

    • xorinokantharia

      NI NAIZ lehenengoa erraten KRITIKAK ETA AUTOKRITIKAK (batez ere autokritikak) egitea beharrezkoak direla, eta uste dut nik errespetuz aritu naizela hemen, baimenik gabe nire iritzia eman baitut blog honetan… bai, ni GURE ESKU DAGOren filosofia sortzailea eta baikorrarekin bete-betean bat egiten dut; hau da, baikorra ez denari BAI esateko eta besterik gabe dena ongi dagoela errateko, baizik eta BAIKORRA DAGOEN EGOERA DENA DELAKOA (GURE INDARGUNE ETA AHULGUNEEKIN) IKUSITA ETA AZTERTUTA, DENOK BATERA EGINEZ AURRERA EGITEA… hori da kontua, hori da kritika eta autokritika egitea, denon iritziak onartzea eta errespetatzea, eta iritzi horiek guztiekin aurrera batera egitea. Hori da nire gogoa, beharbada utopikoa? beharbada utopikoa eta ia ezinezkoa da JENDE ZORIONTSUA HERRI LIBRE BATEAN? ba beharbada bai, eta utopiak horretarako dira, ibiltzeko eta ez geldirik egoteko… nahiz eta utopia horretara ez iritsi, baina ahaleginduz horretan. Horretarako bildu ginen neke eta lan handiaren ondoren, igandean bost estadiotan, nahiz eta estadioak ez bete, bete-beterik geunden gogoz eta ilusioz gure oihal eta esperantza guztiekin. Kontua da egitea, mugitzea, herria mugitzea, denok mugitzea.
      Eta Anoetan errandako batekin bukatuko dut errespetu osoz zuekiko: erabili behar duguna da BIHOTZA, BURUA ETA HORIEK BATERA ZENTZUZ ETA SENTIMENDUZ EKITEA, EGITEA.

    • xorinokantharia

      zure eskubidean zaude, andoni… eta errespetatzen dut zure iritzia…
      ni, bederen, igandean ez nintzen Anoetan egon nire euskaldun kuota “betetzeko”… nire bihotzak eta buruak, senak, eskatzen zidalako baizik… eta iazko giza-katean ez nintzen egon atzerrian nengoelako lanean, baina nolabait ere bat egin nuen nire herriarekin orduan ere…

  12. Pingback-a: Gure Esku Dago dinamikaren inguruan hausnarketa batzuk | Borroka Garaia da!
  13. Oier Aranzabal

    Aupa Beñat!!

    Aipatzen dituzun hainbat sentsazio konpartitu arren, ez dut oso ondo ulertu diozuna. Ez zait argi geratu zergatik ez zinen joan, “euskaldun zintzoaren kuota” delakoa bete zenuelako Giza Katean ala proposamena ez zelako taxuzkoa ala folklorismoagatik, abertzalea ez zarelako ala zer.

    Ez dakit betikoek betikoa egin izana ez ote den gauza aski arrunta. Perogrullada. Ez baikara jende asko, eta betikoek antolatu ez balute, betikoak joan ez bagina, betikoek ez balute betikoa egin, eta abar, ez dakit nondik atera behar genituen estadioetan bildu ziren 70.000 pertsonak. Baionan euskararen ofizialtasunaren alde ere betikoak topatu izan ditut, baina, ez dakit horregatixe kezkatu edo asaldatu beharko ote nintzateken. Eta bai, ondo legoke jende berria erakartzea. Kontua da, nola? Proposamenik?

    Ez dakit ekuazio politiko horiek (EAJ+EHBildu etc.) zerikusi handirik duten aipatu beste guztiarekin. Hor galdu naiz.

    Ez dakit. Topikazo asko aipatzen diztuzu baita: Adarra, joaldunak, trikitixa, Benito, Pirritx eta porrotx, Elorrieta (gehitu genitzake irrintziak ere ezta? eta Berriako zein Argiako kamisetak, presoen aldeko banderaren bat, etc.). Ez duzu aipatzen baina La Furia edo El Drogas edo adar eta trikitixa artean zegoen bestelako jendea.

    Jende andanaren lana dago erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldion atzean. Eta despotrikatzetik harago, ondo legoke propositiboak izatea.

    Tira, ez dudala oso ondo ulertu artikuluaren xedea.

    besarkada!!

  14. taxio

    Ba ni ,hilabetez egun haundi hau iritxiko zain nengoen pertsonetako bat naiz. Herrian aktiboki lanean aritutakoa eta Anoetan bertan boluntario bezela ibilitako bat.
    Hau esanda, Beñaten iritzia konpartitzen dudala ozen esan nahiko nuke.
    Hala ere Beñat iritzi hauek blog-etan zabaltzea ondo dago, baina behar dena oinak lur errealean jarri, ankak lokatzez zikindu eta herriz herri, eskualdez eskualde egiten diren bileretan honelako iritziak eman behar dira.
    Eskertuko genuke zu bezalako iritzia duen jjendea bilera horietan egotea eta elkrrekin hainbeste desira dezun-degun independentzia hori lortzeko lanean aritzea.

Leave a reply to bsarasola Utzi erantzuna