Category: Bestelakoak

Doan bostekoa

Badago eztabaida politikoetan sarri aipatu ohi den esaldi bat, oraintxe norena den oroitzen ez dudana, zeinak dioen politika ezin dela printzipioekin egin; hau da, politikaren artea zerbait bada, aurretik ezarritako marra gorri ororen zalantzan jartzea dela. Bon, esan beharrik ez aski esaldi deabruzkoa dela –Koldo Izagirreren letra duen Joseba Tapiaren abesti hau ekartzen dit gogora beti–, baina zenbait gertakari azaltzeko balio izaten du maiz. Nago hori dela egungo Kataluniako Prozesua delakoaren kasua, CUPen ezetza azkeneko kapituluan. Printzipioak eta Arrazoia ondo daude, baina zenbait momentutan parentesi artean ipini behar ez ote diren…

Hala, oso ondo ulertzen dut Mas, maszale eta JxSko askoren arrazoibidea: bozkatuenak gu gara, guri dagokigu hautagaia proposatzea eta gure hautagaia Mas da. Politikan bozkatuenak ezartzen du burua. Edo, are, Mas da Prozesu honen liderra –azkenaurreko bagoian igo zen egiazki, baina tira– eta hari dagokio gobernuaren burutza. Hori guztia ondo ulertzen dut, eta ziur aski, testuinguru “normal” batean hala izango litzateke, baina, batzuetan Printzipioekin ezinezkoa da politika egitea.

Izan ere, aurreko irailaren 27ko hauteskundeek utzi zuten irakasgaietako bat izan zen bloke independentistak zabaltzea ezinbestekoa duela Prozesua burutu ahal izateko. Bozken %48 lortu zuten JxS eta CUP-ek, eta horrekin ez da aski Prozesua azken bururaino eramateko, erreferendum batean berrestu beharko baita 18 hilabeteren buruan. Ezagun da balizko erreferendum horretan baiezkoak irabaz dezan iraileko hauteskundeeetan Catalunya si que es Pot-i bozka eman ziotenen zakuari heldu behar diotela independentistek. Eta, ezagun denez berriro, hori ezinezkoa litzateke Masek patrimonializatutako Prozesu bat gauzatuta. CUPek hasieratik ikusi zuen ondo hori, eta horregatik, kontuan hartu behar da CUP-en ezetza ez dela soilik CUPena berarena, ezpada beste sektore potentzialki independentista (egun) ezinbestekoarena. Gehiago gustatu ala ez, Masek gogo-gorpuztutako Prozesu bat baztertu egingo luke Kataluniako gehiengoak (urrutira joan gabe, En Comú Podem bloke osoak, hauteskunde orokorretan lehen indar izan denak, ez ahantz). CUP da independentistak sortzeko egungo katebegia, eta jokaldi taktikoak Mas inbestitzea bultza zezakeen arren, estrategikoki akats larria zatekeen, akaso atzera bueltarik gabea.

Ulertzekoa izan liteke orain sektore convergenteak, CUPen ezetza kari gogotxarturik, Prozesua pikutara bidaltzeko tentazioa edukitzea. Baina printzipioekin ezin bada politika egin, are gutxiago kasketekin. Begiak nahi adina estal ditzakegu, baina egun garbi dago Masek urrats bat eman behar duela atzera (ez zertan ostrazismora) Prozesuak aurrera egingo badu; ez zehazki CUPen posizio irmoagatik, baizik eta independentziaren hegemoniaren mesedetan. Parametro convergente-abertzale klasikoetan ezingo baita hegemonia ezinbesteko hori erdietsi.

Eta harrigarria egin zait azken orduetan JxSko inor atera ez izana tinko esanez ez dutela beste hautagairik proposatuko. Are gehiago, handik iritsi diren mezu ugarik hain justu hautagai berri baten aukera iradokitzen zuten gehiago. Politika printzipio kolpekadez ezin dela egin ulertuko zuten akaso, pragmatismo dosi bat beti izaten dela egoki.

Ulergarria da Carmen Forcadell, Jordi Sànchez i Picanyol eta enparauen sumindura, neurri batean haiekin ados egon gaitezke baita ere. Doan emango diegu bostekoa.

Advertisements

Superpotentzia emozional batek jota bezela

Joan den urtean Giza Katera joatearekin euskaldun zintzoaren kuota bosturteko baterako behintzat beterik nuela sinetsirik, aurten kale egin dut estadioetarako erromesaldian. Esan gabe doa, asko izango dira uste dutenak iazkoarekin bakarrik nire konpromiso maila hutsaren hurrena dela –inoiz ez baita aski euskaldun jatorra zarela demostratzeko eginahaletan–, baina, aizuek, erabakitzeko eskubidea ez ezik nekatzekoarena ere aldarrikatzen dugu batzuek. Nire protesta txikia izan da beraz aurtengo ausentzia, apur bat gogaituta jadanik betiko paripé eta folklorismo artean ibiltzeaz. Zoritxarrez, estadioetan ikusitakoek –Anoetan behintzat– nire usteak konfirmatu besterik ez dituzte egin. Izan ere, iazko Giza Kateko jende erakustaldi, balentria eta abarren ostean, zer eta urtebete geroago estadioak jendez betetzea baino proposamen taxuzkoagorik ez egitea… Alaporai esan nuen nire kolkorako, eta kale egin.

Euskaldunok hogeitaka urte daramatzagu demostratzen muntaiak montatzen parekorik ez dugula, ekitaldigintzan txapeldun olinpiko garela. Bale, hori ongi frogatu dugularik, beste zerbait egiteko garaia bazela imajinatzen nuen; baina bai zera, berriz ere ebento ikusgarri bat, zer eta duela 17 urteko ereduaren kopia gainera (orduan han izan ginen baita ere, enegarren egun historikoan, Benito Lertxundi entzuten eta gauza horiek).

Harrigarria da nola betiko eskemak errepikatzen diren, ezaguna denaren bertangoxoan eroso. Esaterako, famosoen atxikimenduen ohiko zerrenda eta argazkia. Sinadura berriren bat gorabehera, holako argazki batek jendea sarrerak saldoka erostera eramango duela sinistea ez dakit zer den, xalokeria edo erosokeria, baina, edonola ere, espero dut atzoko zapuztxoaren ondoren famosoei urte batzuetarako bake pixka bat ematea. Merezita dute eta deskantsua. Alderdi politikoei begira egote hori ere –azken orduan EAJ gehitu zelako poza eta guzti–, ez ote aski zaharmindurik dagoeneko? Zorionez, kontuaren muina aparatu horien kalkuluengandik aski aparte dagoela esango nuke. “Bildu+ EAJ = Egina zagok” (bai, -k) ekuazioaren amarrua behintzat argi geratuko al zen! Bestetik, egitaraua ikusi eta, baiki, marmotaren eguna. Betikoak betikoa egiten: Jon Maia, Eñaut Elorrieta, Alkain, Pirritx eta Porrotx… Aurretik, oihal katean, hortxe ikusi nituen joaldunak, entzun nituen adarra, trikititxa. Kontua ez da halako egitarau eta sinbologiarekin jai izango dugula sektore sozial berriak erabakitze eskubidera agregatzeko (to, Errejon), ezpada betiko euskaldunak ere gogaituko ditugula luze gabe. Abertzale ez garenok aspaldi garatu dugu halakoetarako jasangarritasun –hots, pairagarritasun– azaltxoa, baina nago jada kaskotik oinetarako abertzaleak ere hasiak direla ernegatzen. Betikoa betikoek betiko moduan egiten, nola arraio sortu ezer erakargarririk? Nola eraman erabakitze eskubide demokratikoa euskal abertzaleez haratago?

Egiazki, ez naiz batere harritzen estadioak bete ez izanaz, baina oraindik argigarriagoak egiten zaizkit joan zirenen bueltako nekadura eta ilusio falta. Anoetako ekitaldia, behintzat, luze eta, topikotik topikora, ezin ernegarriagoa izan omen zen. Han esan zirenen arteko harribitxiren bat hartzea besterik ez dago. Jon Maiak “Euskal Herria superpotentzia emozional bat da” bota omen zuen lotsagorritu gabe. Ana Malagonek “hunkigarrismoa” deitu zion behin gure arteko epatatzeko joera horri, bertsolari –bon, puntulari– frankok, tipikoki, etengabe ustiatzen duten sentimentalkeriari. Alemaniarrek, berriz, kitscha deitu zioten aspaldi handian hunkitu-nahi jaidura horri, eta aski erreakzionarioa dela azaldu. Baiki, hunkitu nahiaren hunkitu nahiaz, jendea gurean ere paripé eta folklorismoez kokoteraino ez ote dagoen. Euskal Herria, superpotentzia izatekotan, hitz fazati eta jaialdi historikoena baita.

Dabrakotea enbargoyokua bezala

Ezagun da, komunikazioa boladan dago: komunikazio egokia, arrakasta ororen eragile; komunikazio gabezia, porrot ororen kausa. Zenbat aldiz ez genien entzungo molde guztietako gobernuei neurri egokiak hartu dituztela baina komunikazioan egin dutela huts, eta horregatik ez dituztela herritarrek erabakiok ulertu. Neurri egokiak dira, diote, kontua da agian ez dugula transmititzen jakin. Herritarrak tontotzat hartu ohi dira, ez gutxitan gainera. Sentipen hori izan nuen berriki, bidenabar, etxean Gipuzkoako Diputazioak banatutako Gipuzkoa Berria aldizkaria jaso nuenean.

Nola uka komunikazioaren garrantzia saltzea –kea edo ikatza, hori besterik da– hain garrantzitsua den gizarte honetan? Hor ikusten dut ingeniaritza ikasi duen lagun ugari komertzial bilakatuta, kazetaritza ikasi duten makina bat propaganda –gordeka edo agerian– zuzkitzaile. Konpetentziaren oihan honetan bizirauteko, bada, komunikazioan trebatzea ezinbestekoa omen.

Arazoa (arazoetako bat), ordea, ukaezinezko garrantzi horretaz landa guztia komunikaziora murrizteko joera da, arestian esan bezala, arazo oro komunikazioaren prismatik begiratzekoa. Murrizketa horrek, gainera, oinarri teoriko aski pattalak erabili ohi ditu. Eta benetan etsigarria da historian zehar denbora luzez eta konplexutasun handiz landu diren gaiak halako modu banalean ikustea trataturik (izan ere, komunikatzaile ona izateko ausarta izan behar, azal zein kopeta gogorrekoa).

Komunikazioaren guruek diote, esaterako, ahozko hizkuntza eta idatzizkoaren artean continuum bat dagoela, hots, idatzizkoa ahozkoaren isla moduko bat litzatekeela. Ideia hori, baiki, pentsamenduaren historian nagusia izan da, baina ongi kritikatu eta gezurtatua halaber XX. mendearen erditik aurrera (gutxienez). Ez dut erreferentziarik emango, estandarrean idaztea pose intelektualtzat jotzen den herri batean bizi baikara, baina ez dut imajinatu ere egin nahi zer gertatuko litzatekeen norbait zutabe batean filosofo baten izena idaztera ausartuko balitz; zer esanik ez, r guturalduna bada.

Baina kontu horiek guztiak gora-behera, iruditzen zait idatzizko sormenera eman den edonor –hitz-joko eta pareatuetatik landa, esan nahi baita– ohartu dela jauzi bat dagoela ahozkoaren eta idatzizkoaren artean. Idatzizkoa ez dela, alegia, ahozkoaren orrazte-fintze –eta azken batean, menpeko– moduko bat soilik. Idatzizko sormena, komunikazio bezain inkomunikazio dela. Clov-ek esan bezala: Signifier? Nous Signifier? (rire bref). Idatzizkoaren inguruan hausnartu duen edonor jabetu da hor badela gaindiezinezko hutsune bat, estali ezinezko amildegi bat, eta idazleak nola-hala amildegiaren ertzean egin behar duela aurrera. Idazten duzunaren eta jasotzen denaren arteko distantzia hori komunikazioaren ikuspegitik arazoa da, baina sormenaren ikuspuntutik aliatu handia. Zenbat jirabira eman ditzakeen testu batek urterik urte, menderik mende. Ahozkoan, ordea, berehalakoa behar du izan ulermenak esan nahi dena taxuz transmitituko bada.

Maiz esan izan didate nire idazteko moduak ez duela zerikusirik nire izateko moduarekin. Ez dakit lehenengo edo bigarrenarekiko loretzat (edo keriatzat) hartu, baina pozten naiz bien arteko ezberdintasuna antzematen bada. Ordenagailuaren aurrean, nahi beste denborarekin, ogia erostera joaten naizenean edo igogailuko elkarrizketetan bezalakoa izango banintz, hori bai litzatekeela patetikoa.

Argia aldizkariko 2372. zenbatian argitaratutako artikulua

Beste su-eten batzuen posibilitateaz

Su-etenei dagokienez, askotarikoak ditugu premiazko, agerikoa da. Bakoitzak bere tregoa proposamenak eskatzen ahal ditu eta honakoa nahiko nuke aprobetxatu nirea galdegiteko: euskaldunoi buruz hitz egitearen su-etena. Hamarkada batez Eus oro ahantzi dezagun. Euskaltel, Euskalmet, Euskosport, Euskalbideo, Euskal Encounter, Euskotren, Eusko Ikaskuntza, Euskalhorse, Euskalterm, Euskalnet, Eusko Label. Gehiago ere badira, noski. Ez al zarete nekatu dagoeneko? Gurea zilbor polit askoa izango dela, ez dut ukatuko, baina zilbor zale handiena ere neka daiteke egunero zilborra gora, zilborra behera. Gauza bat da nork bere buruaren lotsarik ez izatea eta beste bat masturbazio obsesiboa. Gu eta gutarrak. Gu, geu eta geuself.

Gauzak horrela, hainbat neurri hartzea proposatuko nieke gure instituzio askotariko agintariei zein euskalgintza, naziogintza eta enparauetako eragileei (agian gintza oroz ahanztea ere ondo legoke baina beste baterako utziko dugu hori).

Lehenengo, neurri linguistikoak. Ahalik eta gehien murriztu eus, eusko, euskal aurrizkiak; ahal dela, ez erabiltzeraino. Euskal eta tasun konbinazioa, hori bai, erabat galarazita. Baditugu pare bat poema on askoak euskaltasuna-rekin eta nahikoa dugu horrekin; ez dut uste merezi duenik horiek gainditzeko saiakeretan tematzea. Beraz, euskal literatura esan beharrean, literatura esango dugu aurrerantzean. Euskal okela esan beharrean, okela. Euskal Encounter ordez, Encounterra, edo nahi izatera, Enkontruba. Aski izango dugu elkar ulertzeko. Zama handia kenduko dugu gainera. Frantsesek literature esaten dutelarik ez duzue pentsatuko ba, Miguel Delibes, Gore Vidal edo V. S. Naipaul dutela buruan ala?

Badugu gure kultura, gure historia, gure gizartea, gure sukaldaritza, gure kirola aztertzen duten hamaika ikerketa-lerro, beka, tesi eta beste. Bada, hamarkada batez, besteren kultura, besteren historia, besteren gizartea, besteren sukaldaritza, besteren kirola aztertzeari ekingo diogu. Euskal Herritar Unibertsalaren Saria igaroko da Kanpotar Unibertsalaren Saria izatera. Lehenengo hautagaiak? Toni Cantó eta Sara Montiel (azken hau postumoki), adibidez. Gure burua unibertsaltzat aurkezteko lanetan ibili beharrean askoz ere eraginkorragoa, askoz ere solidarioagoa eta toleranteagoa baita Munduko hiritar tituluak zuzkitzera dedikatzea. Esan gabe joango baita gu ere zibilizatuak garela, hain zibilizatuak ezen labelak banatuko baititugu dokierki.

Prentsan ere aldatuko dira gauzak; jada ez genuke-eta idatziko gure gauzei buruz, gu, geu eta geuselfi buruz. Imajinatu, euskal eta vasco hitzak agertzen ez diren zutabeak. Bai, gezurra dirudien arren, posible da. Joseba Arregi bati, esaterako, birziklatzea egokituko zaio ezinbestez. Urte luzetan zutabe bera idazten jardun ondoren, igeriketa sinkronizatuaz idatzi ahalko du esate baterako, ezen ez euskal igeriketa sinkronizatuaz. Irakurle zorrotza ohartuko zenez, neronek ere uko egin beharko diot euscool manifestuari.

Moda kontuetan ere aldaketak etorriko dira. Gogorra izango da askorentzat baina bazter utzi beharko ditugu EHSF, Kukuxumusu eta euskal hitza edo zuri-gorri-orlegia agertzen diren kamiseta eta gisako oro. Kamiseta laranja gehiagorik ez Pirinioetan. Halaxe da, bai, iraultza zinezko bat.

Ez dira neurri samurrak, aitor dut, baina trantsizio garaiak direlarik, une egokia da aldaketa sakonetarako. Beste zilbor batzuk posible baitira.

Argia aldizkariko 2366. zenbatian argitaratutako artikulua

Kristalezko langak

Inon idatzia dut aurretik: literatur kritikari bati askoz gehiago leporatzen dizkiote positiboki baloratu dituen liburuak erregai gisa irabili dituenak baino. Literatur kritika egiten jardun nuen denborari erreparatuz, honakoak dira desadostasun handienetakoak eragin duten liburak, ongi ipini eta besteri kaskarrak iruditu zitzaizkielako: Negutegia, Burbuilak, Nora ez duzun dakizun hori, Hiru Mariak, Souvenir –azken honi kritika ez, aurkezpena egin nion–. Irakurle aurreratua azkar asko jabetuko da liburuok zer partekatzen duten: emakumezkoek direla idatziak.

Galdera da, non dago matxismoa? Erraza al da identifikatzen? Bada, ez, sarritan ezkutuan gordetzen baita, eta dakigunez, nekeza izaten da berau azalarazten, gure baitan onartzen. Esan gabe doa, inor ez da automatikoki matxista liburu horiek guztiak txartzat jotzen dituelako. Ordea, kasualitatea al da hain justu kritika positibo horiek eragin izana erreakzio kartsuenetako batzuk? Areago, kasualitatea al da halako erreakzioa edukitako gehienak gizonezkoak izatea? Bada, ez, ez da kasualitatea. Kontua, besteak beste, ez da liburu horiek txartzat jotzea baizik eta liburuok gisa horretan baloratzeko irakurleak duen erraztasuna, duen askatasuna. Emakumezko idazle bati jartzen zaion langa gorago dagoela, eta ausaz, kristalezkoa dela halaber.

Liburuok gutxiesteko arrazoia, sarritan, antzekoa izan da gainera. Literatura mota xalo, sentimental, intimista baten adibide ei dira. Antza, ez dago istoriotan gatazka bortitzik, ez dira islatzen arazo sozialak, politikoak; dena kontu pertsonal-sentimentaletara mugatzen da. Kontu zaharra da kritika hori. Ez da soilik emakumezkoek idatzitako liburuentzat erabiltzen, jakina, baina egia da orobat ezaugarriok emakumeek idatzitako literaturari atxikia izan dela, zeina maiz “literatura femeninoa” etiketapean azpiratu izan den.

Arazo horren aurrean feminismotik eman izan diren erantzunak askotarikoak izan dira. Errazena, eta, esango nuke, gure artean zabalduena, zoritxarrez, egoeraren salaketa da, ñabardura gehiago egin gabe. Alegia, salatu idazle emakumezkoek kritikarengandik jaso duten tratua. Baina literaturan (eta feminismoan) benetan interesa duen inork haratago joaten ahalegindu beharko litzateke, zalaparta atera ondotik auzian gehiago sakonduz. Aukera bat da arestian aipatu femeninotzat jotzen diren balioen aldarrikapena. Baina estrategia horrek arazo larri bat du; onartu onartu egiten baita, aldez edo moldez, emakumeek modu horretan idazteko joera dutela, eta horrek bidea irekita uzten du argudio biologista-esentzialistetarako, eta baita subordinaturik geratzeko arriskua ere. Eta sarritan, endemas, faltsua da. Gaurkoan ekarri dudan adibideari dagokionez, esaterako, inork esan dezake liburu horiek guztiak kaskarrak direla literarioki, baina ezin duena egin da denak patroi beraren arabera sailkatu/deskalifikatu (eta hor dago matxismo zantzua), obra hauetan apur bat sakonduta agerikoa baita elkarrekiko aski ezberdinak direla. Nago, bide batez, emakumezko idazleek gutxiegitan heltzen diotela argudiobide horri –kolektiboan babesteko joera ulergarria ez ezik zentzuzkoa izan arren, noski–.

Beste estrategia interesgarria garatu zuen Hélène Cixous-ek idazketa femenino bat aldarrikatu zuenean baina ez esentzialki, baizik literatura aurrerazalearekin loturik; konstruktibo, dinamikoki. Eta, bidenabar, uste dut bide horretatik jotzen duela halaber Laura Mintegik izaera femeninoa politika aurrerazaleekin lotzen duenean.


Argiarako artikulu deskartatu bat (2013-03-14)

Autobusa

Ez gara mordo bat, onartu beharra dugu. Baina salbuespen ohoragarri gutxi batzuk landa –oro emakumezkoak, bidenabar– Lubaki bandaren belaunaldiaren ondorengo idazle ustekook –1980etan jaiotakook edo–, alferkeriaz gabiltza enpo. Euskal literaturaren Autobusa da gurea, kontroletik at geratzeko arriskuan beti. Errepidea aldeko dugula azeleratzen dugunetakoak gara. Pentsa, Sautrelan erreportajea egin zuten euskal literaturaren azken boladako balizko sikutasunaren gainean, Autobusa jopuntuan. Autobusa, also known as Barrebusa.

Kexan hasteko goizegi dela iruditzen bazaizu, irakurle, egizu kontu badirela urte batzuk dagoeneko gutariko zaharrenei Gazte Txartela kendu zietela, eta gainera, dakizunez, euskal literaturan, 25 urtetik gorako edonor da automatikoki beterano. Errazena litzateke literatur sistemaren inguruan kexari ematea; Jon Kortazar, Mari Jose Olaziregi, Bernardo Atxaga eta are CIAren konplota salatzea. Euskadi saririk jaso ez dugula gogoraraztea –azken batean, Tropelekoei ongi atera zitzaien jokaldia–, ezta Espainiako Sari Nazionalik ere –eman diezagutela lehenik; gero egingo diogu, nola ez, uko–. Errazena litzateke, bada, hori guztia, baina ez gaitezen engaina, Miracruzeko gainean ere deskolgatuta geratzearen ardura gurea baino ez da.

Gurea baita bi poema liburu eskas argitaratuta zerbait egin dugula uste dugunon belaunaldia. Blog batean erantzun bat utzi eta luze gabe deituko dizute komunikabideren batetik ea zutabe bat idazteko prest zauden galdezka, edo okerragoa dena, ea kritikagintzan hasi nahi duzun. Angel Errok, zeina 1978koa izanagatik derrepentean belaunaldiratu dugun hari baimenik eskatu gabe, esan du berriki poeten artean halako lehia ezkutu bat nagusitu dela ea nork uzten duen liburu batetik hurrengora tarterik handiena. Hori, Autobusean, praktika orokortua da. Erreguka ibiltzea da, ezbairik gabe, Autobusaren sedukzio forma behinena.

Baditugu, hala, pare bat txikikeriarekin beren burua idazletzat jotzen dutenak, baina bada beste kasta oraindik erradikalagorik ere. Horiexek dira Aritz Galarraga eta Gorka Bereziartua lako obrarik gabeko idazleak. Abangoardietako ideal zaharra berreskuratzen duten artistak dira, nonbait; obraren objektu izaera mespretxatuz, artea bizitzara, eguneroko praktikara –ezerezera alegia– eramatearen premia dute aldarrikatzen. Ismoak aspaldi joan zirelarik, historiako azkenekoa besarkatzen dute: gantzarainismoa. Ezagun da, ostera, abangoardia izan dela historikoki alferkeriaren alibi sotilenetako bat.

Grabeena, halere, zera da, izurritea are idazle gazteagoengana ere iritsi dela, Peter Ostolazaren Gure belaunaldiaz testua testigu, non halakoak irakurtzen ahal diren: “Pare bat esaldi ekibokatu papereratzea baino isiltasunaren perfekzioa nahiago dugu aukeran, oi guk, kritikatuko, gaitzetsiko, akaso egurtuko gaituzten beldur garenok.”

Halaxe gabiltza. Ez dago zalantzarik, euskal literaturaren etorkizuna alfer hauen guztien eskuetan uztea temeritate hutsa baizik ez da. Arduragabekeria demasekoa. Ez etorri gero lantuka bertsolariek tostada konfitura eta guzti jan dizuetela eta. Noiz utziko dituzue nagikeriak, aitzakiak? Noiz hasiko zarete behingoz taxuzko zerbait idazten (esan nahi baita, nobelatzar bat, ipuin bilduma gotor bat?). Noiz utziko duzue amaren altzoa? Noiz ipiniko zarete lanean? Noiz utziko diozue twittatzeari?


Argia aldizkariko 2360. zenbakian argitaratutako artikulua

Egunkaria 10 urte

Egunkariko langile ohiak kronika lazgarriak ari dira argitaratzen egunotan, ezin azalduzko injustizia haren, Egunkariaren itxieraren eta ondorengoen, hamar urte bete diren honetan. Bereziki egin zait esanguratsua Luistxo Fernandezen hau, itxieraren ingurukoak ongi azaltzeaz aparte, hainbat pertsonaien jokamolde lotsaemangarri bezain okaztagarria ekartzen digulako akordura. Jende guztiak errepikatzen du kontua ez dagoela itxita, hor dagoela oraindik auzi ekonomikoa eta Xabier Alegria atxiloturik, ez aipatzeagatik hamar urteko tarte honetan zendu diren Inma Gomila, Luis Goia eta Martin Ugalde. Ez dezagun hori guztia ahantz, beraz.

Duela hamar urte Egunkariaren irakurle soila nintzen arren eta kontua, beraz, urrutiagotik bizi izanagatik, egun hartakoak gogora ekarri nahiko nituzke, aldez edo moldez, otsailaren 20 hartan, euskaldun guztioi hautsi zitzaigun-eta zerbait bihotzean.

Karrerako lehenengo urtean nengoen mukizua nintzen orduan, Logika Proposizionala, Antzinako Filosofiaren Historia, eta halakoak ikasten nenbilen gazte bezain berdea. Bigarren lauhilekoaren hastapenarekin Joxe Azurmendi hasi zitzaigun eskolak ematen, Erdi Aroko Filosofiaren Historia ikasgaian, oso oker ez banabil. Kontua da haren klasetako batean geundela ireki zuela atea norbaitek, hurreratzeko eskatuz Joxeri. Pasiloan elkarren artean hitz batzuk trukatu ostean -ez ziren sobera izan, laster asko itzuli baitzen Joxe barrura-, espantua begitartean eseri zen aulkian maisua atzera, eta albistearen berri eman zigun: atxilotuak, Egunkaria, Martxelo Otamendi, itxi, Guardia Zibila, Andoain

Segundu batzutako isilunearen ostean, zera gehitu zuen: “Lanean jarraitu behar dugu, ez dugu utzi behar haien apetaren arabera mugi gaitezen” Minutu gutxi geratzen ziren klasea amaitzeko, eta hurrengo egunean beste bat genuenez, hori mantentzearen alde egin zuen Joxek, nahiz eta jakin egun gora-beheratsua izango zuela oso (tartean Jakin aldizkariaren egoitzan ere sartu baitziren Guardia Zibilak). Berean jarraitu zuen halere: “Ezin dugu haien erruz hau dena utzi, gure egitekoa lan egitea da eta horri heldu behar diogu”. Zer gerta ere, ikasleren baten telefono zenbakia eskatu zuen, azkenean ezingo bazuen unibertsitatera etorri abisua emateko. Donostian bizi nintzen bakanetakoa nintzenez eta, honenbestez, unibertsitatera berri ematera joateko errazen neronek nuenez, nirea eman nion.

Kontuaren tamaina ikusita, espero bezala, bazkalondoan hots egin zuen etxeko telefonoak. Joxe zen, desenkusatuz hurrengo egunean klasera joaterik ezin izango zuela-eta. Dena zegoela hankaz gora, jendea lurjota eta hainbat eginbehar zituela hurrengo egunean goizean goizetik. Ongi asko ulertzen geniola ahalegindu nintzaion adierazten. Bide batez, nire abizenetako bat Santamaria zela ikusi zuela eta ea zerikusirik nuen Carlos Santamariarekin. Ezetz, ez nuela senide. Eta halaxe eseki zuen telefonoa, bigarren aldiz barkamena eskatu ondotik.

Jon Passicot eta Dani Llopis adiskideekin geratu nintzen arratsaldean Reyes Católicoseko taberna batean. Denok geunden harri eta belarri, halako haluzinazio egoera batean bezala, suminduta egotea ere galarazten ziguna. Danik esan zuen “Ea orain zer gertatzen den eta zer dioten atxilotuek irteten direnean; ze klaro, hauek ez dituzte ukituko” Baietz egin genuen buruarekin, agerikoa baitzen halako pertsona garrantzitsu eta pisuzkoak ez zituztela gaizki tratatuko. Haiei zerbait gertatuz gero demasezkoa montatuko litzatekeela ondoren, jende mordoa mobilizatuko zela Euskal Herrian ez ezik Espainian eta Europan bertan, eta arduradunek gogotik ordaindu beharko zuketela ondoren.

Esana dut arestian, gazte bezain berde ginen.