Category: Esloveniako tailerreko itzulpenak

Samira Negrouche (Aljeria)

 

Afrikako desertuan arrakalek beren itzalak eratzen dituzte, karabanek ezin dute bide egin lur beltzan barrena, desertuak askatasuna behar du, elezaharra alanbrezko itsasoaren kontra ari da biratzen. Oraindik hatsanka egiten duen irribarrea, malkoak bihotza gainezka, espazio menderaezin baten ertzean, amairik gabeko bide, hegaldi zehaztugabea.

 

 

 

Infinitura eskalatu

gizon ahantzia

topatu ezina

haragi paketetan

nahastuak

izerdi

eta beldurrez.

 

 

Begirada izoztuak

gorputzetan

ontziak pasaka

gauean

 

Oro ireki

lerro

hertsiraino.

 

 

 

Hemen esku biluziak gameluaren azalean, hondar agurra txalotzen; gure lurretako amak umetoki-zurtz gisa munduratzen dira; beren itxaropenak ematen dituzte, zerua urratuko luketenak, patuaz haratago entzango litzatekeena; patu hori, ez dena gehiago haiena.

 

 

 

 

Eta oraindik erretzen du

azal horrek

erritmoa

gorantz

inarrosten

memoria

nahimenaren

ontziari diona egiten tiro

 

Umetokiak hazten du

beldar bakarti bat

egozteko

itsaso

gorenean.

 

 

 

 

Eta gau hura absente oraindik.

Bizitzaren hegoaldean naiz ene memoriaren esklabuarekin, gure ikaren odol sabeleratuak urratuariko harekin, ez dago galdegiten didan naziorik. Gaua etorriko da itsasertz hauen orduan hartzeko, grina ezdeusek argitua.

Hemendik aurrera, parkeetako bankuetako maitaleak izango dira nire birika hondar-belztuak jendeztatuko dituztenak. Ez dituzte ikusiko olatuz beterik; eta irauli, eta alde egin, eta hil.

 

 

 

 

Argi hau beti absente gauean, gogoratuz

gogoratuko?

Inork ez ditu ezagutu behar

itzalaren

imintzio maltzurrak

aintzat hartzen ez direnak.

Bere eskuak

hiri-panterek egin

jauziak dira

eta kaleak gurutzatzen dituzte

autobide

huts baten gisan,

elektrizitate-zutoinen

desertu bat

eta errotuluak.

 

 

 

 

Bakarrik nago ene sakeleko iluntasunean eta ene berde gaineko pasaporte berdea, desertua sortua da orain, hiri inguruak duna-orro. Nork gera dezake giza-marea? Airea arnastearen lasaialdia da, airea da hegadan. Afrikanizazioa orain han da, beren hirietan.

 

 

 

 

Erdigunetik urrun dauden

departamenduak

non 11. autobusa

absente den

gauerdia ondoren

Almeria ondoren

no man’s landa da

Europa

zuri ongietorri eginez

eta kulunkatuz

 

 

Ah! heldu Dakarrera Aljerretik, tom-tomaren eta gnawiaren musiken jardunera, beti hutsik den ni bat, Goree irlarantz doazen ontzi badaezpadazkoz bete beharreko hitzordu orrialdeak, han atxilotu nazaten nahi dut, gai izan Atlantikoa baino luzeagoa den katezko ozeano ezezagun hori usaintzeko, istorio hautsien ozeano, lur hau edan, abiatze hau, urratze hau.

 

 

Leku hau

domeinu mutu bat

hitzak ez dira iristen

ezta otoitzak ere

irristaldi isila

sabanako

laino trinkoan

eta ezerk gehiagok

ez du ardura

 

 

Xafla ahoberritua haragi berri eta distirantetik igaro da, lantu erauzia da plazer ebatsi baten haragi hila zulatzen duena, gorputz-deserriratze. Eta gazela-emakume honek hain du zainez beterik klitori azala, izate biluziaren zuntz optikoaz isuritzen duela, urraturik, irekirik bere mutilazio egilearen begiespenera.

 

 

 

 

Desioa

izularrizko umea legez

titi bortxatu hau

bidalia

eskainia

 

Lurrak ezagutzen ditu

bere maitale ukatuak

hedatzen du

oinazea

 

 

 

 

Egunsentia baino lehen, lasterka egin

ibai lurrunduei eta elezaharretako jakintsuen

hitz birrinduei atzera begiratu gabe.

Aurrera aurrerago eguzkia

eztitasun errukiorra da, beste laztan

batzuk irakasten dizkit eta zabaldi heze bateko

elektrizitate-zurtoin naiz bilakatzen eta

zortzi-zortzietako ongietorri paristarretarako

ibilbidean lasterka egiten duen TGV bat bezain

azkar naiz igarotzen

eta desagertu egiten naiz

 

Katja Gorečan (Eslovenia)



Hana

hana poeta da.
edo izan nahi du.
edo itxaron behar du, besteek onets dezaten.
bere ahotsaren bila dabil.
jakina, nor ez.
hana bere ahotsaren bila dabil
poemak (batez ere) uste handiko poetei bidaliz.
hanak, jakina, lehiaketetara bidaltzen ditu,
nahiz eta urtea joan urtea etorri
ez diren harekin inoiz akordatzen.
idaztea atsegin du oraindik,
arrastorik ez duen arren
ze probetxu aterako dion bizitzari aurrerantzean
baina badaki,
ezen ez dut nahi
familia-etxe handirik,
gizon perfekturik, ezta
lan finkorik ere,
inoiz eduki beharko ditu.
hanak orain
hogeita bat urte ditu, denda orotan,
zigarroak erostera doalarik
nortasun agiria eskatzen badiote ere.
azkazalak hozkatzen ditu hain gogorki
ezen ageriko odol orbanak diren
bere eskuan.
ez dirudi batere urduria,
baina etengabeko esperoan da,
nahiz eta ez dakien zehazki, zer edo noren esperoan den.
egin dezagun aurrera.


Hana eta poesia (Hana leporaino dago)

poesiari dagokionez, hanak nahiago isilik egon,
baina ezin dut
poemak ezkutatu eta lurperatzen hasi zen,
inoiz inork aurkitu zitzan.
poesiari dagokionez, hanak nahiago garrasi egin.
maite duzuna, nazkagarri bilakatzen da gure herrian.
hanak ez du inoiz esango zertan ari den pentsatzen,
orduan amaitzen baita bere poesia bidaia.
hanak pentsatu pentsatzen du, baina ez du onartuko.
hanak bere poemak irakurri nahi ditu,
hanak liburu bat argitaratu nahi du,
baina hanak ez du inoiz arrakastarik izango, zeren
hana ez da poeta eredugarria
(hanak ez daki zer den poeta eredugarri izatea, baina badaki bera ez dela)
eta garrantzitsuagoa dena: hanak ez du lagunik.
hanak nahikoa du.
ez du gehiago poetekin borrokatu nahi.
zergatik borrokatu beharko luke bere poesiagatik?
hanak gustuko ditu beren buruak poetatzat dituzten poeta-izarrak,
denak molde berean eginak.
poema bilduma bana argitaratzen dute urtero,
milaka performance egiten dituzte urtero,
non maitasunaren alegia egin
eta haren gainean filosofatzen duten.
urtero berberak izaten dira sarituak,
benetan igaro igarotzen ote da urtea?
begitarte berberak dakuski leku orotan, hari jakinarazteko
zer ari zara egiten neskatxa, ez zara ongietorria hemen
gu baino ez gaude parnaso eternalaren gailurrean
eta gu hil arte ezingo duzu deus erdietsi

(edo nola galdu zuen zibilizazioak konfidantza)
gero mozkortu eta oldarkor bihurtzen dira
eta gizonaren indarrak du zapaltzen,
hanak sekula edukiko ez duen horrek,
horregatik itzul liteke hastapenetara.
pentsatu zuen, beren aurrean belaunikatu
eta erreguka ibiltzea
irakurri ene poemak arren ez dira txarrak, benetan ez direla,
baina gaur nekatuegi dago eta ez da aski indartsu
inoiz poema onak izango dituzu, baina inoiz ez nireak bezain onak.
hanak ez dio idazteari utzi nahi,
baina kolpe eta krisi orotara apatiko da jadanik.
horixe da hain justu nahi duguna.
horregatik kolpekatzen dut oinaze gehien egiten duenean.

orain hanak bi multzotan sailkatzen ditu poetak:
poetak, gizatiar izaten jarraitzen dutenak,
eta poetak, pizti bihurtzen direnak.


Hana eta maitasuna

hanak ez du maitasunaz hitz egiten, zeren
hana gizon batekin maitemindu zen, eta esan zion
nahiago nukeen
nirekin maitemindu izan ez bazina.

eta hana musukatu zuen.
eskuliburu gehienak irakurri zituen
autolaguntzazkoak
eta norbere konfiantzari nola eutsi irakasten zutenak,
baina ezerk ez zion balio izan.
are, gisako bat idaztea pentsatu du
asko irabazi baidezake mota horretako literaturarekin.
baina maitasunak hanaren bizitzan
ez du adiera funtsezkorik.
itzuri dezagun, beraz, gaia.


Hana komunean

hana komunean geratzen da eserita sarritan
eta munduko auzi larrien inguruan pentsatzen du.
batzutan kafea eramaten du eta hautsontzia eta eserita da geratzen.
bitartean ileari begira ari da konketan, hautsa, berogailuan pilatuta,
pentsatzen,
zerekin garbituko dut ipurdia,
noiz bukatuko duen azkeneko paper-bilkaria
pentsatzen,
noiz hartu nuen min estreinakoz
eta zergatik
litzatekeen hori garrantsitsu bere bizitzan,
noiz altxatuko den eta eskuak garbituko.
Zeren badaki, jantziak ipintzean,
eta ponpari tiratzean,
segundu gutxi batzuetan, ikusiko duela nola
bere pixa eta beste jariakinak ke diren bihurtzen,
ez dut berriro deus jakingo eta ez dut deus gogoratuko.


Hana edo Katjaren amaia

ene nahaspila eta ikarekin jarri nintzen aurrez aurre.
(zuk ere aurre egin beharko zenieke, gizona!)
orain irudika ezazu, oro da igarotzen,
basoetara joaten.
zuhaitz baten ipurdian eseri.
lurra, zuhaitzak eta zerua da inguruan.

barkatzen hasi.
zerori lehenik.
besteak gero.
hartu arnas sakona hiru bider.
orduan besoak altxatu zerurantz
eta utzazu egonean.
horrela.
nire baitarekin gauzatu borroka gogorren ondoren,
zenbait uneren ondoren
non ene burua gorrotatu eta arbuiatu nuen hainbeste,
aurpegiko azala atzamarkatu nuen ia
eta beste norbait nintzen bilakatu,
ahots ezezagun batek ipurdikoa eman zidan goiz batez:
zure buruaz gupida izateari utzi,
hartu erantzunkizun bizitzan behingoz.
garbitu gela, janaria prestatzen ikasi,
fakturak ordaintzen hasi.
Inork ez du lan egingo, maitatuko ezpada zerorrek.

Egia zera da, jende guztiak du bere egia.
Eta korrika egingo dut bizitza amaitu arte.


Itzulpena: Beñat Sarasola

Julia Sarachu (Argentina)



Norbere trinkotasuna

Zuhurra naiz,
ez dut hitz erdirik esaten
ez bazait lehenago eztarrian lehertzen.
Pentsatzen dut eta:
eraldaketa bakoitzak
unibertsoa geldiarazten du.
Neroni
izar izoztua naiz
erdigunetik ertzetara bidaiatzen duena
eta soilik erdigunean sakontzean
askatzen dena.
Ez dut
mirabetza gorderik nahi
ez indargabetzen duten hitzik
ezta bekorotz lehor gisa desegiten den botererik ere.
Zeren Prometeok tximista ematean gizakiei,
sugegorriak pozoia galdu zuen
eta haiek beren Pana.
Ikusiko dut
zer mugitzen den ibaiko urpean
eta odola galtzen duen makalaren tindua.


Pampa

Pampa etengabean
zehar
ni naiz gorabehera bakar:
bideak tolesten dira
zurrumurruak zuzentzen
iragartzen dute
nire kontrako
deskarga elektrikoa.
Hemendik begiradak
helmena ugaritzen du
berregiten
ene inguruan
eraldaketen
zurrunbilo mikroskopiko bat.


Oinezkoa

Kadentzia eta erritmoa soilik
autopistaz josiriko paisaiak
eta hogei hildako eguneko
zirimola-jendea
gale baina desirarik gabeak
kioskoaren parean mutil batek
zerbait eskatzen du… eta gero beste zerbait
globoa globoa
mendebal urrunean
ekialde hurbilean zehar
ni hura naiz eta hura ni
irakurtzen dudan arte: “pneumatikoak, lerrokadura eta doiketa”
eta ibaia ez da bere onetik irteten
eta zuhaitzak hazten darrai.
Ene berezko mugimenduaren
armonia aurkitu behar dut lehenik.


Ama eta semea

Misterioarekin egon nintzen
misterioan.
Lurrak aletua zirudien
gari zorro bat zamatzen zuen
eta ene semea zeraman
eskutik oratuta:
Non daude txoriak?
Airean.
Non daude zuhaitzak?
Erroan,
taupadaka.
Non da ura?
Harriaren bihotzean.
Ametsetan.
Eta ene aita?
Ate hertsi baten atzean
edo hedatzen diren
suetako semen errean.

Mendi hegaletik jaitsi ginen muinoaren oineraino
eta errotarantz gurutzatzeko unean
orga bat igaro zen bidetik zanbuluka
aitaren zorroen lako gorpu pilatuekin
burua alde batetik
bestera.

Gidariak zaldiak kastigatzen zituen aurrera egin zezaten.

Semearen begiak estali nituen.
Bihotza atera nuen
alibi bat:
esfera hertsi batean
geundela
ikusarazi nion.


Ikusmira

Tontorretik ikusi nituen
ehundaka gizon eta emakume
engaiaturik
dantza bitxian.

Apur bat gehiago jaitsi nintzen
soldaduak belarretan atseden hartzen
eta
erritmoa
makurturik zeuden emakumeen besoen mugitzea
eragiten zituzten
olibondo adarrak
ematen zieten haize
gurpen gisa
pertsona sakratuei.

Apur bat gehiago gerturatu nintzen
ene oinkaden zarata
sinfonia garaikideko
elementuek xurgatu zuten
lantuak, burrunba sendoa
eta adarren fiu kulunkaria
soldadu eriek garrasi egiten zuten
ezpara hodei batek zelatatzen zituzten
eta emakume errukiorrek
uxatzen.

Hura izan zen
udaren hasiera.


Itzulpena: Beñat Sarasola

Dmytro Chystiak (Ukrania)



TXORIAK

I
Izarra goian da, Eguberriak alta ez dira hemen.
Zu kanpoan, apur bat grisago ari naiz hazten.
Gainontzekoek elur piloa kulunkatzen dute beren begietan.
Zu bakarrik zara, zure begiek itxaropena dakarte oraindik.
Lorategi hau ospel eta beterik da,
Baina nola maitatu genuen hemen, min egiteraino ia,
Zurbiltzen ari diren kolore tonuen ilunabar magikoa
Eta argi zipriztindua, bizkor disolbatzen, leunki.

Oi urretxindorra, nork laztanduko du
Goizeko ahotsa, neguko gaua herrestan etortzen denean?
Izarra amiltzen ari da malko bat nola, amiltzen ari,
Eguberriko izarra…



II
Ene laguna, ahots eztizkoa, bere baitara itzuli da hiri urrunean.
Alferrik ditut bilatuko haren begiak eternalak diren kaleetan, alferrik
naiz bihurtuko hosto erorkari, uda lasterrago akaba dadin.
Isilka freskotasuna ari da zabaltzen arratsaren urrean,
Isilka hitzak ari dira beheititzen, esanezin, itsututa dagoen munduan,
Isilka urratsa ezlekuan, isilka irribarre egin bitartean zoriontsu.
Ene laguna, ahots eztizkoa, bere baitara itzuli da hiri urrunean.



III
Zurbilduko da ezarian; azkenean,
Ez lore oro usteldu baino lehenago,
Zure begitartea dut ahantziko, oinaze oro dut helduko
Bakea da beheitituko.

Brisak arratsak ditu ukituko, laztasun gozo batez,
Brisak asterrak ditu ukituko, iluntzen ari direnak,
Txirulen dardarra hain zuri hain mehar,
Ametsetatik dute abesten, non itsasoa libre den arnasteko,
Non itsasoa arnastua izan daitekeen…

Eta egunak argituko du zuregan: jarraitu behar duzu,
Jakin ezin dela lurreratzerik izan,
Ez dela itsaso bat eta itsasertz irudipen bat besterik.

Zure Lohegrin handia ur gainean da,
Bakardadean da itsasoan, zisne isila
Grial Santuaren bila…



IV
Baina itzultzen da oraindik udaberrian jasmina zelaiko putzura.
Egunek irria abandonatu eta lodiago ari da hazten isiltasun argitsua.
Inoiz ez bezala, zu zara loratzea txorrotxiozko gauean.
Eta inoiz ez bezala zara txori iluntzen ari den lorategian.

Libratu zara abandonatutako gorputzez, gainbeheran dauden ametsez,
Ez duzu gehiago orduen sakontasun eta leuntasun hau sentituko.
Iluna eta kurruskatsua da musika… Esan, izotzaren haztea al da
Edo hor kanpoko leihoen kirrinka, lorategia ikuspegi?

Grina hau iluntasunean, non kolore eta lantuak galduak diren,
Grina hau egun argitan, non isiltasuna eta itzalak ditu itsutzen,
Hegoen eragiteaz sare beltzak ari dira ehuntzen ilunabarrean,
Eta dardar egiten duzu, kandela nimiñoena, inoiz ez bezala.


Itzulpena: Beñat Sarasola

Angeliki Dimouli (Grezia)



2019

Errebeldeak dira eroak
Lorategietatik irten ziren
Arte abstraktutik
(Edo surrealismotik?)
Erospenagatik egiten dute ulu
Baina txiroak sakrifikatuak izan ziren
Salbatzailetzat akusaturik.

 

In memoriam

Arrosakarazko udak
Itzalez beteriko hondartzetan
Maitasun gorriak
Ordu ilunetan
Maitale purpurak
Kristalezko kantuetan
Plazerezko malkoak
Paraje euritsuetan
Beilegi isiltasunez.
Aingeru biluziek
Arimak dituzte agintzen
Lotsarik gabe
Eta izara zurietan
Zaituzte paratzen.
Gorri.

 

La chambre fut vide

Herioren soinu gara
Lokatza zurietan
Tximino grisen samalda
Babesleku bila
Ilebako animaliak
Beren gurasoen hiltzaile doilorrak
Herriko musikariengandik
Aiztoa baliatzen ikasi zutenak
(Jende guztiarentzat da lekurik
Elbarri multzoan)
Enbrioien ontziak
Eztiz izan ziren zigilatuak
Eta isilean egin zuten negar, eztiro
Ama deitzen zaien horiek
Eta baldarki ibili ziren
Inguruko harrizko herrietan
Entzuleria eta hiltzaile gisa
Ipotx jeloskor bat dute.

 

Haluzinazioak

Arrosakara herabe batekin
Gaua engainatu zenuen
Margotu zenuen
Eta kandela txikiak piztu
Bi izar kopa legez
Eta afaria prestatu
Munduarentzat
Bi itsasargi
Ari ziren gure denbora apaintzen
Eta mastika berdeak
Utzi zenituen
Ene titietan
Berandutzeko arrazoi bat
Eman genion egun argitzeari

 

Ultimatuma

Erabaki da:
“Bakoitzak bere heriotzaren
Gainean erabakitzeko eskubidea du”
Jendea zoro eginda zegoen;
Elkarrez baliatzen ari ziren ideia
Original baten xerka.
Aintzat hartzeko jaun
Proportzioa
Zegoen bildurik erretzaile-gelan;
Zigarreta baten bidez pizten zuten
Eta itxaron;
Batzuek liburuak erre zituzten
Poema bildumak txikitu
Suminez ari ziren filosofia mespretxatzen.
Andreak eskaileretan zeuden mukuru
Eta emakume batek idatzi
Erreportaiak ahitu zituen
Proletariak kalean zirela eta sailak
Zituztela okupatu.
Zuk,
zure buruaz beste egin zenuen.
Nik, ene hileta-hitzaldia
idatzi nuen
estreinakoz.

 

Palinpsestoa

Ezinezkoa
madarikatu zenuen
eta iristean
madarikatua
izan zinen.

 

Ama

Suturik exorzizatu zintuzten
Itsas-paisaiaz beteriko
Landa batean
Hastapeneko azkengabera itzuli
Baina beste bidexka batetik…
Hego urdinetan lo egin
Eta barneratu
Goizargi gogorrean…
Eternitatea ikaratu duzu
Zure horailtasun horrekin
Eta gerezizko hitzekin ari zinen erretzen…
Zure haragikeriek haragikeri jarraitu zuten
Eta zure ametsekin zinen ezkondu…
Neska beltzaranak erditu zenituen
Eta aingeru-mutil bat…
Zaparrian ehotu zenuen menda,
Mendafina, laranja eta mastika…
Amets usaineko leku.

 

Ene maitea

Ez naiz erortzen ari
Zure haluzinazioetan
Hondoraturik berriro
Zu, ene existentziaren
Xedea behartzen duzuna;
Ez natzaizu gehiago aitortzen ari
Mendiko maitagarrien
Gatza
Zu, herioren animalia oldarkor hori

Ni konbentzitzeko ahaleginetan zinen
Eta presentzia huts gisa
Errugabea engainatzeko;
Traditua izan zinen
Zure bekatuaren
Malko urdinengandik.

 

Modus vivendi

Haragikeriok
Esetsi nauzue
Baina iheskari ari natzaizue
Ez dut mugan urratsik eman
Zure ilusioen marro
Ezta argitan bidaiatu ere
Ahanzturaren isla
Eriniak gordea
Ez dut idolorik bilatu
Ezta enbrioiei esnea eman ere
Ilunpe materiagabeetan;
Argitan behaztopa
Sufrea jaso nuen komunio gisa
Eta eguzki arrakalak
Dastatu ditut emagalduengandik
Lurraren itsasargi gupidagabeak
Eta lokatz arruntarenak

Ene akatsak ditut aukeratzen
Zuek zama ditzazuen

 

Itzulpena: Beñat Sarasola

Eslovenian udaberri hondarrean

2012ko ekaina hasieran egokitu zitzaidan estrainekoz Esloveniara joateko aukera. Center for Slovenian Literature erakundeak eta Literature Across Frontiers egitasmoak antolatutako poeta gazteentzako itzulpen tailer batera -modernoek workshop deitzen dioten horietako batera- joan nintzen Etxepare Institutuak gonbidaturik. Han bildu ginen aste betez  zazpi herrialde ezberdinetatik joandako zazpi lagun elkarren lanak itzultzeko helburuarekin. Honakook osatu genuen zazpikoa: Julia Sarachu Argentinatik, Samira Negrouche Argeliatik, Dmytro Chystiak Ukraniatik, Katja Gorečan Esloveniatik bertatik, Keith Borg Maltatik, Angeliki Dimouli Greziatik eta neroni Euskal Herritik.

Italiako mugaren ertzean dagoen Dane izeneko herrixka txiki batean hartu genuen ostatu lehenengo bost egunetan eta asteburuan hiriburura, Ljubljana-ra –liluratu ninduen hiria, bidenabar esanda-, egin genuen, aurreko egunetan burutu lana jendarteko irakurketa batean aurkeztera, Living Literature izeneko jaialdiaren baitan. Esloveniara iritsi baino lehen gure lanak bidali genizkion elkarri ingelesez eta hara iristerako bakoitzaren lan erdiak-edo izan behar genituen itzulita edo itzultze bidean. Daneko egitekoa, beraz, itzulpenok findu (autorearen presentzia profitatuz) eta falta zirenak osatzea zen. Hotel txiki eta abegikor batean hartu gintuzten eta eguneroko plangintza honakoa izaten zen: 8etan gosaria – 9etatik 13etara lehen lan txanda – Bazkaria (norberaren esku) – 16tatik 20etara bigarren lan txanda – Afaria. Halaxe igaro genituen bost egunak salbu eta Triestera joateko aprobetxatu genuen arratsalde librea.

Ljubljana-ko irakurketa aurretik

Ljubljana-ko irakurketa aurretik

Kulturen arteko harremanaren zorion-agurren topikoak aurreztuko ditut baina bai esango dut benetan idazkera aski ezberdineko lanak ezagutu eta lantzeko parada ederra izan zela. Forma poetiko askotarikoak ezagutzekoa. Chystiaken poesia mistikotik Gorečanen poesia zuzen, bizi eta “zikineraino”.  Eta esan gabe doa, haiek guztiak euskaraz emateko erronka ez txikiari aurre egin beharra, ikasgai izugarrizkoa.

Bestetik, Triesteko arratsalde-pasa hiri zoragarri hori ezagutzeko aukera bikaina izan zen. Aurretik irakurri nuen hirian jaiotako Claudio Magris idazlearen Microcosmos liburua, besteak beste Caffè San Marco azaltzen dena eta beste nonbait aipatu izan dudana, baina ordukoan, denbora eskasa medio, ez genuen lekua bisitatzerik izan. Beti utzi behar dira atzerriko bazterretan atzera itzultzeko motiboak. Gainontzean, ezein turista-literato-ustekoren nahitaezko ibilaldia egin genuen, jakina; James Joycen estatuari eta Umberto Saba liburu-dendari bisita barne. Pasadizoa bueltakoan jazo zitzaigun. Gorečani kotxea geratu zitzaioen ez atzera ez aurrera Trieste inguratzen duten malkar pikoetako batean. Autoa abian jartzeko saiaketa bakoitzean kalatu egiten zitzaion eta pixkanaka atzean ilara luzea joan zen osatzen, italiarren jenio txarra gizentzen zihoalarik, eta imajinatzen dudanez, esloveniarren kontrako birao eta madarikazioekin batera. Autoan gindoazenen gainontzekoon artean neroni nintzenez gidatzen zekien bakarra, ez nuen autoa hartzea beste erremediorik izan. Azkenik lortu nuen, bada, autoa abiaraztea eta halaxe egin genuen Danerako bueltako bidaia, kotxeko argiak piztuta egun argiz bazen ere –derrigorrezkoa omen paraje horietan-, eta mugan karabineroek gelditu ez gintzaten desiratuz, ez baineraman gida-baimena aldean.

Joyce eta gu, gu eta Joyce

Triesten. Joyce eta gu, gu eta Joyce

Datorren astetik aurrera, bada, egun horietan egindako itzulpenak argitaratuko ditut blogean –asteburuko autore bat-, oraindik ez ditut-eta inon eman argitara. Badakizue, honenbestez, plazer baduzue.