Category: Ipuin anglosaxoiak

Ipuin anglosaxoiak (eta X): Ez da erraza gizon on bat aurkitzea (Flannery O’Connor)

Mary Flannery O’Connor 1925ean jaio zen, Savannan, Georgiako estatuan, Estatu Batuetan. AEBetako hegoaldeko idazlea, askoren ustez jatorri hark eragina izan zuen bere idazkeran, beste zenbait hegoaldeko idazleren kasuan bezalaxe (Faulkner esate baterako). Bi nobela idatzi zituen arren, XX. mendeko ipuingile handienetako gisa da ezagunagoa. Haatik, bizirik zela, ipuin bilduma bakarra argitaratu zuten A Good Man is Hard to Find (Ez da erraza gizon on bat aurkitzea) eta orotara, hogeita hamaika ipuin idatzi zituen soilik, denak maila gorenekoak esan gabe doa.

Gaurkoan ekarri dugun narrazioa aipatu berri dugun bildumari izena eman zion ipuina da hain justu, “Ez da erraza gizon on bat aurkitzea”. 1953an argitaratu zen estreinakoz Avon argitaletxeak plazaratutako Modern Writing I (Idazkera Modernoa I) antologian eta bi urte beranduago, 1955ean agertu zen izen bereko bilduman. Geroztik, O’Connorren ipuin ezagunena bilakatu da. Asko hitz egin izan da O’Connorren lanen izaera groteskoaz baina idazleak berak argitu zuen kontua esanez hegoaldekoentzat hark idatzitakoa errealismo hutsa zela. Handia da, orobat, bere lanen erlijio karga, nahiz eta sarritan ageri-agerikoa ez izan.

Euskaraz A Good Man is Hard to Find liburua Itziar Otaegik itzuli zuen Literatura Unibertsala bilduman, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea izenarekin. Aurretik Mikel Azurmendik aipatu ipuina itzuli zuen Baroja argitalatxearekin “Jende ona nekez da aurkitzen” izenburuarekin.

Aukeratutako ipuinean familia baten auto bidaia kontatzen da. Pertsonaia nagusiak, amonak, Tennesse-ra joan nahi du Floridara joan beharrean, besteak beste Floridan “The Misfit” (Desorekatua) izenez ezaguna den hiltzailea dabilelako solte. Azkenean ordea, Floriranzkoa egiten du familiak. Halaxe hasten da Mikel Azurmendiren itzulpenean.



“Amonak ez zuen Floridara joan nahi. Zera nahi zuen, Tennessee ekialderantz bere familia ikustera joan, eta eginahalak eta bi egiten ari zen Baileyren erabakia aldatzeko. Bailey bere semea zen, izan zuen bakarra, eta haren etxean bizi zen. Mahaiaren aurrean zegoen Bailey eserita, aulki punttan, Journal-eko kirol orrialde laranjetatik zintzilik. «Adi ezak, Bailey, irakurri hau» bota zuen amonak. Amona zutik zegoen semearen ondoan, esku bat gerri ahulean itsatsia eta besteaz papera ximurtuz egunkaria semearen burusoileraino altxatzen ari zen. «Entzun ezak hau, Bailey; bere buruari «desorekatua» goitizenez deitzen dion tipo horrek kartzela federaletik ihes egin omen dik eta Floridarantz omen ziek; irakurri ezak bestela eta ikusiko duk zer egin dien gizajo horiei; nik ez nitizkek semeak eramango halako erailea asean eta betean dabilen lekura. Nola eduki, ba, neure barrena lasai!».”

Ipuina osorik
Ipuina entzuteko

Advertisements

Ipuin anglosaxoiak IX: Loteria (Shirley Jackson)

Shirley Hardie Jackson 1916. urtean jaio zen San Franciscon. “Loteria” ipuin honengatik da ezaguna batez ere, zeina, dagoeneko klasiko bilakaturik, azken urteotako Amerikako Estatu Batuetako ipuin antologia gehienetan azaltzen baita. The Haunting of Hill House (Hill Housen madarikazioa) nobela ere aski ezaguna egin da, obra horretan oinarritutako Robert Wisen The Haunting filma tarteko. Izu-generoan baitan sartu ohi den autorea da Jackson, Stephen King-ek sarritan laudatu izan duen autorea, baina ipuin honekin generoaren mugetatik haratago egin zuela esan daiteke.

1948ko ekainaren 26an argitaratu zen The New Yorker aldizkarian. Ez zuen batere harrera ona izan ipuinak, irakurle eta harpideen protesta eta kexuak ugariak izan ziren bertan kontatzen zena asaldagarriegia iritzirik. Hego Afrikan debekatua izan zen ipuina. Horren ondotik Jacksonek zera esan omen zuen: “Haiek gutxienez ulertu dute”.

Istorioa Ameriketako 300 biztanle eskaseko herri txiki batean kokatzen da, ekainaren 27 bero batean. Herrikideak urtero biltzen dira “Loteria” izeneko erritual bati ekiteko. Ume, gizon eta emakumeak, familia bakoitzeko kide bana bertaratzen da gutxienez. Hortik aurrera erritualaren prozesua deskribatzen da, herrikideen arteko solasak tartekatuz. Erritualaren amaiera lazgarria da, irakurlearengan halako bihotzondoko dorpea eragiten diona. Halaxe hasten da:



“Ekainaren 27ko goiza garbi eta eguzkitsua izan zen, uda-beteko egun baten berotasun freskoarekin; loreak barra-barra ari ziren loretzen eta belarra berde bizia zen. Herritarrak plazan biltzen hasi ziren hamarrak inguruan, posta bulegoa eta banketxearen artean; zenbait herritan hainbeste jende bizi zen ezen loteriak bi egun hartzen baitzituen eta ekainaren 26an hasi behar izaten zuten.”

Ipuina osorik (ingelesez)

Ipuin anglosaxoiak VIII: Ameslaria (Saki)

Hector Hugh Munro, Saki ezizenez ezagunagoa, 1870ean jaio zen Sittwen, Burma herrialdean, oraindik inperio britaniarraren kolonia zenean. Bere ipuinengatik da ezaguna batez ere, haien tonu ironiko, zalu eta sarritan makabroarengatik, zeinaren bidez garaiko gizarte viktoriarra artez erretratatu baitzuen. Zeinbaitentzat Dorothy Parkerren maisuetako bat dugu gizartearen hipokresia eta zurikeriak umore garratzez azaleratzeko antzean.

Ez dago argi bere ezizenaren jatorria. Batzuentzat poema bati egiten dio erreferentzia, besteren aburuz, Hego Ameriketako primate bati. Borgesek estimu handitan zuen Sakiren literatura, bere La biblioteca de Babel (Babeleko biblioteka) bildumako 28. zenbakian Sakiren 12 ipuin antologatu zituen. Graham Greenek XX. mendeko umoregile ingeles handienetzat zuen, eta horregatik hartu ohi da, halaber, P.G Woodehouse-n gisako ondorengo umoregile britaniarren aitapontekotzat. Ipuingintzara lotu aurretik prentsan idatzi ohi zituen kronika sozial satirikoak, Westminster Gazette eta Morning Post moduko egunkarietan.

Jon Mirandek itzuli zituen haren zenbait ipuin Egan aldizkarian, eta baita Sarrionandiak ere Mitxel Sarasketarekin batera. Haatik, Rosa Miren Artolak paratutako Ipui hautatuak izenekoa da euskaraz dugun Sakiren bilduma handiena, 1987. urtean Baroja argitaletxeak plazaratutakoa. Handik hartua dugu Ameslaria ipuina, zeinetan, besteak beste, kontsumismoaren satira nahiko goiztiarra egiten baita. Adela Chemping eta bere hiloba gaztea dira ipuineko bi pertsonaia nagusiak.



Halaxe hasten da:

“Merkealdi garaia zen. Abuztuan, Walpurgis eta Nettlepink izeneko dendan salneurriek behera egin zuten aste oso batez merkatariza legeak betetzearren, dukesa batek baino gehiagok jasaten zuten gripe erasoaldia garai honetan, gripea onartua baitzegoen aitzakia gisa. Adela Chemping-ek bere burua merkealdi maukek zuten erakargarritasunaren gainetik jotzen bazuen ere, Walpurgis eta Nettlepink dendako errebajatako asteari arreta jarri zion.”

Ipuin anglosaxoiak VII: Kew lorategiak (Virginia Woolf)

Adeline Virginia Woolf 1883. urtean jaio zen Londonen. Ezagun denez, XX. mendeko idazleen lehen lerroan kokatzen den autorea dugu, modernismo anglosaxoiaren adibide behinenetakoa. Bereak dira, esaterako, Mrs. Dalloway (Dalloway anderea), Orlando, edota The Waves (Olatuak) nobela sonatuak. Euskaraz To the Lighthouse (Farorantz) nobela dugu soilik itzulia, Anton Garikanok 1993an argitaratua Literatura Unibertsala sailean. Hala ere, bere ekarria ez zen soilik nobelagintzara mugatu, genero asko jorratu baitzituen bere ibilbidean zehar. A Room of One’s Own (Norbere gela) saiakera dago horien artean, kasik antologia feminista orotan azaltzen den testu klasikoa. Bertakoa da honako esaldi famatua: “Emakume batek bere diru eta gela propioak eduki behar ditu fikzioa idatziko badu”.

Kew Gardens (Kew lorategiak) da bere ipuin ezagunenetakoa. 1919ko maiatzaren 12an argitaratu zen estreinakoz bere ahizpa Vanessa Bell-en bi ilustraziok lagundurik. 1921an Monday or Tuesday (Astelehena edo asteartea) ipuin bilduman berrargitaratuko zen eta 1944an, berriz, A Haunted House and Other Short Stories (Etxe sorgindua eta beste zenbait istorio) bilduman.

Istorioa Londoneko kanpoaldeko lorategi handi batzuetan kokatzen da, Kew lorategietan hain zuzen, uztaileko egun bero batean. Han pasieran dabiltzan hainbat jende multzotan ipintzen du arreta narratzaileak, baina batez ere beren inguruko landareria, intsektu eta abarren deskripzio joriek egiten dute berezi ipuina. Ez dira ugari-ugariak modernismoaren adibideak ipuingintzan baina dudarik gabe, honakoa litzateke nabarmenetako bat. Halaxe hasten da:



“Lorezko parterre obalatutik ehunka zurtoin sortzen ziren, bihotz edo mingaina formako hostoetan bihurtuak bide erdian eta petalo gorri, urdin edo horizko ugaritasunean hedatzeko gailurrean, kolore orban handiak gainaldean barreiatuak; eta eztarriaren ilunantz gorri, urdin edo horitik barra zuzen eta gogor bat zen azalaratzen, non urrezko hauts lauso batek halako lakartasun bat ematen baitzion bukaeran.”

Ipuina osorik (ingelesez)

Ipuin anglosaxoiak VI: Tiro-hotsak gauean (Dashiell Hammett)

Samuel Dashiell Hammett Saint Mary’s County-n, Maryland-en, jaio zen 1894. urtean. Nobela beltz amerikar modernoaren (hard-boiled gisa ere ezagun dena) aitaponteko, Sam Spade izeneko detektibea protagonista duen The Maltese Falcon (Maltako belatza, Igela argitaletxean argitaratua) nobelarengatik da batez ere ezaguna. Sam Spade beste hiru narrazio motzetan azaltzen da: A Man Called Spade (Spade izeneko gizona), Too Many Have Lived (Gehiegik bizi izan dute) eta They Can Only Hang You Once (Behin bakarrik urka zaitzakete). Bereak dira, halaber, Red Harvest (Uzta gorria, Igelan publikatua hau ere) eta The Thin Man (Gizon argala, Elkarren argitaratua).

Pinkerton detektibe agentzian lan egindakoa, 20. hamarkadan idatzi zituen bere lan gehienak. XIX. mendeko misteriozko literaturgintzaren aldean, Hammettek hasiera ematen dion literatur moldean mundu aski ankerra azaltzen zaigu, non ikertzailea bera ere ez baita libratzen gehienetan ustelkeriagatik. Abailan zihoan garaiko aurrerabide estatubatuarraren B aldea azaltzen digu nolabait, gizartearen hondo ustelenak. Moralkeria gutxiko pertsonaia biolentoak dira Hammettek irudikatzen dituen gehienak.

Nobelak idatzi aurretik, baina, narrazio motzak argitaratzen hasi zen Black Mask (Maskara beltza) aldizkarian. Hortxe kokatzen da Hammetten idazmolde eta literaturgintzaren ernamuina. Kritiko zenbaitentzat istorioa kanpotikako ikuspuntutik idazten maisuenetakoa da Hammett, narratzaile orojakilearen kontrara, informazio urri eta hotza ematen digun narratzailearena.

“Tiro-hotsak gauen” (Night Shots) ipuina 1924ko otsailaren 1ean argitaratu zen Black Masken eta aurretik aipatutakoaren adibide egokia da. Halaxe hasten da:



“Etxea adreilu gorrizkoa zen, handi eta karratua, arbel berdezko teilatua zuena, zeinaren hegalak bi pisu izateko jite sobera txikerra ematen zion eraikuntzari; eta hegi belartsu batean makurtzen zen, Mokelumne ibaiari begiratzeko bizkarra ematen zion konderriko errepidetik distantzia dezentera.

Knownburg-etik irteteko alokatu nuen Ford-ak etxe hartara eraman ninduen metalezko telazko langa altu bat igaro, etxea inguratzen zuen bideari jarraitu eta behealdeko pisua osoki inguratzen zuen portxe estalia metro eskasera utzi ondoren.
-Hango hura Exonen suhia da –esan zidan taxistak eman nion billetea gorde eta alde egiteko prestatzen zela.”

Ipuina osorik (ingelesez)

Ipuin anglosaxoiak V: Hodei txiki bat (James Joyce)

James Augustine Aloysious Joyce Dublinen jaio zen 1882. urtean. Ezagun denez, XX. mendeak eman duen idazle handienetakoa da. Batez ere narraziogile gisa ezaguna, bere narrazio oro da aski sonatua: Dublindarrak ipuin liburua, Artistaren gaztetako portreta, Ulises nobela ezaguna eta Finneganen arrastoa. Ziur aski Dublinen erretratugile finena da Joyce, bere liburu guztiak baitaude Irlandako hiriburuan kokatuta.

Dublindarrak ipuin liburua ez da salbuespena, jakina. 1914an argitaratu zuen artean Joyce idazle gazte eta nahiko ezezaguna zela. Joycek ipuin hauetan darabilen idazkera hotza da, soila, pertsonaien eta testuinguruaren deskripzioan oinarritutakoa. Nekez ekiten dio narratzaileak balorazioak egiteari, halako kanpo begirada batetik idatziak dira. Ulises eta Finneganen arrastoako idazkeratik urrun dago ipuinetakoa, baina XX. mendeko ipuin-bilduma azpimarragarrienetakoa da halaber dudarik gabe. Bereziki ezaguna da liburuko azkeneko ipuina, Hilak izenekoa, zeina liburuko luzeena baita. Ezaguna da baita ere John Huston-ek ipuin honetan oinarrituta 1987an eginiko filma.

Guk, ordea, beste ipuin bat hautatu dugu gaurko; Hodei txiki bat (A Little Cloud). Bi lagun zaharren zortzi urte ondorengo enkontrua kontatzen du narrazioak. Ignatius Gallaher, Londresera joan eta kazetari ospetsu eta arrakastatsu bihurtutakoa, eta Little Chandler, poesia idazle lotsatia. Ipuina bi pertsonaien kontraste horren gainean dago eraikia, Little Chandlerrengan fokalizatuta. Joycen ipuinen ezaugarri propio nagusia, seguru asko, epifania delakoa da. Narrazio guztietan, bukaera aldera, gertakari normalean xume batek pertsonaia batengan halako asaldura latza eragiten du, istorio guztia eta pertsonaiaren bizitza bera berrinterpretatzera eramaten gaituena. Ipuin honetan ere gauza bera gertatzen da Little Chandlerrekin.



Halaxe hasten da:

“Zortzi urte igaroak ziren North Wall-en bere adiskidea zorte ona opatuz agurtu zuenetik. Gallaher-ek lortu zuen. Bere eite herabegabeak agerian uzten zuen: tweed janzki ongi ebakia eta bere azentuaren segurantza. Harena bezalako azentua zuten adiskide gutxi zeuden, eta oraindik gutxiago halako arrakasta lortu ondoren alferrik galdu ez zirenak. Gallaherren bihotza oso ongi egokitua zegoen eta lortutakoa merezi zuen. Hura bezalako adiskide bat edukitzea ez zen inolako txorakeria.”




Bizkaia Irratiko Irakurrieran saioan irakurritako testua

Ipuin anglosaxoiak IV: Mizkeria (Dorothy Parker)

Dorothy Parker New Jersey estatuko Long Branch hirian jaio zen 1883an. Lan ugari egindako idazlea poesia, ipuingintza, gidoigintza zein saiakeran, batez ere bere ipuinen zolitasun, ironia zorrotz eta umorearengatik da ezaguna. Algonquin Hoteleko mahai inguruko kide eta fundatzaileetako bat izan zen. Mahai inguru hau idazle, aktore, kritikari eta abarrek osatu zuten eta 1919tik 1929ra egunero Algonquin hotelean geratzen ziren bazkaritarako. Bertan egunkariko txiste, hizjoko eta asmamen-jolasak (wit) jasotzen zituzten eta urteen poderioz ezagun egin zen nazio mailan.

Parkerren ibilbide literarioa antzerki kritikari gisa hasi zen, P.G Wodehouse umorista britaniar handiaren ordezko gisa hartu zutenean haren oporraldi batzuetan. Pare bat urteren buruan utzi zuen bere kritika eta umore kaustikoaren kariaz ekoizle boteretsuak sumintzen hasi zenean. The New Yorker aldizkariko sorrerako (1925. urtean) editore taldeko partaide izan zen eta berehala hasiko zen XX. mendeko ipuingintzarako mugarria izan den aldizkari hartan argitaratzen. 1934tik aurrera Hollywooden aritu zen lanean gidoigile moduan eta 15 filme baino gehiagotan parte hartu zuen. Euskaraz Literatura Unibertsala bilduman ditugu bere ipuinetako hainbat Mirentxu Larrañagak itzuliak, Hona hemen gu biok izeneko alean.

Gaurkoan ekarri dugun ipuina, Mizkeria (Sentiment), teknikoki orain arte ekarri ditugunetatik eta Parkerren beraren gehienetatik nahiko ezberdina da. Besteak beste horregatik ekarri dugu. Monologo luze bat da funtsean. Emakume bat taxian doa eta taxistari esaten dizkion esaldi laburretatik landa, emakumearen burutazioak dira irakurtzen ditugunak. Geografiak emozionaletik zenbat izan dezakeen adierazten digu ipuinak, nola betiko kaleek esanahi erabat ezberdina jaso dezaketen jazoera lazgarri baten ondotik, kasu honetan haustura sentimental baten ondotik. Harper’s Bazaar aldizkarian argitaratu zuen 1932ko abenduan.



Halaxe hasten da:

Bai, edonora, gidari, edonora… Berdin dio. Segi aurrera. Gidatu beldurrik gabe.
Hobe izango dut, bai, taxian joan, ibilian baino. Ez lidake onik egingo oinez ibiltzen ahalegintzeak. Beti bai baita norbait, jendetza artean begiz jotzen dudana… haren antzera sorbaldei aldaro eragiten dien norbait, kapela hark bezala albo batera okertuta daraman norbait. Eta hura dela uste izan ohi dut. Itzuli dela uste izaten dut.”




Bizkaia Irratiko Irakurrieran saioan irakurritako testua