Category: Liburu kritikak

Intemperie –Jesús Carrasco–

Izenburua: Intemperie
Autorea: Jesús Carrasco
Argitaletxea: Seix Barral
Urtea: 2013

Jesús Carrasco-ren Intemperie Espainiako literaturako urteko ebentoa, edo ebentoetako bat, izaten ari da. Opera prima horrek gaztelanieraz publikatu aurretik jada beste hamabi hizkuntzara itzultzeko eskubideak salduak zituen eta ezarian liburuaren sona puzten joan da hala estatuan nola atzerrian. Ezbairik gabe, liburuaren arrakastaren atzean Seix Barralek egindako marketing kanpaina indartsua dago, baina auzia izaten da halakoetan neurtzea ea horretaz gain balio literariorik ba ote duen liburuak. Normalean ezer gutxi balio duten liburuekin egiten badira halakoak, honakoa salbuespena dugu, merezi duen nobela baitugu Intemperie.

Arrakastarekin batera etorri dira berehala halaber beste idazleekin konparazioak. Cormac McCarthy-rena da agian agerikoena. Jakina, halako izen erraldoi batekin egindako konparazioak beti dira gehiegizkoak, baina egia esan, neroni ere, etengabe etortzen zitzaidan gogora McCarthy –batez ere The RoadIntemperie irakurri bitartean. Burura etortzen zitzaidan beste bat, ostera, ez zitzaidan hain urruti geratzen. Izan ere, Pello Lizarralde-ren literaturarekin akordatzea ekidinezina egin zait baita ere, Iñigo Aranbarriri bezalaxe. Entzun dudanez, euskal idazle batek honakoa esan zion Seix Barraleko editoreari duela gutxi: “Pues nosotros tenemos a un escritor en la línea de Carrasco, pero mejor”. Izena apuntatu omen zuen editoreak, kortesiaz.

Intemperie

Intemperie

Toki eta denbora zehatzgabe batean lekutua –Espainiako mesetako bazterren batean eta XX. mendeko 50-60. hamarkadetan ziur aski– nobelak ume baten ihesa kontatzen du funtsean. Herri eta familiatik ihesean da mutila, arrazoia ezkutatzen zaigula hasieran eta apurka ezagutzen joango garela. Ihesean laster bat egingo du ahuntzain zahar batekin. Hura ere, mutila bezala, nahiko alderrai dabil bere ahuntzak, astoa eta txakurra lagun, eta elkarrekin ekiten diote bideari, pixkanaka umearen herritik urruntzen. Herriko alguazila, ordea, umearen xerka dabil eta hura zein bere laguntzaileei itzuri egitea izango da bi lagunen egitekoa. Istorioak, berez, ez du aparteko jira-bira edo sorpresarik; amaieran halako tentsio apur bat badago ere, nobelaren indargunea idazkeran dago istorioan bainoago –bien banaketa egitea zilegi bazait–.

Beste denbora eta beste espazio batzuk biziarazten ditu nobelak. Denbora aski geldoago bat, egunargi eta gauek banatzen dutena soilik. Espazio zabalago bat, zeruko aztarnek gidatzen dutena. Hala, mundu galdu bat irudikatzen du, finean, nobelak. Nagusiki kanpo begiradaz, inguruneko zoko eta zirrikitu txikienetaraino ipintzen du arreta narratzaileak, landako hizkuntza aberats eta zenbaitetan arkaikoz. Hizkuntza aberats hori, ordea, ez da irakurketarako oztopo; gainontzean, oso idazkera aratza darabil eta. Esaldi nahiko labur eta soilekin –batez ere gaztelanierak ematen duen kiribiletarako aukerak kontuan izanik– eta dialogo bakan eta motzekin idazten du Carrascok eta, honenbestez, prosari kolorea lexikoaren bidez ematen dio. Deskribapenak maiz jori eta xeheak dira, baina inoiz ez debaldeko eta astunegiak. Guztien artean hasiera partean dagoen bat azpimarratuko nuke. “Lo-paralisia” izeneko parasomnia bat azaltzen da deskribaturik; fenomeno hori, nahiko ohikoa bada ere –neronek maiz izaten dut–, jende gutxik ezagutzen du eta kasu bakanetan agertzen da artean edo literaturan islaturik. Aski ongi deskribatzen du, ezbairik gabe, egoera hain berezi hori zein sortzen duen estura.

En algún momento, dentro de su cabeza, hay una circunvolución que despierta y la alerta cobra una forma embrionaria. Su voluntad se abre camino como un Laocoonte a través de la penumbra húmeda de su cerebro hasta que su consciencia es total. En la silla turca de su cráneo se sienta él o alguien que vive en su interior y que toma el mando de su cuerpo. Activa los órganos y abre espitas para que la sangre vuelva a fluir a través de los conductos colapsados por el vacío repentino. El niño de la silla le ordena abrir los ojos, pro no consigue que los párpados se eleven. Una ola extraña y minúscula recorre su frente como una lija de babas que le rasca la piel dolorida. De nuevo, intenta levantar los párpados sin resultado. Pesan como cortinas de guadamecí. Gritos del averno empujan los muros de su cabeza de fuera a dentro. Nota la vibración de sus sienes membranosas y siente flotar sus ojos de las órbitas como hielos en un vaso. Quien está sentado dentro de su cráneo busca alternativas. Viaja por el interior de su cuerpo hueco hasta alcanzar las puntas de los dedos. Lanza hacia los extremos descargas eléctricas y los patea, sin conseguir movimiento alguno, La lija caliente recorre su cara y se cuela por sus dientes y encías. Definitivamente, está atrapado en su cabeza y sólo le aguarda esperar la muerte. Escucha el tintineo de unas campanillas sumergidas en grasa. Pasos que se acercan, apretados y torpes. Alguien ha descubierto su cuerpo y quizá pueda darle entierro. Por horrible que sea su agonía, al menos así no se lo comerán los perros. Una muerte consistente en mordeduras sucias en las falanges. (…) Algo le zarandea la cara. Quizá una mano. A continuación un golpe. El niño que está dentro del niño se agita, agarrado a la silla. En el seísmo interior, sin querer, activa algún mecanismo oculto y consigue que el chico se le abran los ojos.

Printzipioz istorio arrunt samarra kontatzen digu Intemperiek baina Carrascok hain egoera muturrekoetara eramaten ditu pertsonaiak –bakardade erabatekoa, baliabide eskasi absolutua– ezen azkenean halako transzendentzia batera ailegatzen baita. Izan ere, gizakia naturarekin bekoz-beko ipintzen du, babesgabe –hortik izenburua halaber–, eta halaxe azaleratzen zaizkigu literaturaren historian errepikariak diren gai pisuzkoak: denbora, heriotza, bortizkeria, boterea, askatasuna… Zeren bai, narrazio itxura batean hotz horren gibelean eduki liteario zamatsua dago, eta horrek egiten du interesgarri nobela eta marketing-produktutik haratago eramaten.

Halako arrakastetan gertatu ohi den gisara, honakoan ere egon dira berehala muturra okertu eta hau eta bestea kritikatu dutenak, kasuren batean baita balizko ahulgune absurduak azpimarratu ere –ikus hemen esaten dena Carrascoren idazkeraz Borgesen aipu bat lagun–. Neroni ere zenbait metafora eta konparaziok kirrinka egin didate eta kontaketak amaieran bide nobeleskoagoa hartzeak azken emaitzari on sobera egiten ez diola iruditzen zait. Haatik, hauek guztiak txikikeriak dira nobelaren balio orokorraren aurrean; esan bezala, aski liburu gomendagarria baita Intemperie, eserialdi patsadatsu batean lasai asko irakurtzeko modukoa. Exajerazioa izango da McCarthy eta konpainia bere alboan ipintzea, baina, zalantzarik gabe, honakoa literatura da, literatura letra guztiekin, eta aurrerantzean adi jarraitu beharreko ibilbidea seinalatzen digu Carrascok. Victor Erice imajinatzen dut nobela letu eta berriz ere kamararen atzean jatzeko harra pizten zaiola; McCarthyrenak eta Lizarralderenak bezalaxe, honakoa ere aski nobela zinematografikoa baita.

Advertisements

Años lentos, Fernando Aramburu

Izenburua: Años lentos
Autorea: Fernando Aramburu
Argitaletxea: Tusquets
Urtea: 2012

Fernando Aramburu euskal literaturan ezagunagoa da noizbehinka “euskaraz idazten duten idazleei” buruz jaulkitzen dituen purrustadengatik bere liburuengatik baino. Azkenekoa, Tusquets saria jaso ondotik bota zuen, urte luzetan esan izan den topikoa –euskal literaturan ETAri buruz ez dela idazten– enegarrenez errepikatuz. Euskal literaturaren ezagutza minimoa duen edonork daki hori esatea zentzugabekeria totala dela, baina ezagun denez, ezjakintasunak eta ausarkeriak elkarrekin meriendatu ohi dute igandetan.

Hain zuzen Años lentos nobelagatik eman zioten Tusquets saria Arambururi, eta herra baino sentimendu makurragorik ez dela uste duten horietakoa naizenez, eskuartean hartu dut, besteak beste iaz jaso zituen kritika onek akuilatuta –tira, azaleko argazkiak orobat; azken batean, ñoñostiarrak ez (ñoñostiarrak beti besteak dira), baina akaso doñostiarrak bai bagera eta–.

anos-lentos-vii-premio-tusquets-editores-de-novela-9788483833803

Aurretik Los peces de la amargura ipuin liburua irakurria nion autoreari; ipuin liburu interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta gorabeheratsuegia eta momenturen batean baita engaiatua, engaiatuegia, ere. Años lentosi dagokionez, alderdi nabarmenetako bat narrazioaren egitura da. Bi testu motek –bi narratzaile ezberdin dituztenak– osatzen dute liburua. Testuok balizko nobela baten aurrelanekoak izango lirateke; hots, Aramburu bera idaztekotan den nobela baterako materialak. Batetik istorioaren protagonistak bidaltzen dizkion testuak ditugu, lehenengo pertsonan idatziak eta zortzi urte zituenean jazotakoak gogoratzen dituenak. Testu hauek dira nagusiak liburuan eta istorioa benetan gorpuzten dutenak. Bigarrenik, Aramburu beraren –Fernando Aramburu izeneko idazle baten, esan nahi baita– apunteak agertzen zaizkigu tartekatuta, lagunak bidaltzen dizkion testuei buruzko erreferentziekin, hartu beharreko hautu literarioen inguruko hausnarketekin, elkarrizketa solteen saiakerekin, eta beste. Apunteok aski egokiak dira idazle baten azalean sartzeko; hots, nobela bat idatzi aurretiko idazlearen gogoetak ikusteko, zeri ematen dion garrantzia, elementu diferenteak nola lotzen dituen. Aparatu metafikzional hau ondo landu eta osatua dago eta nobelaren indargune agerietako bat da; haren bidez ahots ezberdinen artean mugitzeko aukera uzten zaio irakurleari, eta baita balizko nobelaren inguruan espekulatzeko ere.

Istorioak, hala, zortzi urteko umearen bizitza zati bat kontatzen du. Nafarra bera, Donostiako Ibaeta auzoan bizi den izeba baten etxera joaten da bizitzera 1960en hondarrean Iruñeako Erruki Etxetik irtenda. Han bizi dira izeba-osabak –Maripuy eta Vicente– eta haien bi seme-alabak, Julen eta Mari Nieves. Julen Frankismoaren kontrako mugimenduaren giro abertzalean dago murgildurik, Victoriano apaizak abdukziturik-edo. Julenek protagonista autobus geltokian jasotzen duelarik narratzaileak egiten duen deskribapena irakurrita, badakigu ETAn amaituko duela:

[Julen] Tenía un cigarrillo pinzado entre los dientes. Me hizo un gran desprecio. Y fue que entró en un bar cinco o seis metros antes de llegar a mi lado.
Lo primero que dijo al verme fue:
–¿Cómo tú por aquí, navarro de los cojones?
Y acontinuación, a manera de saludo, me amagó un puñetazo desde su altura de mozo fornido.

Ezbairik gabe, halako astokilo batek zori bakarra baizik ezin zuen eduki: ETAn amaitzea. Eta baiki, horixe da nobelaren ahulgune nagusia, Ramon Saizarbitoriak Koldo Izagirreri inoiz egotzi zion gehiegizko grina: “Aberria geure aberria da baina, tira, ez da hainbesterakoa ere. Guri horixe egokitu zaigu eta Koldok erakusten duen grina hori oso literario den arren, gainetik kendu beharko lukeela uste dut. Literatura kendu egin beharko luke toki horretatik eta, egia esan, noizbait kendu ere egingo duela uste dut. Ez dakit ondo ulertuko den esaten ari naizena.” Ken aberria antiterrorismo/antinazionalismoaren itsukeriagatik eta ekuazio antzekoa aterako zaizu.

Julen, ETAn sartu eta denbora gutxi barru handik irteten den arte, pertsonaia karikaturesko hutsa da, zeinaren dialogo batzuk literarioki sinesgaitzak ez ezik kasik komikoak diren. Karikatureskoa den bezala Victoriano apaiza. ETAko militante baten larruan jartzean, Aramburuk huts egiten du goitik behera. Huts egiten du, esaterako, Saizarbitoria beraren edo Jokin Muñozen liburu batzuetako etakideekin alderatuta –eta ez dut uste idazleok sobera susmagarri direnik ETArekiko onberak izateagatik-edo (edo bai, zeren antiterrorismoaren sukarraren beroan, ultraeskuindarra ez den oro izaten ahal da-eta epel)–. Besterik da, ordea, Julen ETAtik irten eta egindakoaz damutzen denean –batez ere hasierakoarekin alderaturik–. Orduan, salbuespenen bat landa, hezur-haragizko pertsonaia sinesgarri bilakatzen da bat-batean. Zalantzak ditu, sentimenduak, ahulezia erakusten du. Eta hau kontu literario soila da; ziur aski dezente gogorragoa baita ezker abertzalen tradizioarentzat –eta baita polimilienarentzat, bide batez– beregain hartzea bigarren zati hori –alegia, “damutuei” historikoki egin jazarpena– erakundean txoriburuek militatu izana baino.

Errelatogintza hain zabaldua dugun honetan, Aramburuk errelato jakin baten gerizpean idazten du halaber, zeinak hiru ideia indartsu dituen:

–ETA hasieratik zen arbuiagarria, jatorrian zuen gaitza: ETAren hastapenetan kokatzen baita istorioa.
–Elizaren zati batek ETArekin kolaboratu eta berau sustatu izan du: hau da, hainbat kobazulotan entzuten den legez: “ETA nació en un seminario”.
–Nafarrak Euskal Herriaren barruan sartzea inbento berri bat da: hortik Julenen nafarrekiko kontrakotasuna.

Julenen pertsonaiaren hastapeneko irudikatze eskasak bereziki kontrastatzen du nobelaren beste ildo nagusiarekin. Mari Nieves lehengusinari dagokio ildo hori. Liburuari buruzko zenbait iruzkinetan kasik aipatu ere egiten ez den arren, alderdi hau iruditzen zait nobelako taxuzkoena ezbairik gabe. Auzoko zenbait mutilekin ibili zalea, auzoen, apaizaren zein familiaren presioa jaso behar du, bereziki haurduntzen denean. Oso ongi dago irudikatua neska gajoak jasan behar duen garaiko giro kontsebadore, matxista eta itogarria, eta esku abilez daude zirriborratuak hala Maripuy nola Vicente, Visentico gizajoa. Baita Donostiako garaiko Ibaeta auzoa ere, literaturan, nik dakidala, inoiz edo ia inoiz irudikatu ez dena. Hala, nobelak, bukaera aldera egiten du gora. Batetik Maripuyren istorioak espazio handiagoa hartzen duelako, eta bestetik, ETAtik bueltan, Julenek kartoizkoa izateari uzten diolako.

Dena den, nabarmentzekoa da, halaber, Aramburuk amaieran egiten duen autokritika saioa 38. apuntean. Beste hainbatek garbi utzi nahi izango zuketen haiek beti paratu zirela terrorismoaren kontra, beti izan zirela demokrata eredugarrizkoak, baina hara non, honakoa idazten duen Aramburuk Visentico behin autobusean ikusi zuenean sentitu zuenari buruz, zeina giza kondizioaren lintxamendurako jaiduraren adibide bikaina baita:

En el Antiguo, frente a cervezas El León, se monta Visentico. Chapela, camisa de cuadros, jersey a la espalda con las mangas anudadas sobre el pecho, mondadientes en la boca. Siento nada más verlo una aversión invencible. No me ha hecho nada. ¿A quién iba a hacer nada malo aquel obrero bondadoso e inculto? Se dice, se cuenta, se mumurra. Me han contagiado el odio que le profesa a él y a su familia mucha gente en el barrio por causa del hijo supuestamente colaborador de la policía. Me ve, me saluda. En lugar de corresponder a su saludo le clavo una mirada de fuego. Comprende. Sin decir nada vuelve la cara hacia otro lado.

Izan ere, beste aldera begiratzea baino aski makurragoa baita beste aldera begiraraztea.

Atzerri -Mikel Antza-

Izenburua: Atzerri
Autorea: Mikel Antza
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2012

Atzerriko pasarte hunkigarrienetako batean Mikel Antza bera azaltzen zaigu Parisen Montxo Armendarizen 27 horas filma ikusten. Hastapeneko plano luzearekin, Imanolen ahotsa lagun, Donostiako kaia eta Kontxako Badia ikusten delarik, malkotan hasten da herriminak eta lagunminak zafratua. “Filmaren bukaeran negar egitea, tira, baina hasieran!” gehitzen du.

Uste dut Koldo Izagirreri irakurri niola behin Imanoli buruz ziharduela kantaria ezkerreko eta abertzale ez gutxirentzat haien kontraesanen parte dela. Pasarte hori irakurtzen ari nintzela, Mikel Antza eta Imanolen patuak gurutzatzen direlarik, bururatu zait, kurioski, Mikel Antzari buruz ere antzeko zerbait esan daitekeela. Nobelan bertan aitortzen duen gisara, euskal literaturako idazle promesadun izatetik, meniskoa hautsitako futbol jokalaria bailitzan karrera eten eta ETAko buruzagitzara igarotako figura. Aurretik literaturan pertsonaia nobelatua izan den arren -Raul Zeliken Lagun Armatuan-, oraingoan beste inor gabe Mikel Antza bera izan da haren bizitza fikzionatu duena. Honenbestez, bai, barkamenak aldez aurretik hitzari fobia diozuenoi baina Atzerri nobela autofikzionala da.

Idazlea kartzelan dagoela abiatzen da kontakizuna, Ospitalekoaken jarraipena bailitzan kasik, bertako tratu umiliagarriaren narrazio gordinarekin. Berehala egiten du jauzia denboran atzerantz ordea, protagonista borroka armatuarekin engaiatu baino aurreko iluntzera. Argitaletxe bateko bost lagun azaltzen zaizkigu kotxe batean: Antza bera (gidaria), Xabier, Iñaki, Eneko eta Josu. Oreretan afari legea eginda Donostiarantz egiten dute kopa bana hartzera.

Hurrengo egunean, lagunak, neska, familia utzita, muga gurutzatu eta errefuxiatu politiko gisa lehenengo eta klandestinitate betean beranduago, Antza ETAn nola murgiltzen den kontatzen digu nobelak. Tira, xehetasun zehatzat alde batera utzita, gizon bat talde armatu batean nola murgiltzen den, zelako sentipenak dituen, zelako kezkak, nola maitemintzen den, zertaz akordatzen den, zer desiratzen duen, da kontatzen zaiguna. Pisu handiagoa baitu nobelan protagonistaren bizitza, nolabait esatearren, sentimentalak, gora-behera politikoek baino. Eta nago hor dela indartsuen Antzaren narraziogintza, borroka armatuak norbanakoaren eguneroko bizitzan zein inguruoengan nola eragiten duen deskribatzean. Benetako indarra hartzen du momentu horietan narrazioak. Haren nobeletan borroka armatuak pertsonaien bizi, sentitu, gozatu beharrarekin egiten du talka. Gatazka eremu horretan kokatzen da. Sarritan entzun izan dut euskal gatazkan etakideen bertsioa dela kontatzeko falta dena, eta zentzu horretan, ez dezala inork espero nobela honek ETAren borrokaren justifikazio politiko argudiatu bat-edo emango dionik. Bertsio bat da, nola ez, baina ez galdegin ohi den bertsio mota horietako bat. Atzerri nobela bat baita, fikzio bat azken buruan.

Nobelaren zati handi batek Antzaren Parisko ibilerak kontatzen ditu. Frantsesa eta zinema ikasten hasi eta nola, egoera politikoak bultzaturik, apurka apurka bizitza geroz eta bakarti geroz eta klandestinoago batean murgiltzen den ezinbestean. Zati horretan kimaketa apur bat gaizki etorriko ez litzatekeela iruditu zait momenturen batean. Pariskoa utzita, fikzioaren eremuetan barneratzen gara gehiago -nahiz eta hori esatea, bai, apur bat abenturatua den-, espetxeko ihesa kontatzetik -halako zirkulu bat osatuz ihesetik ihesera- nobelan zehar azaltzen diren beste hainbat ahotsez osatutako nobela barruko nobela bateraino –Atzerri izenekoa halaber-. Pariskoa murrizketa txiki baten premian ikusi dudan gisa berean geratu naiz David-ek -Antzaren alter ego moduko bat- idatzitako Atzerri kontakizunaren garapen handiagoaren gosez. Bere horretan istorio aski interesgarria izanagatik iruditu zait kontakizun oraindik osatuago bat ehundu zitekeela. Izan ere, maisutasunez kontatuak daude talde klandestino baten barneko segurtasun arauen ingurukoak, kideen arteko mesfidantzak, katramila afektiboak eta beste. Ohartu naizenerako kontakizuna bere amaieretan zen.

Arestian aipatu borroka-pertsona gatazka horien artean, Ospitalekoaken jada agertzen zen gaia izanagatik, oraingoan gai nagusia da idazletza eta engaiamendu politikoaren arteko erlazioarena. Protagonista halako barne-borroka etengabean azaltzen zaigu idazteko nahia eta aberriaren aldeko borrokaren beharraren arteko lehian. Nobela osoa zeharkatzen duen kezka da eta esan daiteke kasik istorioko krisi bakoitza prisma horretatik (ere) irakur daitekeela. Beste ildo azpimarragarri bat maitasun istorioek osatzen dute (neska poloniarrarekin izandako istorio ederra esaterako). Nobelan agertzen diren maitasun istorioak beti daude klandestinitateak, borrokak ebakirik eta pertsonaien kontraesan zein zalantzak azalerarazten dizkigute. Kuriosoa da, bestalde, maitasun istorio horiek topikoak esango ligukeen burkide ar-gogorraren iruditik aski aldentzen direla, denek baitute halako ukitu erromantiko-platoniko-herabea, demagun, eta uler bedi ironikoki, Before Sunrise tankerakoa. 60etan egongo bagina amodio burgesa dela esango genuke agian.

Idazkerari dagokionez, Antzak aspaldi erakutsitako finezia berberaz -edo are oraindik handiagoaz- dago idatzia baina bereziki nabarmendu nahiko nituzke tarteka kontzientzia-jario moduan emanak dauden zatiak, irakurlea idazlearen zurrunbilo horretan bikainki sartzen dutenak. Keinu literario-kulturalak ere askotarikoak dira. Batzuk esplizituak -Brodsky, Beckett…- eta beste batzuk ez horrenbeste. Azken hauen artean dago, esango nuke, Izagirreren Metxari keinua (bigarrenez, Ospitalekoaken ageri baitzen orobat) Beñat pertsonaia edo doblearen bidez.

Nobela handi bat, baiki. Meniskoaren aitzakiak ez du jada balio.

Winter Journal -Paul Auster-

Izenburua: Winter Journal
Autorea: Paul Auster
Argitaletxea: Henry Holt and Co.
Urtea: 2012

Betirako berradiskidetze bat. Halakoxe zerbait bihurtu zaizu azkenean Winter Journalen irakurketa. Lagun zaharra hainbat urteko hoztasuna ostean berriz ere itzuli izan balitz bezala. Zalantza oro uxatu zaizkizu, ez duzu gehiago haren talentua zalantzan ipiniko.

Gizon bat, hirurogeita lau urteko gizona, haren bizitzako negualdian sartzen ari delarik, atzera begiratu eta iraganeko urte guztiak aurrez aurre ipinita. Zintzotasun osoz, bihotza eskuan, parez pare ipinita. Horixe iruditu zaizu oroz gain liburua. Pentsatzen ahal da bigarren mailako generoa dela memoriena; nobelarekin erkaturik, fikzioarekin erkaturik, ez duela zer eginik. Baina, esanak esan, urte asko dira argi dagoela nobelaz haraindi -zentzu hertsiko fikzioaz haraindi- literatura egin daitekeela, lehen mailako literatura egin daitekeela. Ipuingintza ez da aparte uztekoa, ez dira poesiarentzat garai onenak, hori egia da -Iban Zaldua poesiaren sona hanpatuegiaz diharduenean XIX. mende amaierako poesiaz-edo hitz egingo duela imajinatzen duzu-, baina memoria, egunerokoa, dokufikzio, saiakera literario eta enparauekin ezein idazle -ezein idazle handi, alegia- literaturaren lehen lerroan jarri daitekeela ez da kontu berria. Azkena, memorien generoan bertan, J.M Coetzeeren Boyhood, Youth eta Summertime, batez ere azkenekoak jaso zuen txalo zaparrada piloarekin.

Ez duzu uste kasualitatea denik Coetzeeren ostean Austerrek ere memorien bidea hartu izana. Ia ziur zaude estatubatuarrak hegoafrikarraren memoriak irakurri dituela eta ez zaizu hipotesi zoroa iruditzen haren emaitza ikusita ekin izana, besteak beste, lurralde horietan idazteari. Bide batez, gogo biziz espero duzu bi idazleon arteko gutunen publikazioa, luze gabe argitaratzekoak direnak.

Ez da memoria liburu estandarra Austerrena (ere). Titulutik bertatik atzeman daiteke ahaleginaren literariotasuna, iraganaren neurri berean paratzen baita oraina. Bai, memoria liburu oro bezala, norbanako baten iraganari buruzko liburua da Winter Journal, baina orain zehatz batetik -zahartzaroaren hasieratik- idatzitakoa; inondik ere ez, esan gabe doa, gertaera zahar batzuen kontaketa neutro-objektiboa. Zintzotasuna aipatu duzu lehen eta orain ohartzen zara zintzotasun horrek ez duela zer ikusirik gertakarien balizko egiazkotasunarekin. Ez dakizu Austerrek beti gertakarien egiazkotasunetik idatzi duen, susmoa duzu ezetz, noski, eta batez ere susmoa duzu muntazko gauza dezente ezkutatu dituela kontatzeke (adibidez, zergatik dute haren arreba eta lehen semeak presentzia hain eskasa?), gauza normala dena bestalde. Baina zintzotasunaz diharduzunean ez zara zintzotasun horretaz ari. Baizik eta idazlea, bridarik gabe kasik, dena ematen ikusten duzula; ikusten duzula haren burua gupidagabeki astintzen. Akats, lotsa, hankasartze eta ahuldade guztiekin. Ikusten duzu idazlea humano, humanoegi. Honatx liburuaren hasiera.

You think it will never happen to you, that it cannot happen to you, that you are the person in the world to whom none of these things will ever happen, and then, one by one, they all begin to happen to you, in the same way they happen to everyone else.

Kronologikoki ezarian aurrera egiten duen testua da, baina beti ere hari ezin finagoaz, saltoka, tartean garai ezberdinetako gertakariak lotuz. Nabarmentzekoa ere liburuaren zati handi bat, non bizi izan den etxebizitza ugariak abiapuntu hartuta harilkatzen duen narrazioa. Laburbilduz, ordea, batez ere bi dira liburu osoa zeharkatzen duten gaiak: maitasuna eta heriotza. Maitasuna nagusiki haren ama eta bigarren emaztearekikoa. Heriotza -eta harekiko beldurra- berriz, ez da azkeneko orrialdeetan soilik ageri den kontua, hasieratik bertatik present dagoen eta hausnarketa oro bustitzen duen mamu moduko bat baizik.

Uste duzu ez zaudela oso oker Austerrek azken urteetan halako beheraldi kreatiboa izan duela iruditzen zaizunean. Formula errepikatuegietan estekatua ikusi duzu, fikzioaren arrobamenduetan gehiegi tematuta, baina liburu honekin berretsi duzu aspaldi pentsatu eta gero zalantzan ipini zenuena. Paul Auster bizirik diren idazle handienetakoa dela, Harold Bloomen idazle estatubatuarren laukoan -Thomas Pynchon, Cormac McCarthy, Philip Roth, Don Delillo- lekurik ez izanagatik. Ikusi duzu idazle bat idazkera aski soil, bai, baina sakontasun literario demasduna, orrialdez orrialde tentsiorik galtzen ez duena, hausnarketa hutsaletan galtzen ez dena. Ikusi duzu Paul Auster bertsio onenean, eta haren lan zaharrak berrirakurtzeko -eta falta dizkiozunak irakurtzeko- gogo bizia sentitu duzu.