Category: Musika

John Zorn: Masada Marathon

Data: 2013/07/27
Lekua: Kursaal, Donostia.

Orain urtebete-edo jakin nuenean aurtengo Jazzaldian John Zornek joko zuela ez nuen zalantzarik egin, kontzertua ezin galduzko horietakoa izango zen. Beste ezein formatutan etorri izan balitz ere hala litzatekeen baina, gainera, kasu honetan egitasmo bakanarekin –Europan emanaldi bakarra– etorriko zen, Masada Maratoiarekin. Denbora tarte honetan Zorn jauna zuzenean ikusteko aukera izan dut, baina hura ez zen Maratoiaren aperitif txiki bat baino izan –nahiz eta kontzeptuz nahiko antzekoa–.

John Zorn

John Zorn

Ia bost orduko emanaldi batean, are gehiago halako musika iradokitzailea duzunean aurrean, egokiera ezinhobea duzu hainbat konturen inguruan hausnartzeko. Artelan baten harrera zuzen eta bat-batekoa ez dela pentsatzen dutenekoa naiz; obra bat barneratu eta zeureganatzeko ezinbestekoa dela backgrounda. Artearen harrera beti dela bitartekotzazkoa. Baita musikan ere, zeina printzipioz arte disziplina bat-batekoena den. Hau da, artearen harrera beti da, agerikoa izan edo ez, jarduera intelektual bat. Hori bereziki da nabarmena modernitateaz gerozko obra gorenetan, eta dudarik gabe, Zornen proposamena ezin modernoagoa da zentzu horretan. Zornek berak aipatu izan du bere musikarekin bilatzen duena entzulea pentsatzen ipintzea dela, “ez pentsatzen ari dela pentsatzea, baizik eta benetan pentsatzea”. Bere proposamenak hain dira muturreko eta apurtzaileak ezen nekez imajina daiteke entzule “arrunt” batek, inolako lanketa estetikorik eduki ez duenak, haren emanaldi batekin gozatzen ahal duenik. Honek guztiak ez du zerikusirik elitismoarekin, esan dezadan bidenabar, ez bada artearen kontzepzio kritiko batekin, baina hori beste baterako utziko dugu.

Kontua da, paradoxikoki, larunbatekoan, Maratoia ikusi bitartean justu kontrakoa bururatu zitzaidala; hau da, hain iruditzen zitzaidan liluragarria begien aurrean nuena ezen otu zitzaidala harekin mota guztietako publikoak sentituko zuela gauza bera –hala Afrikako tribu urruneko emakumeak nola arteak bost axola dion The City-ko ekonomilariak–. Musika horrek bazuela zerbait puru eta apartekoa transhistoriko eta transkulturala bihurtzen duena. Zenbaiten aburuz obra gorenek badute gaitasun hori, alegia, hartzaile xaloa zuzen eta sakonki kolpekatzekoa inongo bitartekaririk gabe. Nire ustez, gehiago da maistralanek, Maratoiak bezala, eragiten duten irudipen faltsua.

Imajinatu 1986an Miles Davis-ek bost orduko kontzertua eman zuela bere ibilbideko formazio ezberdinekin. Han egongo liratake, horietako batzuk hilik egongo ez balira, besteak beste, John Coltrane, Paul Chambers, Philly Joe Jones, Winton Kelly, Cannnonball Adderley, Wayne Shorter, Herbie Hancock, Chick Corea… Joan diren garaiak beti hobeak izan direla uste dutenentzat gehiegizka ibiltzea izango da, baina Zornekin larunbatean ikusitakoa ez da oso ezberdina maila eta garrantziari dagokionez. Diferentzia, horiek guztien ordez Dave Douglas, Greg Cohen, Mark Feldman, Joey Baron, Uri Caine, Eric Friedlander, Marc Ribot eta beste ikusi ahal izan genituela. Sinesgogor jarraitzen dutenekin, nahi izatera, hemendik hogeita hamar urtera elkartuko gara berriz ere.

Maratoian Masada egitasmoaren pean urtetan Zornek izandako formazio askotarikoak joan ziren tartekatzen. Denera hamabi talde, egitasmoari 1993an izena eta hasiera eman zion Laukotetik (Zorn, Douglas, Cohen, Baron) abiatuta. Sekulako hasiera izan zen laukotearena; izan ere, zaila baita pentsatzen egun haren mailako kuarteto bat. Horren ondoren etorri ziren Sylvie Courvoisier (pianoa) eta Mark Feldman (biolina). Proposamen pausatuagoa eta aski sotila, Feldmanen erakustaldiarekin. Jarraian Banquet of the Spirits, Cyro Baptistak gidaturik eta Tarantinoren filmen doinuak gogorarazi zizkigun proposamenarekin. Mycale izan zen, ia aho batez, arratseko eskaintza erdipurdikoena. Ahotsez osaturiko laukotea, beren musika atsegingarria gora-behera, besteren maila gorenetik oso urruti geratu zirela aski agerikoa izan zen. Gainontzeko formazioetatik Bar Kokhba, Erik Friedlanderren bakarkakoa, The Dreamers-en elegantzia –Kenny Wollesen-en bibrafonoa lagun–, Masada String Trio eta emanaldia itxi zuen Electric Masada nabarmenduko nituzke. Hau da, ia dena.

Klezmer musika hebrearraren irakurketa garaikide muturrekoa da, nolabait, Zornen Masada, eta honenbestez, ekialdeko ohiartzunak etengabeak izan ziren bost orduetan. Ez da, zentzu horretan, beste hainbat free jazz edo musika esperimentalen atonalitate jarraira ematen eta horrek ere, dudarik gabe, irensgarriagoa egiten du ordu horietan guztietan eserlekuan mugitu gabe geratzea. Zenbat doinu hispaniar ere sumatu ahal izan ziren, batez ere Friedlander eta Cainen set-etan. Electric Masadaren amaiera izugarria izan zen, hitzaren zentzu literalenean. Noise talde ugari hankapean utziko lituzkeen burrunba atera zuen zortzikoak, Zornek ia etengabe indartsuago, ozenago jotzeko eskatzen zuela –batez ere ordenagailu bidez soinuak jaurtitzen zituen Ikue Mori-ri–. Zorn berari gehiago ikusi zitzaion taldeon zuzendaritzan –aparta izan zen bere keinu/aginduen eta musikarien erantzunen dialogoan arreta ipintzea, aparta bezain dialogo horretan musikariek nola gozatzen zuten ikustea– saxoa jotzen baino (lehenengo eta azkeneko formazioetan jo zuen bakarrik, eta sobera protagonismo hartu gabe), nahiz eta saxoari eman zionean ere detaile bikainak utzi zituen –batez ere laukotearekin; oraindik buruan dut nota bat nola luzatu zuen ia eternitate batez–.

Ikuskizun gogoangarria izatekoa zen eta halaxe gertatu zen larunbatekoa. Ekidinezina zen amaitutakoan Zornena beste maila batean dagoen musika eta proposamen estetikoa dela pentsatzea. Badagoela jauzi alimalezkoa bost ordu horien eta asko maite ditudan pop edo rock taldeen edo, demagun, Euskadiko Orkestraren emanaldien artean. Jauzi horretan datza artea eta sormena, biak ere zentzu erradikalean. Esku bakarreko hatzak nahikoak zaizkit hogeita bederatzi urte hauetan edukitako maila horretako esperientzia sonoroak zenbatzeko. Susmoa da, hemendik hogeita bederatzi urtera ere, gauza bera esan ahalko dudala.

Advertisements

Primavera Sound 2013

Primavera Sound jaialdiak halako tamaina hartu du ezen ia ezinezkoa baita bertan ikusitakoaren balorazio orokor bat egitea. “Zer moduz aurtengo PSa?” galdetzen dizutelarik “nirea ondo” “nirea gaizki” erantzutea beste aukerarik ez zaizu geratzen. Adibide bat jartzearren, larunbatean Nick Cave & The Bad Seeds taulagainera irteten zirela, Camera Obscura-k, Dan Deacon-ek eta Tarántula-k ere gauza bera egiten zuten beste eszenatoki batzuetan. Zortzi eszenatokiko jaialdia baita egun PS; zortzikoa, Ray-Ban Unplugged, Salón Myspace Smint eta Minimúsica eszenatoki txikiak kontuan hartu gabe.

Nire gusturako, jaialdi handiegia bihurtu da. Garai batean beti utzi behar izaten zenuen talde gogokoren bat ikusteke baina egun jada hiru edo lau jaialdi leku berean egingo balira bezala da. Zer moduz talde hau? Zer moduz beste hura? galdetu eta besaburuak altxatzen dituzu, ez dituzulako ikusi –eta kidea zalantzan ikusten duzu benetan jaialdian egon ote zaren edo dena pose hipster bat den–. Jendetza ere gehiegizkoa izaten da eszenatoki nagusietan puntako orduan eta guneen arteko distantzia handiak (batez ere Heineken eta ATP eszenatokiena) ere jaialdi deseroso bihurtzen du.

Gauzak horrela, batez ere Primavera, Ray-Ban, Pitchfork eta Vice eszenatokietan ibili nintzen, besteak beste Heineken eszenatoki nagusiko izen handiei (Blur, Nick Cave, The Jesus And Mary Chain, My Bloody Valentine…) uko eginez.

Tarantula 02 Xarlene

Tarántula –Xarlene–

Hasteko zeozer nabarmentzekotan talde afrikarrak nabarmenduko nituzke. Tinariwen tuareg beteranoak eta, batez ere, Benin-go Orchestre Poly Rythmo de Cotonou. Lehenengoek emanaldi ederra eman zuten ostiral gauean –indartsu hasi eta pixkanaka behera eginez, hori bai–, Afrika iparraldeko tishoumaren deitzen zaion musika rockaren instrumentaziora eramana. Orchestre Poly Rythmo goiztiarrak izan ziren larunbatean, arratsaldean jo zuten eszenatoki berean eta jende guztia ipini zuten dantzan. Ez dut imajinatu ere egin nahi kontzertu bera goizeko ordubitan zelako parranda litzatekeen. Musika berezia egiten dute; afrikako hainbat doinu (afrobeata eta beste) musika karibear eta latinoarekin nahasten dituzte.

Ostegunean, El Inquilino Comunista getxotarrak ondo ibili ziren taulagainean, gustura. Denboraren igarotzearekin, oraindik agerikoagoa da, batetik, Pixies taldearekiko zorra eta, bestetik, 90etako Espainiako indie-pop mugimenduaren testuinguruan kokatzen direla. Beren kontzertu bat ikustea esperientzia nostalgikoa da oroz gain. L’Hereu Escampa sorpresa ona izan zen. Manlleu-tik etorritako bikote (gitarra eta bateria) gazteak hardcorea eta popa nahasten ditu emaitza fresko eta indartsua osatuz. Formazioagatik izango da, baina ekidinezia egin zitzaidan Japandroids-ekin akordatzea. Woods ere ondo aritu ziren, baina urruti duela lau urte-edo Jamboree aretoan jotako kontzertu puskatik. Jaialdi handiek hori dute; masifikazioa, soinu sarritan ez oso ona eta denbora murritza kausa, nekez irits daitekeela kontzertu bat punta-puntakoa izatera, nagusiki halako talde txiki batena baldin bada. Antzeko zerbait esan daiteke Fred i Son-ez. Hauek, gainera, publiko oso txikiaren aurrean jo behar izan zuten, ordu berean Manel-ek jotzen zuelako –ulergaitza bi taldeok aldi berean programatu izana, bidenabar–. Chris Cohen-en pop abegikor eta epelarekin gozatu ahal izan genuen ondoren; tamalez, ordea, ez zen kontzertu borobila izan, puntu bat falta zitzaiola iruditu zitzaidan. Deerhunter apur bat ikusi ondoren, eguneko kontzertua izan zenera joan nintzen: Sean Nicholas Savage. Teklista bakarraren laguntzarekin, pertsonaia eszentriko eta berezi hau cronner kistch moduko bat da, AEBetako karreterako tabernaren batean edo Jim Jarmush-en film batean imajinatzen duzuna. Estonagarriak dira bere ahots eta interpretazio gaitasuna.

Sean Nicholas Savage –Xarlene–

Ostiralean Kurt Vile & The Violators-ekin hasi genuen eguna. Erdipurdi aritu ziren. Talde horrek zuzenean Vileri on egiten ez diola iruditu zitzaidan, bortitzegi eta zabarregi jotzen dutelako –gehienbat bateriak–. Jarraian Daniel Johnston ikusi nuen, eserita, goraino bete zen Auditori-n. Lehenengo aldia zen ikusten nuena eta Johnstonen inguruan denetarik ikusi eta entzun arren ondo sumatu nuen estatubatuarra, ondo osasunez zein musikalki, esan nahi baita. Abesti berriagoak bere klasikoekin (Beatles, Casper The Friendly Ghost, Speeding Motorcycle…) tartekatu zituen, “True Love Will Find You In The End” handiarekin amaituz. Matthew E. White-n kontzertuari tankera ona hartua nion baina pixka bat ustela atera zen. Americana soulerantz eramaten duen musikaria da White eta sarritan konparatua izan da Lambchop-ekin, eta hori, jakina, ez da edozer gauza. Ez ninduen gehiegi harrapatu ordea; oso profesional eta zuzena dena baina inspirazio handirik gabe. Aukeran, ildo antzekoan, nahiago Primavera Cluben jo zuen Little Wings. Tinariwen ikusi ostean James Blake ikustera gerturatu baina ez nuen gehiegi iraun. Ez da egokiena Blaken proposamenerako milaka lagunez inguraturik egotea, eszenatokitik urruti.

Daniel Johnston –Xarlene–

Larunbata Orchestre Poly Rythmo bikainekin hasi zen. Gero aurtengo hypea, Rodriguez, ordezkatu zuen Chucho. Taxuz ordezkatu ere. Emanaldi borobila eman zuen, zuzenean sendo, besteak beste “Un ángel turbio”ren bertsio indartsuarekin. Cayucasen kontzertua, bestetik, aski gatzgabea izan zen. Primavera Sounden eman zuen kontzertu aparta ondoren, berriz ere gerturatu nintzen Mac DeMarco ikustera eta egoera aski ezberdina izanagatik, ez zuen hutsik egin. Publiko artean amaitu zuen kontzertuak ixteko jotzen duen “Still Together” kantatu bitartean. Camera Obscurak ere kontzertu txukuna eman zuten beren pop bellesebastianeroarekin. Los Planetas-ek Una semana en el motor de un autobús disko jada klasikoa jo zuten zuzenean eta enegarrenez zuzenean pattal sumatu nituen. Ez dakit ze pentsatuko zuten kanpotarrek banda hori Espainiako punta-puntakoa ei dela entzundakoan. Tarántularena ordea nabarmentzekoa, kontzertu osoa ikusi ez banuen ere, ederki aritu ziren publiko eskasia gora-behera. Egungo Bartzelonako talde interesgarrienetakoa dela erakutsi zuten.

Eta halaxe amaitu zen aurtengo Primavera Sounda. Urtero bezala, hurrengo urtean errepikatuko ote dudan zalantza handiekin eta, urtero bezala, azkenean errepikatuko dudalako susmoarekin.

Jauzi handiaren zain (Billy Bragg)

Fundación Robo-rekin jotzeko Billy Bragg-en “Waiting for the Great Leap Forwards” abestiaren bertsio bat prestatu zuen Ibonrg-k eta letrarekin lagundu nion nik. Originalaren itzulpen-moldaketa-eguneraketa moduko bat da; haren espirituarekin mantentzen saiatu nintzen. Abestia Stop Desahucios Gipuzkoa plataformak antolatutako kontzertu batean jo zuen Ibonek –Mursego-k, Roberto Herreros-ek eta Nacho Vegas-ek lagunduta–. Hemen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=XHQ1MDzCJ4c.

Gaur Ondarrun ere jauzi handiaren zain.



Jauzi handiaren zain

Izan zitekeen Ixa Gonzalezen garaian
baina gazte bat dago orain Lanbideko ilaran
argeliar batek ea zer jartzen duen afixan
gutarrek dutela lehentasun
lanean, bizitzan
Al Kaedakoa ote den pentsatu du ikaraz
biak kale ospel berean daudela.

Angela Merkel lasai lasai opor garaian
ura hotzegi dagoela pentsatu du bere baitan
minduta eskumuturra tinta agortu zaio
miseria sinatzen.

Bukowski tabernan entzuten den zarata
Axi ari da txukuntzen bart gaueko triskantza
nerabe bat agertu da liburuxka besapean
errezitaldi bat egin nahi duela.

Popa ta politika ze kalamitatea
zertarako nahasi zozoa eta belea
esaten didate beti gizon prestu jarriek
jauzi handiaren zain nagoela.

Hauteskunde eztabaidek gogaitu egin gaituzte
zure esku hautatzea zu ze taldetan zauden
borrokalaria izan
boterezalea izan
jauzi handiaren zain zaudela.

Jauzi bat aurrera egin
beste bi jauzi baldarki.
Jauzi handiaren zain.

Kutsatutako zerrendak
zuenetan egotea ohore bat.
Jauzi handiaren zain.

Komisario politikoak
patetiko halakoak.
Jauzi handiaren zain.

Kendu zaborra balkoitik
ez duzu apeta hoberik?
Jauzi handiaren zain.

Nagia ikusten baduzu
iraultza zure esku duzu.
Jauzi handiaren zain.

Batu hadi ekintzara
lagunak ditun milaka.
Jauzi handiaren zain.

Edwyn Collins ( + Colorama + Extraperlo)

Data: 2013/03/23
Lekua: Intxaurrondo CC, Donostia.

Bigarren aldia zen Edwyn Collins ikustera nindoala. Duela bizpahiru urte ikusi nuen Bartzelonan eta gozatu ederra hartu nuen ordukoan. Collinsek iktus bat izan zuen 2005an eta geroztik eskumakila baten laguntzaz ibiltzen da beste zenbait zailtasunen artean, baina ordukoan, zailtasunak zailtasun, emanaldi bero eta xarmangarria eman zuen. Izan ere, kantu ederrak sortzeko gaitasuna ez du galdu, aurreko diskoa, Losing Sleep, lekuko. Ezta bizipoza ere, zuzenean ikusi duen edonork froga dezakeen gisara. Gaur bertan argitaratu du albun berria, Understated, zeinak, aurretik entzun izan ditugun kantu parea kontuan hartuta, itxura bikaina duen halaber.

Bartzelonakoan talde osoarekin ikusi nuen baina larunbatekoan formatu bereziko emanaldia zen. Hirukoan, James Walbourne gitarretan eta Carwyn Ellis gitarra eta teklatuetan, kantuen bertsio soil eta biluziagoak eskaini zituzten. Publikoari gogoberotuta ikusi zitzaion, baina neroni, egia esan, ez ninduen kontzertuak asebete. Formatu horretan abestiek ez zutela hain ongi funtzionatzen iruditu zitzaidan. Collinsen abestiak, bereziki Orange Juice-n garaikoak, groove handikoak dira, musika beltzaren eragina dutenak, eta inpresioa izan nuen alderdi hori galdu egiten zela hirukoarekin. Urardotuak sumatu nituen kantu gehienak. Bestetik, Collinsen osasun inausiarentzat aproposagoa banda oso baten indarra aproposagoa delakoan nago, noiz edo noiz galdu edo trabatzen denean hobeki lagundu eta bultzatzen duelako aurrera. Walbourneren gitarra jotzeko moduak ere, stadium-rockaren aire modukoarekin, ez ziola sobera laguntzen iruditu zitzaidan.

Edwyn Collins, publikoarekin jostari (Juan G. Andrés)

Edwyn Collins, publikoarekin jostari (Juan G. Andrés)

Gainontzean, nola ez, Collinsen konposizio zoragarriak entzun ahal izan genituen, eta jakina, horrekin bakarrik edonor liluratzen ahal da. Orange Juicen “Falling and Laughing” bikainarekin hasi eta Collinsen aurreko bakarkako diskoetako abestiak tartekatu zituzten albun berriko abestiekin. Orange Juicen beste hainbat berreskuratu zituzten orobat (“Consolation Prize”, “Blueboy”), bukaerarako utziz “Rid It Up” talde haren hit handiena.

tumblr_mk5tjkFql71qion5qo1_1280

Colorama (Juan G. Andrés)

Aurretik Carwyn Ellisen bakarkako proiektuak jo zuen, Coloramak. Berandu iritsi ginen baina entzun genituen lauzpabost piezetatik pare bat nabarmentzekoak egin zitzaizkigun. Lehenago oraindik, Extraperlo aritu ziren. Bi diskoekin gozatu arren ez nuen oraindik taldea zuzenean ikusteko paradarik izan eta taxuz eraman zituzten doinuok taulagainera. Kanarietako hotel bateko piszinarako moduko musika hori, eguzkitako betaurrekoekin, eskuan daikiri bat duzula imajinatzen duzula zure burua. Bada burgeskeria makurragorik. Bañadores!

Gauza txikien xarmaz: Berrio eta Ordorika

Kantetako hitzak konparatzea aski interesgarria izan ohi da, ez bakarrik hitzon barnean hobeki murgiltzeko aukera ematen digulako, baizik eta pop kantuak, gehienetan, sinpletasun eta berehalakotasunerantz egiten dutenez, gizarteko topiko, ideia eta balioen erretratu moduko bat islatzen dutelako nolabait. Ez dira hain justu Ruper Ordorika eta Rafael Berrio pop hitz sinpleak egiten dituztenen adibide, baina badute kanta bana aski erkagarriak direnak –ederrak izateaz gainera-, eta neurri batean, beren arteko proposamen estetiko-musikalaren ezberdintasunak adierazten dituztenak.
Berrioren azkeneko diskoko “Las pequeñas cosas” entzuten ari nintzela berehala gogoratu nintzen Ordorikaren “Gauza erabiliak”ekin. Berriorenak, aldez edo moldez, zoriona gauza txikietan dagoela dioen topikoaren kontra egiten du.

No encuentro la felicidad en las pequeñas cosas.
Las pequeñas cosas de la vida no me bastan.
No me basta con el que dicen su encanto inefable,
aquel que tanta poesía en nombre suyo causa.

Una velada amena, pongamos por ejemplo;
ese goce humilde de las pequeñas cosas;
ese goce humilde no me satisface,
ni me basta, digamos, el temblor de una rosa.

Y sé que voy a estar insatisfecho eternamente.
Sé que voy a ser infeliz toda mi vida.
Porque es verdad que el hombre sabio en ello se deleita,
y yo mismo sé que en ello reside la armonía.

Pero este corazón mío es un pozo sin fondo.
Y me digo que algo habrá más allá de estas minucias
de las que acaso solo gocen quienes, dignos del Olimpo,
se basten para sí con las mieles más insulsas.

Ah… las pequeñas cosas.
Oh… su encanto inefable.
Ese goce humilde de las pequeñas cosas,
esa dicha angélica, esas pálidas rosas:
No me satisfacen.
No me son suficientes.
De ningún modo me basta el encanto indolente
a mi modo de ver.
No encuentro la felicidad, francamente,
en las pequeñas cosas…
de la vida

Muy al contrario a mí se me hace necesaria otra medida,
y no es posible verme sonreir por menos de ella.
Los éxtasis de la vida ―que nunca he alcanzado―,
o cuanto pueda de sublime tener la existencia.

Cómo no aspirar entonces a poseer la gracia
de arder en un altar de pasiones delirantes
cuyo bárbaro clímax no conozca decaimiento.
¿No es acaso esto lo humanamente deseable?

¿O puede acaso compararse un amor heróico
con tal vez veinte años de muermo ininterrumpido?
¿Puede acaso compararse el lustre de la gloria
con estas aguas turbias que somos del olvido?

Así pues cállense todos los poetas lelos,
y todos los panegiristas de las pequeñas cosas,
porque esta perra insatisfacción del alma no se aplaca
como ellos pretenden con cuatro bicocas.

Ah… las pequeñas cosas.
Oh… su encanto inefable.
Ese goce humilde de las pequeñas cosas,
esa dicha angélica, esas pálidas rosas:
No me satisfacen.
No me son suficientes.
De ningún modo me basta el encanto indolente
a mi modo de ver.
No encuentro la felicidad, francamente,
en las pequeñas cosas…
de la vida.

Hitzak oso datoz bat donostiarrak batez ere 1971-tik aurrera hartu duen bide arranditsu zein hanpatsuarekin. Handitasunari idazten dio, nolabait, 1971ean eta Diarios-en, halako tonu aristokrata batekin. Ez da alferrik 98ko idazleen irakurle sutsu; Berriok ere, zentzu batean belaunaldi hartako idazleek nola, mundu galdu bati idazten diola dirudi, mundu handi, inperial bati –ikus 1971ko “Como Cortés”ko konparazioa-, eta hala, txikikeriak hutsalak zaizkio. Bere ezinegona baretuko lizkioketen gauzak handiak dira oro, gailenak; loria, esaterako, abesti horretan bertan azaltzen den hitz bat ekartzeko. Baina aitortu aitortzen du baretasun hori erdiestea ezinezko zaiola jada; larrimina betirako izango duela aldean.

Erabat ezberdinak dira, ezberdinak direnez, Ordorikaren “Gauza erabiliak” abestiko hitzak; hain zuzen ere, gauza eskasak goratzen baitituzte.

Nik ere gauza orotarik
Gauza erabiliak ditut gehien maite.
Akatsdunak, amotz xamarrak,
Lagun zaharrak bezala urkoak diren hoiek
Baliagarritasun kontu hoietan
Gaindituak izan diren gauzak ere.
Gauza arruntak, gauza sotilak
Gauza erabiliak maite ditut gehien..

Eta hitzak ere,
Baita hitzak ere,
Askok esandako hoiek.
Eta hitzak ere,
Baita hitzak ere,
Gutxik esan arren.

Gauza zeozertarakoak
Heuren eginkizuna bete eta eder zaizkidanak.
Gauza erabiliak
Heuren edertasun apala denborak emanik dutena..

Eta hitzak ere,
Baita hitzak ere

Gauzok ditut lagun
Hitzen hotsak bezala
Ezagutu egiten ditut
Zorioneko gauzak, zorioneko hitzak !

Zeren eta gauza erabiliak
Usatu hutsarekin dira estimatuago.
Gaurko munduarekin legez
Datorrenarekin ere gaituzte lotzenago.

Eta hitzak ere,
Baita hitzak ere

Gauzok ditut lagun
Hitzen hotsak bezala
Ezagutu egiten ditut
Zorioneko gauzak, zorioneko hitzak

Jakina, hitzok ez dira soilik gauza txiki, erabilien aupatzea –hitz eta hizkuntzaren kontua hor dago, esate batera-, baina “Las pequeñas cosas”ekin alderatuta alderdi hori azaleratzen da gehien. Izan ere, Ordorikaren proposamen estetikoa urrun da oso 98ko idazleen, eta baita Berrioren ere, tonutik. Batez ere azken urteetako abestietan, sotiltasuna bilatzen du gehiago, nagusiki naturarekin lotutako ñabardurak (errezil sagarrak, ogi egin berria, intxaurra eta gaztaia…), eta halako tonu apal, soseguzko, isil moduko bat darabil. Berrioren esturaren eta ukitu tremendistaren aldean Ordorikak “Bizitzea gogoz hartu behar da, hala esaten didazu, ez nagi ez negarti, bizitza bakan duzu (…) Bizitzea irriz hartu behar da, ez alferrik gal kemena, maitatu uneoro, biharko hemen ez bazina” kantatzen du beste kanta zoragarri batean. Nekeza zait imajinatzen beste honekin: “a mí se me hace necesaria otra medida, y no es posible verme sonreir por menos de ella. Los éxtasis de la vida ―que nunca he alcanzado― o cuanto pueda de sublime tener la existencia”.

P.D: Testua amaitzen ari nintzela oroitu naiz Rafa Ruedak Kirmen Uriberen testu batekin egin “Gauza perfektuak” kantarekin. Ziur aski norabide antzekoan irakur liteke, Ordorikaren ildoan, alegia.

Searching for Sugar Man, Malik Bendjelloul

Iraupena: 86 min.

Urtea: 2012

Searching for Sugar Man-i buruz irailean entzun nuen estreinakoz, New Yorken nengoela. Ea Rodriguez izeneko kantaria ezagutzen nuen eta nik ezetz; ea espainiarra zen nik eta hark ezetz, estatubatuarra zela, Bod Dylanen garaikoa. Ideiarik ez nuela. Ba ikusteko hari buruzko dokumentala, ez nintzela damutuko.

Eta iritsi zen Dock of the Bay jaialdia, jada Donostian nengoela, eta hutsik ez egiteko mandatua ipini nion nire buruari. Ordurako banuen informazio gehiago. Sundance jaialdian egon zela, hainbat sari emanak zizkiotela eta abar (Oscar sarietarako izendapena zenbait egun beranduago etorriko zen). Eta, baiki, gustura asko ikusi genuen filma Trueba aretoan.

Filma, funtsean, istorio on batek goratzen duela iruditu zitzaidan. Adibide egokia da frogatzeko istorioak, plot-ak, zelako indarra duen, bereziki zineman. Ez du aparteko material grafikorik eskaintzen, ezta kontamolde berezirik ere. Rodriguezen beraren istorioa da filmaren erdigune, eta noski, taxuz kontatua dagoen arren –emaitza ezin halakoa izan bestela- publikoa Rodriguezen istorio ezezaguna deskubritzeak liluratzen du batez ere.

Searching for Sugar Man

Izan ere, istorioa kultura modernoko topiko baten biribiltze perfektua da nolabait. Hots, nola artista bat bere garaian guztiz ezezaguna izan, arrakastarik batere ez eduki –medio guztiak eskura izan arren-, erabat ahaztua izan eta handik urte batzuren buruan berraurkitzen den. Kultuzko bihurtzen den artista bazterreko baten istorioa, alegia. Eta topiko horri zehazkiago pop kulturakoa den beste topiko bat gehitzen zaio: zendua uste den artistaren berragerpenarena (Elvis, Jim Morrison, Jesús Gil eta abar).

Sixto Rodriguez Detroiten lekututako folk kantaria zen 60. hamarkadaren hondarrean eta 70.naren hastapenetan, eta esan bezala, apenas izan zuen arrakastarik orduan argitaratu diskekin –Cold Fact eta Coming from Reality-. Patuaren jira eta birekin, ordea, Apartheid-aren Hegoafrikan haren jaioterrian erdietsi gabeko sona lortu zuen askatasunaren aldeko sinbolo bihurtzeraino, baina, musika-industriaren zekenkeria eta ustelkeria medio, kantaria jakinaren gainean egon gabe. Haren musika Hegoafrikan aski ezaguna izanagatik, ostera, apenas ezer ezagutzen zen han ere kantariaren beraren inguruan. Hilik zegoela jakiteaz gain –heriotzaren inguruan hainbat teoria, zein baino zein dramatikoagoarekin- ezer gutxi zen ezagun. Alabaina, halako batean kazetari gazte batek Rodriguez delakoaren inguruan ikertzea deliberatzen du (Parental advisory, spoiler coming), oraindik Detroiten bertan bizi den aita familiakoa dela deskubritzen duelarik. Hala, 90etan hainbat bira antolatuko dizkiote Hegoafrikan, bertako zale ugarien zorion eta Rodriguez beraren harridurarako.

Filmaren alderdi indartsuenean, istorioan alegia, daude, halaber, ahulgune nagusiak. Uste dut zuzendaria, istoriagatik sobera liluratuta-edo, filmari biribiltasun biribilegia ematen nahasten dela momenturen batean. Pieza guztiak ondoegi ahokatzen direla dirudi, eta ez da zaila ikusleari punturen batean gehigizka ari direlako susmoa piztea, filmaren beraren sinisgarritasunaren kaltetan. Bestetik, hastea gehiegi kostatzen zaiola iruditu zitzaidan, eta erabilitako baliabide bat edo beste –animazioak ditut orain gogoan- apur bat patilleroak zirela.

Edonola ere, ziur aski, eragozpen hauek adostasun hain erabatekoaren aurrean bilatutako keriak besterik ez dira, zeren, ezbairik gabe, dokumental gomendagarria da Searching for Sugar Man, behin harrapatzen zaituelarik ia oharkabean eramaten zaituen istorio horietako bat. Amaitu aurretik esan dezadan Nick Draken kasua gogorarazi zidala filmak, garai antzetsuetakoak izateaz gain, bien musikak ez zeudelako hain urruti ere –batez ere zenbait moldaketetan-. Iban Zalduak badu ipuin bat (Playa Negra, Biodiskografiak liburuan) Nick Drake oraindik bizi delako hipotesiarekin jolasten duena. Bada, bai, Sixto Rodriguezen istorioa Nick Drake berpiztu izan balitz bezala da, baina Cadizeko kostaldean izan beharrean Hegoafrikan.

Puntuazioa: 7.6

Mursego

Data: 2012/12/29
Lekua: Intxaurrondo K.E., Donostia.

Mursego izan da, zalantzarik gabe, azken hiru urteotako euskal musikako agerpen indartsuenetako bat. Bi disko, eta batez ere, han-hemenka eman dituen hamaika kontzerturen bidez jende mordoarengana iristea lortu du. Ez agian BEC estiloan, hots, leku bakarrean jende mordoa biltzeko moduan, baina bai leku askotako audientzien pilaketa bidez. Jende mordoak pilatzeko modu ugari baitaude egon.

Beste meritu bat ere izan du Mursegok, aurretik halako musika motagatik -edo are orohar zuzeneko musikagatik- erakarriak izan ez direnak liluratzeko gauza izana. Harrigarria da zein jende ezberdinek hitz egin diezazuketen haren musikari buruz, denek miresmen berdinez. Galdera zen, edo nik egin izan dudan galdera zen, behinik behin, fenomenoak zenbat zuen hanpaduratik, zenbat zuen hypetik. Iruditzen baizitzaidan zenbaitetan lilura haren jatorria zuzeneko hainbat baliabide, tramankulu eta abarren erabilera ezezaguna (hainbatentzat) zela. Loop stationak –eta baita melodika, autoarpa eta katxibatxe anitzek- jende ugari harritzen zutela; jende ugari harritzen zela pertsona bakarrak nola egin zezakeen musika hura guztia. Zalantza egiten nuen hasierako harridura horrek iraungitze data zuela iruditzen zitzaidalako, arriskua ikusten nion hasierako shock hori berehala hustu zitekeelako. Baina Mursego gai izan da geldirik ez egoteko, denboran aurrera bere musikari elementu erakargarri berriak gehitzeko, gai izan da geroz eta kantu berri eta ezohikoagoak egiteko, gai izan da hastapenetako txeloaren soinutik beste zolitasun batzuetara joateko, gai izan da bere musikari geroz eta arrasto propioagoa emateko.

Ia bi urte zen azkeneko aldiz zuzenean ikusi nuenetik eta ikusminez nengoen denbora hori pasata Mursego artistikoki non zegoen jakiteko. Aipatu bilakaeraren hezurmamitzea izan zen atzoko emanaldia. Geroz eta huts tekniko gutxiago egiten dituela egia da; ez dut esango horrek bost axola didanik, baina iruditzen zait gutxienekoa dela, bai behintzat Mursegoren proposamen estetikoan. Errepertorio zaharra abesti oraindik grabatu gabeekin -eta are inoiz jotakoarekin (“Triki-Koplak”)- nahastu zituen eta primeran mugitu zen batetik bestera, denetan halako arrasto berezi bat utziz.

Oraindik grabatu gabea duen kantu horietako batekin hasi zen, “Savana Violenta”-rekin, Andaluziako folklorearen zein raparen ohiartzunak entzun daitezkeen kantua. Horixe baita Mursegok egun egiten duen gauza harrigarrietako bat: nola nahasten dituen musika tradizio aski urrunak (pop zuri klasikotik mediterraneoko forma musikal ugarietara, Afrikako soinuetatik igaroz) halako pastixe batean jausi gabe. Musika forma horiek guztiak hain naturalizatuak daude ezen sarritan ohartu ere ez garen egiten kantuek dituzten ohiartzunez. “Donki Kongu” izan zen bigarrena, Bi (2) diskoan dagoen abestia. Berriz ere zeinen erreferentzia urrunekoak uztartzen diren ikusi ahal izan genuen. Kantuak, funtsean, jazz latino moduko oinarria baitu, baina bideojokoen musikaltasunera eramana. Eta horrekin batera hitzak, noski. Izan ere, ez dakit gutxiegi aipatzen ez ote den Mursegoren hitzen balioa. Ez bakarrik aski bereziak eta sarritan graziaz beteak direlako, baizik eta musikara lotzeko moduagatik eta zuzenkeriatik landako hainbat hitzen erabileragatik (kasu honetan “barrileteak”, “errematxe lurra” etab). “Cumbia Villera de la ciudad armera” ere kantu berria da, zenbaitentzat udako kantua izateko modukoa dena. Aurretik esandakoaren beste adibide bikaina: nola idatzi cumbia bat beste erregistro batean eta nola uztartu letrarekin (“zuk behar duzuna da nire gasolina”). Baina halako batean, mundu latino-festibotik atera eta lehenengo diskoko “My Laptopiste” kantuaren sosegura eramaten zaitu. Abesti soil (ahots kapak eta txelo behaztatua) bezain zoragarria; zuzenean, entzuleen isiltasuna lagun –eta atzokoan lagun izan zen-, oilo ipurdia uzten dizu. Bi bertsio egin zituen; batetik, bisean, lehenengo diskoan grabatutako “Zuuu”, The Moldy Peaches-en “Anyone But You”ena eta Mursegoren estreinako arrakastetako bat izan zena, eta Chavela Vargas-en “Macorina”rena, haren heriotzaren ondotik prestatutakoa, “oportunismoz” musikariak berak aitortu zuenez. Sorpresa, Bixenta Larragaña-ren “Errekonduan errota” kopletan oinarritutako abesti berria izan zen: “Triki-koplak”. Ez de alferrik Mursego Joseba Tapia-ren musikaren zalea, hark ezken urteotan sarritan egin duena egin baitu nolabait; alegia, kopla zahar bat hartu eta bere erregistrora eraman, egokiro eraman ere.

Victor Lenore, Espainiako musika kritikari onenetako bat, indie eta pop musika espainiarraren kritika egiten dihardu azken boladan, bazterrean utzi izan diren “ghettoko oihartzunak” aldarrikatuz. Mursegok, neurri batean, ghettoko oihartzun horien bidez (cumbia, tangoa, koplak, folklore mota hainbat) sortzen ditu abestiak, haietan gelditu gabe tradizio horiei guztiei beste dimentsio bat emanez eta publikoarekin erraztasun harrigarriz konektatuz.