Category: Zinemaldia 2013

Child’s Pose, Calin Peter Netzer

Iraupena: 112m
Urtea: 2013

Duela egun gutxi ikusi nuen Bartzelonako La Central del Raval liburu dendan apal berezi bat, Rafael Chirbes idazle valentziarrari eskainia, aski goiburu egokia zuena, idazlearen mundu literarioa aintzat hartuz gero: “la podredumbre moral”. Baiki, Chirbes maisua da gizakiaren alderik makurrena azalatzen, eta beraz, plazera bezain pairamena da haren irakurketatik jaso ohi duguna. Afixa harekin akordatu naiz Pozitia Copilului/Child’s Pose film errumaniar saritua –Berlingo Urrezko Hartzaren irabazle– ikusi bitartean. Han ere alimaleko ustelkeria morala usaintzen baita zintaren estreinako minututik hondarrekoraino.

Child's Pose

Child’s Pose

Eta bai, hitz bat aukeratzekotan Child’s Pose definitzeko “ustelkeria” litzateke, egunekotasun handiko terminoa bestalde, ustelkeria pertsonal zein soziala. Filmak Cornelia du protagonista, hirurogeietan dagoen emakume azkar bezain menderatzailea. Familia aberats antzeko baten buru da, boterearekin harreman egokiak dituena, baina haren buruhausterik handiena hogeita hamalau urteko Barbu semea du. Auto istripu batean hamalau urteko eta jatorri umileko gaztea harrapatu eta hil du abiada handiegian zihoalako. Child’s Posek, bada, Corneliaren borroka azaltzen digu, Barbu espetxetik libratzeko borroka, alegia.

Hortxe azalduko zaigu miseria moralik handiena. Corneliak ez baitu inolako eskrupulurik haren semearen alde inor erosi, manipulatu edo engainatzeko. Barbuk ere, esan gabe doa, ugari du usteletik. Tipo ezin lotsagabe moduan agertzen zaigu, seko apetatsua, hurkoarekin tirano baten moduan jokatzeko inolako erreparorik ez duena. Izan ere, Calin Peter Netzer zuzendariak ikusleak filmeko pertsonaiak gorrotatzea lortzen du; sekuentzia ez gutxitan –Cornelia eta bere errainarekin duen dialogo bakarkakoa, esaterako– pertsonaiek higuina sortzera irits litezke. Era berean, ordea, eta honakoa da Child’s Poseren indargune askotariko bat, oso sinisgarria suertatzen dira pertsonaia horien erretratua. Haien psikologia pixkanaka joaten da zirriborratzen filman zehar, eta hala, ñabarduraz beterikoa izaten amaitzen du; hain zuzen hain erreala izateagatik suertatzen da hain higuingarri.

Familian lekututako ustelkeria hori, ordea, ez da ustelkeria sozial orokorrago baten zati baino. Poliziak ikusiko ditugu xantaia onartzeko dudakeriarik gabe, ustelkerirako beti prest. Politikariak ikusiko ditugu “gure esku dagoena” egiteko prest. Lekukoa haren kontzientziaren prezioarekin tratua egiteko gertu. Filma, azken batean, Errumaniako gizartearen kontrako ukaldi bortitza baita, nagusikeria eta boterekeriaren salaketa gordina. Gizarte patrialkal matxista agertzen zaigu –Corneliaren ama menderatzailearen figura haren pieza baino ez da izan–, ezberdintasun sozial eta ekonomikoek justiziaren ezein kontzepzioren gainetik agintzen dutela. Neroni eztarria korapilatu bazait, ez dut imajinatu ere egin nahi errumaniar batek zer pentsatuko duen hura ikustean.

Filma gertuko eta erdiko planoz filmatua dago, eskuko kameraz, eta zoomaren erabilera errepikariz –kasu halakoekin mareatzen direnak–. Horrek halako giro ito bat sorrarazten du, munduaren zikinetik gertuago egoteaz bat –nahiz eta, esan bezala, testuingurua diruduna den kasik–. Pelikula in media res hasten da, eta pixkana egiten du gora intentsitatez. Ez da berehala harrapatzen zaituen film horietako bat ziur aski, ezarian kozinatzen dena baizik. Azkeneko ordu erdian sekuentzia gogoangarriek elkarri segitzen diote; azkenekoraino, zeina ustelkeria eta zinismoaren gailurra baita. Nabarmentzekoak dira aktoreen lana, batez ere protagonistarena egiten duen Luminița Gheorghiu-rena, eta zuzendariarena, sekuentzia ugari aski ongi gobernatzeko gaitasuna erakusten baitu.

Zinema aretotik tenteltuta irten nintzela aitortu behar dut, akaso atsekabetuago pozak zoratzen baino. Baina, lagunok, artea, arte gailena, hori ere bada; gorputzaren azken zokorainoko inarrosialdia.

Puntuazioa: 8.7

Sarrera bera Gaur.-n

Advertisements

The Face of Love, Arie Posin

Iraupena: 92m
Urtea: 2013

Senarra itsasoan itota hil zaion alarguna, bost urte ondoren dolua oraindik neketan gainditzen ahalegintzen ari dena. Los Angelesen bizi da luxuzko etxe batean, senarra zenak eraiki zuena, nahiz eta senarrarekin eta haren oroimenekin erlazio duen orotatik ihes egiten ahalegintzen den. Halako batean, ordea, oztopo horiei aurre egin eta harekin sarri joaten zen museo batean sartzen da. Han egingo du topo senarra zenaren kasik identikoa den gizonarekin, berriz ere(-edo) maitemintzen delarik –kurioski, egunotan Zinemaldian botatzen ari diren beste film batek ere, Enemy-k, doblearen ideiaz baliatzen ei da–.

The Face of Love

The Face of Love

The Face of Love da, ziur aski, aurten Zinemaldian ikusiko ditudan filmetatik konbentzionalena. Aktore taldea, adibidez, sona handikoa da: Ed Harris, Robin Williams eta Annette Bening. Bereziki nabarmentzen da guztien artean, antzezpen bikainarekin, Nikki protagonistarena egiten duena, Bening; aski eskas, ordea, bidenabar esanda, aspaldi pantailan ikusi gabea nuen Williams.

Zahartzarora ailegatzen ari diren heldu dirudunen arteko maitasun istorio nahiko arrunta da azken batean The Face of Love, gidoi eranginkor batek sostengatzen duena. Dolua ezin gainditurik, hilda duen senarrarekiko amodioa beste gizon batengan proiektatzen duen alargunaren ideiak egiten du tiraka aurrera. Halaxe planteatzen da hastapenetik galdera: nor maite du Nikkik Tomekin maitemintzen denean? Tom bera edo Garrett senarra zena? Honekin batera ikusleak etengabe galdegiten dio bere buruari ea noiz eta nola deskubrituko duen Tomek, eta Nikkiren inguruak –alabak, auzoak–, “pastiza”. Galdera horretaz baliatzen da filma, gidoi-amarru eta amu egokiekin, tentsioa ondo mantentzeko. Istorioa ederki asko ehundua baitago. Anton Txekhov-ek aspaldi esandako hura, narrazioaren teoriako goiburuetako bat dena, hitzez hitz betetzen du; alegia, lehenengo kapituluan pistola bat azaltzen bada, luze gabe tiro egingo duela momenturen batean. Hala, pantailan azaltzen diren elementu guztiek dute zer esanik filmaren uneren batean. Bestetik, hastapeneko planteamenduak baditu arazoak sinisgarritasunarekin baina gidoiak egokiro ekiditen ditu.

Ez da The Face of Love, ziur aski, inori barrua irauliko dion filma. Baina bere konbentzionaltasunean, abila da eta artez dago osatua. Meritu gutxiegi dela hori? Nondik begiratuta. Neguan egoten dira ba igande aski tristeak, euria suilaka eta haize bolada dorpeak izaten direnak –ez gaurkoa bezalakoak, esan nahi baita–, eta halako baterako The Face of Love film bikaina izan daiteke Torrentean bilatz… zera, bideoklubean–edo alokatzeko.

Puntuazioa: 6.7

Sarrera bera Gaur.-n

Cutie and the Boxer, Zachary Heinzerling

Iraupena: 82m
Urtea: 2013

Plazera da Cutie and the Boxer bezalako film batekin hastea Zinemaldiko zure ibilbide partikularra. Halako film ederra ikusita, kreditua lortzen duzu hurrengo egunetan film kaskar, film erdipurdikoak, ikusteko -ezagun denez, nahiko probablea izaten da halakorik egokitzea zinema jaialdietan-.

Cutie and the Boxer

Cutie and the Boxer

Cutie and the Boxer dokumental bat da, baina hain ongi dago kontatua, hain ederra da istorioa -bere mikatz eta garratzean, asko baitu horretatik-, ezen fikziozkoa dirudien, fikziozkoa zentzurik onenean, jakina. Japoniako bi artisten bizitza kontatzen du. Ushio Shinohara eta Noriko New Yorkera joan ziren aspaldi beren bizitzarekin eta karrera artistikoekin jarraitzera eta Soho-ko bazter batean ezagutu zuten elkar. Ezkondu, seme bat eduki eta berrogei urte daramate elkarrekin, ahal duten moduan New Yorkeko bizitza gogorrean bizirauten. Shinohara ez da nolanahiko artista; katalogo sonatuetan azaldutakoa, leku entzutetsuetan bere obra erakutsitakoa, filmeko zati batean ikusiko dugu nola Guggenheim Fundazioak bere obra bat erosteko intentzioa duen. Haren lanean nabarmentzen dira boxeoko eskularru batzuk jantzita eta mihisea ukabilkatuz sortzen dituen margoak -emaitza Pollock boxeolari bat modukoa da-, zeinak, bidenabar esanda, aski pintura interesgarriak iruditu zaizkidan -ez hainbeste kitschera jotzen duten bere eskulturak-. Noriko, ordea, bere senarraren itzaletan egon da luzaroan, etxeko gora-behera zailak nola edo ahala eramaten, semea hezitzen; azken batean, Shinohara ez bezala bere obra bigarren maila batean utzita. Gizonaren urte luzetako arazoak -batez ere alkoholarekin- eta disziplina falta medio, familia txirotasunaren mugan bizi da, alokairua ordaintzeko sakelak azken zentimoraino urratu behar dituztela.

Funtsean, arteak eguneroko bizitzan, familiarengan, zelako eragina izan dezakeen erakusten digu filmak. Arteak osasuna serioski kaltetu dezakeela, alegia. Eta nabarmentzekoa da nola dagoen filmaturik. Alde batetik, bikotearen egungo bizitza erakusten digu. Hor lan bikaina dagoela agerikoa da, prestakuntza ordu eta grabazio ordu mordoa, Noriko eta Shinohara naturaltasun handiz agertzen zaizkigulako, gertuko plano gogoangarri bat baino gehiagorekin. Baina horietaz gain badute balio berezia familiaren iraganeko bideoek, beste dokumental eta erreportajeetatik hartutakoak, eta batez ere, grabazio domestikoetatik hartutakoak. Azken horietako batzuk zirraragarriak; esaterako, Shinohara seko hordituta dagoela negarrez hasten denekoa bere bizitza desastre hutsa dela esanez lagunak kontsolatzen saiatzen diren bitartean. Azkenik, Norikoren komiki egiturako ilustrazioekin egindako sekuentziak ditugu. Norikok bere bizitzan oinarritutako istorioa osatzen dihardu, gordintasun ikaragarriz erretratatuz hura eta bere senarraren arteko erlazioa. Istorioak, gainera, Shinohararen gerizpetik ihes egiteko balio dio, bere menpekotasunetik libratzeko. Eta hala, azkenean, bere senarra baino protagonismo handiagoa hartzen du filman. Norikoren begiradaz baitago kontatua, finean, istorioa.

Datozen egunetan oraindik pase gehiago emango dituzte Trueba eta eta Antiguo Berri zinemetan. Ahal izatera, ez galdu ikusteko aukera, ez zaizue damutuko-eta.

Puntuazioa: 8.6

Sarrera bera Gaur.-n