Albiste onak

Batzuetan albiste onak iristen dira bazter hauetara
ohiko buruhausteak eta atsekabeak ahantzi banitu bezala
kalera irten eta parte oneko jendea baino
ez dut ezagutzen
iruditzen zait ez dela preziso loratzeko gai den
gauza oro lora dadin aurrera egiteko
haizearen norabidea ez da erraza zehazten
eta ez da zaratarik entzuten lurralde dorpeenetan ere
batzuetan pentsatzen dut adiskidetzeko gai izanen garela
eta sikiera momentu batez maitasun keinu ezdeus bat
eginen diogula elkarri iraganean sobera pentsatu gabe
eguneroko gatazka doilor horiek inon topatu ez
indarkeria eta amorru oihuak oinazea
bai batzuetan albiste onak iristen zaizkidala iruditzen zait
eta ene ekinbide oro kontzientzia petraldu gabe burutzen dudala
gero akordatzen ez naizen leku batean eseri
eta mundua istant batez geratuko balitz bezala
gauzak sailkatzen ibili beharrik gabe gauzak nire alboan
sentitzen ditut ene adiskideen beso amultsua aldean
sarritan zaila egiten zait sinistea baina
poema alaiak eskribitzeko desira sentitzen dut orduan
irakurleari bere nahigabeak leuntzen lagundu
eta irribarre zintzo batez imajinatzen dut berari ere albiste onak
iritsiko zaizkiola bere bazter horietara

Argitaratu gabea (2009)

Intemperie –Jesús Carrasco–

Izenburua: Intemperie
Autorea: Jesús Carrasco
Argitaletxea: Seix Barral
Urtea: 2013

Jesús Carrasco-ren Intemperie Espainiako literaturako urteko ebentoa, edo ebentoetako bat, izaten ari da. Opera prima horrek gaztelanieraz publikatu aurretik jada beste hamabi hizkuntzara itzultzeko eskubideak salduak zituen eta ezarian liburuaren sona puzten joan da hala estatuan nola atzerrian. Ezbairik gabe, liburuaren arrakastaren atzean Seix Barralek egindako marketing kanpaina indartsua dago, baina auzia izaten da halakoetan neurtzea ea horretaz gain balio literariorik ba ote duen liburuak. Normalean ezer gutxi balio duten liburuekin egiten badira halakoak, honakoa salbuespena dugu, merezi duen nobela baitugu Intemperie.

Arrakastarekin batera etorri dira berehala halaber beste idazleekin konparazioak. Cormac McCarthy-rena da agian agerikoena. Jakina, halako izen erraldoi batekin egindako konparazioak beti dira gehiegizkoak, baina egia esan, neroni ere, etengabe etortzen zitzaidan gogora McCarthy –batez ere The RoadIntemperie irakurri bitartean. Burura etortzen zitzaidan beste bat, ostera, ez zitzaidan hain urruti geratzen. Izan ere, Pello Lizarralde-ren literaturarekin akordatzea ekidinezina egin zait baita ere, Iñigo Aranbarriri bezalaxe. Entzun dudanez, euskal idazle batek honakoa esan zion Seix Barraleko editoreari duela gutxi: “Pues nosotros tenemos a un escritor en la línea de Carrasco, pero mejor”. Izena apuntatu omen zuen editoreak, kortesiaz.

Intemperie

Intemperie

Toki eta denbora zehatzgabe batean lekutua –Espainiako mesetako bazterren batean eta XX. mendeko 50-60. hamarkadetan ziur aski– nobelak ume baten ihesa kontatzen du funtsean. Herri eta familiatik ihesean da mutila, arrazoia ezkutatzen zaigula hasieran eta apurka ezagutzen joango garela. Ihesean laster bat egingo du ahuntzain zahar batekin. Hura ere, mutila bezala, nahiko alderrai dabil bere ahuntzak, astoa eta txakurra lagun, eta elkarrekin ekiten diote bideari, pixkanaka umearen herritik urruntzen. Herriko alguazila, ordea, umearen xerka dabil eta hura zein bere laguntzaileei itzuri egitea izango da bi lagunen egitekoa. Istorioak, berez, ez du aparteko jira-bira edo sorpresarik; amaieran halako tentsio apur bat badago ere, nobelaren indargunea idazkeran dago istorioan bainoago –bien banaketa egitea zilegi bazait–.

Beste denbora eta beste espazio batzuk biziarazten ditu nobelak. Denbora aski geldoago bat, egunargi eta gauek banatzen dutena soilik. Espazio zabalago bat, zeruko aztarnek gidatzen dutena. Hala, mundu galdu bat irudikatzen du, finean, nobelak. Nagusiki kanpo begiradaz, inguruneko zoko eta zirrikitu txikienetaraino ipintzen du arreta narratzaileak, landako hizkuntza aberats eta zenbaitetan arkaikoz. Hizkuntza aberats hori, ordea, ez da irakurketarako oztopo; gainontzean, oso idazkera aratza darabil eta. Esaldi nahiko labur eta soilekin –batez ere gaztelanierak ematen duen kiribiletarako aukerak kontuan izanik– eta dialogo bakan eta motzekin idazten du Carrascok eta, honenbestez, prosari kolorea lexikoaren bidez ematen dio. Deskribapenak maiz jori eta xeheak dira, baina inoiz ez debaldeko eta astunegiak. Guztien artean hasiera partean dagoen bat azpimarratuko nuke. “Lo-paralisia” izeneko parasomnia bat azaltzen da deskribaturik; fenomeno hori, nahiko ohikoa bada ere –neronek maiz izaten dut–, jende gutxik ezagutzen du eta kasu bakanetan agertzen da artean edo literaturan islaturik. Aski ongi deskribatzen du, ezbairik gabe, egoera hain berezi hori zein sortzen duen estura.

En algún momento, dentro de su cabeza, hay una circunvolución que despierta y la alerta cobra una forma embrionaria. Su voluntad se abre camino como un Laocoonte a través de la penumbra húmeda de su cerebro hasta que su consciencia es total. En la silla turca de su cráneo se sienta él o alguien que vive en su interior y que toma el mando de su cuerpo. Activa los órganos y abre espitas para que la sangre vuelva a fluir a través de los conductos colapsados por el vacío repentino. El niño de la silla le ordena abrir los ojos, pro no consigue que los párpados se eleven. Una ola extraña y minúscula recorre su frente como una lija de babas que le rasca la piel dolorida. De nuevo, intenta levantar los párpados sin resultado. Pesan como cortinas de guadamecí. Gritos del averno empujan los muros de su cabeza de fuera a dentro. Nota la vibración de sus sienes membranosas y siente flotar sus ojos de las órbitas como hielos en un vaso. Quien está sentado dentro de su cráneo busca alternativas. Viaja por el interior de su cuerpo hueco hasta alcanzar las puntas de los dedos. Lanza hacia los extremos descargas eléctricas y los patea, sin conseguir movimiento alguno, La lija caliente recorre su cara y se cuela por sus dientes y encías. Definitivamente, está atrapado en su cabeza y sólo le aguarda esperar la muerte. Escucha el tintineo de unas campanillas sumergidas en grasa. Pasos que se acercan, apretados y torpes. Alguien ha descubierto su cuerpo y quizá pueda darle entierro. Por horrible que sea su agonía, al menos así no se lo comerán los perros. Una muerte consistente en mordeduras sucias en las falanges. (…) Algo le zarandea la cara. Quizá una mano. A continuación un golpe. El niño que está dentro del niño se agita, agarrado a la silla. En el seísmo interior, sin querer, activa algún mecanismo oculto y consigue que el chico se le abran los ojos.

Printzipioz istorio arrunt samarra kontatzen digu Intemperiek baina Carrascok hain egoera muturrekoetara eramaten ditu pertsonaiak –bakardade erabatekoa, baliabide eskasi absolutua– ezen azkenean halako transzendentzia batera ailegatzen baita. Izan ere, gizakia naturarekin bekoz-beko ipintzen du, babesgabe –hortik izenburua halaber–, eta halaxe azaleratzen zaizkigu literaturaren historian errepikariak diren gai pisuzkoak: denbora, heriotza, bortizkeria, boterea, askatasuna… Zeren bai, narrazio itxura batean hotz horren gibelean eduki liteario zamatsua dago, eta horrek egiten du interesgarri nobela eta marketing-produktutik haratago eramaten.

Halako arrakastetan gertatu ohi den gisara, honakoan ere egon dira berehala muturra okertu eta hau eta bestea kritikatu dutenak, kasuren batean baita balizko ahulgune absurduak azpimarratu ere –ikus hemen esaten dena Carrascoren idazkeraz Borgesen aipu bat lagun–. Neroni ere zenbait metafora eta konparaziok kirrinka egin didate eta kontaketak amaieran bide nobeleskoagoa hartzeak azken emaitzari on sobera egiten ez diola iruditzen zait. Haatik, hauek guztiak txikikeriak dira nobelaren balio orokorraren aurrean; esan bezala, aski liburu gomendagarria baita Intemperie, eserialdi patsadatsu batean lasai asko irakurtzeko modukoa. Exajerazioa izango da McCarthy eta konpainia bere alboan ipintzea, baina, zalantzarik gabe, honakoa literatura da, literatura letra guztiekin, eta aurrerantzean adi jarraitu beharreko ibilbidea seinalatzen digu Carrascok. Victor Erice imajinatzen dut nobela letu eta berriz ere kamararen atzean jatzeko harra pizten zaiola; McCarthyrenak eta Lizarralderenak bezalaxe, honakoa ere aski nobela zinematografikoa baita.

John Zorn: Masada Marathon

Data: 2013/07/27
Lekua: Kursaal, Donostia.

Orain urtebete-edo jakin nuenean aurtengo Jazzaldian John Zornek joko zuela ez nuen zalantzarik egin, kontzertua ezin galduzko horietakoa izango zen. Beste ezein formatutan etorri izan balitz ere hala litzatekeen baina, gainera, kasu honetan egitasmo bakanarekin –Europan emanaldi bakarra– etorriko zen, Masada Maratoiarekin. Denbora tarte honetan Zorn jauna zuzenean ikusteko aukera izan dut, baina hura ez zen Maratoiaren aperitif txiki bat baino izan –nahiz eta kontzeptuz nahiko antzekoa–.

John Zorn

John Zorn

Ia bost orduko emanaldi batean, are gehiago halako musika iradokitzailea duzunean aurrean, egokiera ezinhobea duzu hainbat konturen inguruan hausnartzeko. Artelan baten harrera zuzen eta bat-batekoa ez dela pentsatzen dutenekoa naiz; obra bat barneratu eta zeureganatzeko ezinbestekoa dela backgrounda. Artearen harrera beti dela bitartekotzazkoa. Baita musikan ere, zeina printzipioz arte disziplina bat-batekoena den. Hau da, artearen harrera beti da, agerikoa izan edo ez, jarduera intelektual bat. Hori bereziki da nabarmena modernitateaz gerozko obra gorenetan, eta dudarik gabe, Zornen proposamena ezin modernoagoa da zentzu horretan. Zornek berak aipatu izan du bere musikarekin bilatzen duena entzulea pentsatzen ipintzea dela, “ez pentsatzen ari dela pentsatzea, baizik eta benetan pentsatzea”. Bere proposamenak hain dira muturreko eta apurtzaileak ezen nekez imajina daiteke entzule “arrunt” batek, inolako lanketa estetikorik eduki ez duenak, haren emanaldi batekin gozatzen ahal duenik. Honek guztiak ez du zerikusirik elitismoarekin, esan dezadan bidenabar, ez bada artearen kontzepzio kritiko batekin, baina hori beste baterako utziko dugu.

Kontua da, paradoxikoki, larunbatekoan, Maratoia ikusi bitartean justu kontrakoa bururatu zitzaidala; hau da, hain iruditzen zitzaidan liluragarria begien aurrean nuena ezen otu zitzaidala harekin mota guztietako publikoak sentituko zuela gauza bera –hala Afrikako tribu urruneko emakumeak nola arteak bost axola dion The City-ko ekonomilariak–. Musika horrek bazuela zerbait puru eta apartekoa transhistoriko eta transkulturala bihurtzen duena. Zenbaiten aburuz obra gorenek badute gaitasun hori, alegia, hartzaile xaloa zuzen eta sakonki kolpekatzekoa inongo bitartekaririk gabe. Nire ustez, gehiago da maistralanek, Maratoiak bezala, eragiten duten irudipen faltsua.

Imajinatu 1986an Miles Davis-ek bost orduko kontzertua eman zuela bere ibilbideko formazio ezberdinekin. Han egongo liratake, horietako batzuk hilik egongo ez balira, besteak beste, John Coltrane, Paul Chambers, Philly Joe Jones, Winton Kelly, Cannnonball Adderley, Wayne Shorter, Herbie Hancock, Chick Corea… Joan diren garaiak beti hobeak izan direla uste dutenentzat gehiegizka ibiltzea izango da, baina Zornekin larunbatean ikusitakoa ez da oso ezberdina maila eta garrantziari dagokionez. Diferentzia, horiek guztien ordez Dave Douglas, Greg Cohen, Mark Feldman, Joey Baron, Uri Caine, Eric Friedlander, Marc Ribot eta beste ikusi ahal izan genituela. Sinesgogor jarraitzen dutenekin, nahi izatera, hemendik hogeita hamar urtera elkartuko gara berriz ere.

Maratoian Masada egitasmoaren pean urtetan Zornek izandako formazio askotarikoak joan ziren tartekatzen. Denera hamabi talde, egitasmoari 1993an izena eta hasiera eman zion Laukotetik (Zorn, Douglas, Cohen, Baron) abiatuta. Sekulako hasiera izan zen laukotearena; izan ere, zaila baita pentsatzen egun haren mailako kuarteto bat. Horren ondoren etorri ziren Sylvie Courvoisier (pianoa) eta Mark Feldman (biolina). Proposamen pausatuagoa eta aski sotila, Feldmanen erakustaldiarekin. Jarraian Banquet of the Spirits, Cyro Baptistak gidaturik eta Tarantinoren filmen doinuak gogorarazi zizkigun proposamenarekin. Mycale izan zen, ia aho batez, arratseko eskaintza erdipurdikoena. Ahotsez osaturiko laukotea, beren musika atsegingarria gora-behera, besteren maila gorenetik oso urruti geratu zirela aski agerikoa izan zen. Gainontzeko formazioetatik Bar Kokhba, Erik Friedlanderren bakarkakoa, The Dreamers-en elegantzia –Kenny Wollesen-en bibrafonoa lagun–, Masada String Trio eta emanaldia itxi zuen Electric Masada nabarmenduko nituzke. Hau da, ia dena.

Klezmer musika hebrearraren irakurketa garaikide muturrekoa da, nolabait, Zornen Masada, eta honenbestez, ekialdeko ohiartzunak etengabeak izan ziren bost orduetan. Ez da, zentzu horretan, beste hainbat free jazz edo musika esperimentalen atonalitate jarraira ematen eta horrek ere, dudarik gabe, irensgarriagoa egiten du ordu horietan guztietan eserlekuan mugitu gabe geratzea. Zenbat doinu hispaniar ere sumatu ahal izan ziren, batez ere Friedlander eta Cainen set-etan. Electric Masadaren amaiera izugarria izan zen, hitzaren zentzu literalenean. Noise talde ugari hankapean utziko lituzkeen burrunba atera zuen zortzikoak, Zornek ia etengabe indartsuago, ozenago jotzeko eskatzen zuela –batez ere ordenagailu bidez soinuak jaurtitzen zituen Ikue Mori-ri–. Zorn berari gehiago ikusi zitzaion taldeon zuzendaritzan –aparta izan zen bere keinu/aginduen eta musikarien erantzunen dialogoan arreta ipintzea, aparta bezain dialogo horretan musikariek nola gozatzen zuten ikustea– saxoa jotzen baino (lehenengo eta azkeneko formazioetan jo zuen bakarrik, eta sobera protagonismo hartu gabe), nahiz eta saxoari eman zionean ere detaile bikainak utzi zituen –batez ere laukotearekin; oraindik buruan dut nota bat nola luzatu zuen ia eternitate batez–.

Ikuskizun gogoangarria izatekoa zen eta halaxe gertatu zen larunbatekoa. Ekidinezina zen amaitutakoan Zornena beste maila batean dagoen musika eta proposamen estetikoa dela pentsatzea. Badagoela jauzi alimalezkoa bost ordu horien eta asko maite ditudan pop edo rock taldeen edo, demagun, Euskadiko Orkestraren emanaldien artean. Jauzi horretan datza artea eta sormena, biak ere zentzu erradikalean. Esku bakarreko hatzak nahikoak zaizkit hogeita bederatzi urte hauetan edukitako maila horretako esperientzia sonoroak zenbatzeko. Susmoa da, hemendik hogeita bederatzi urtera ere, gauza bera esan ahalko dudala.

Alea (eta V)

PAU CLARIS

Dena ilun dago urri hasieran. Ganbara hartako giroarekin akordatu da bat-batean eskuak abriguko poltsikoen babesean zituela. Espantuzko gertaerak jazotzen dira karrika honetan; XIX. mendeko etxe batetik bandera bat zintzilikatu dutela entzun ahal izan da irratian. Eta liburu batzuk erostera joan da; alemaniarrak, eslaboak, poesiazkoak. Lagun zahar batekin egin du topo baina ez dute jakin izan elkarri ezer benazkorik esaten: “Com ets?” “Molt bé, molt bé, bé…” Berriro pentsatu beharko luke zer egin, oker egoteko arriskua kalkulatu du. Baina kontua dirudien baina zailagoa da benetan. Non geratu ziren polaroidak? galdetu zuen whisky gau batez. Eta gero, mundu garaikidea, postmodernitatearen malura, “txontxongiloak gara”. Zer? Ziggyrekin joan nahiko luke bere heriotza nolakoa den galdetzera. Sistema, egitura. Substantzia bila sartu da taberna batean, bere zorabioa ez galtzeko, ez erortzeko betiko. Erabilpen zehatz gabeko objektuak daude pilatuta terrazan: eskoba apurtuak, errubera gabeko bizikleta, egurrezko aulki zahar plegatuak. Ilearen koloreari so egin dio ispiluaren aurrean, eta gero, iturria ireki eta aurpegia freskatu du bizitasunik gabe. Bere belaunaldiaren erretretatu bat marraztu du sukaldean paper solte batean. Arkatzak ez zuen puntarik apenas eta papera zarratatu du egurrarekin. Eta hozkia sentitu du Laurak bekainetako makillajea busti egin aurretik; baina musika muga trinkoenak igarotzeko gai da. Azkenerako laguntasuna higuina baina okerragoa dela ohartzen denean… Finean, bideak ez dira hain ugariak, denak elkar gurutzatzen dira. Soka tenkatu bat sabaian-atzerako kontaketa bat imajinatu du -numeroak gorriz- pantaila batean-. Mickie Mouse leihotik jausi da diskrezioz. Asmo oneko jendea existitzen zela pentsatzen zuen garaiekin akordatu da izotzak atera bitartean. “Bakoitzak gogoak ematen diona egin behar du, ez zaitez arduratu horregatik. Joan daitezela pikutara guraso guztiak” Ibizako oroitzapenak. Telefono dei bat egin eta Manchesterrera joatea pentsatzen ari da.

Dabrakotea enbargoyokua bezala

Ezagun da, komunikazioa boladan dago: komunikazio egokia, arrakasta ororen eragile; komunikazio gabezia, porrot ororen kausa. Zenbat aldiz ez genien entzungo molde guztietako gobernuei neurri egokiak hartu dituztela baina komunikazioan egin dutela huts, eta horregatik ez dituztela herritarrek erabakiok ulertu. Neurri egokiak dira, diote, kontua da agian ez dugula transmititzen jakin. Herritarrak tontotzat hartu ohi dira, ez gutxitan gainera. Sentipen hori izan nuen berriki, bidenabar, etxean Gipuzkoako Diputazioak banatutako Gipuzkoa Berria aldizkaria jaso nuenean.

Nola uka komunikazioaren garrantzia saltzea –kea edo ikatza, hori besterik da– hain garrantzitsua den gizarte honetan? Hor ikusten dut ingeniaritza ikasi duen lagun ugari komertzial bilakatuta, kazetaritza ikasi duten makina bat propaganda –gordeka edo agerian– zuzkitzaile. Konpetentziaren oihan honetan bizirauteko, bada, komunikazioan trebatzea ezinbestekoa omen.

Arazoa (arazoetako bat), ordea, ukaezinezko garrantzi horretaz landa guztia komunikaziora murrizteko joera da, arestian esan bezala, arazo oro komunikazioaren prismatik begiratzekoa. Murrizketa horrek, gainera, oinarri teoriko aski pattalak erabili ohi ditu. Eta benetan etsigarria da historian zehar denbora luzez eta konplexutasun handiz landu diren gaiak halako modu banalean ikustea trataturik (izan ere, komunikatzaile ona izateko ausarta izan behar, azal zein kopeta gogorrekoa).

Komunikazioaren guruek diote, esaterako, ahozko hizkuntza eta idatzizkoaren artean continuum bat dagoela, hots, idatzizkoa ahozkoaren isla moduko bat litzatekeela. Ideia hori, baiki, pentsamenduaren historian nagusia izan da, baina ongi kritikatu eta gezurtatua halaber XX. mendearen erditik aurrera (gutxienez). Ez dut erreferentziarik emango, estandarrean idaztea pose intelektualtzat jotzen den herri batean bizi baikara, baina ez dut imajinatu ere egin nahi zer gertatuko litzatekeen norbait zutabe batean filosofo baten izena idaztera ausartuko balitz; zer esanik ez, r guturalduna bada.

Baina kontu horiek guztiak gora-behera, iruditzen zait idatzizko sormenera eman den edonor –hitz-joko eta pareatuetatik landa, esan nahi baita– ohartu dela jauzi bat dagoela ahozkoaren eta idatzizkoaren artean. Idatzizkoa ez dela, alegia, ahozkoaren orrazte-fintze –eta azken batean, menpeko– moduko bat soilik. Idatzizko sormena, komunikazio bezain inkomunikazio dela. Clov-ek esan bezala: Signifier? Nous Signifier? (rire bref). Idatzizkoaren inguruan hausnartu duen edonor jabetu da hor badela gaindiezinezko hutsune bat, estali ezinezko amildegi bat, eta idazleak nola-hala amildegiaren ertzean egin behar duela aurrera. Idazten duzunaren eta jasotzen denaren arteko distantzia hori komunikazioaren ikuspegitik arazoa da, baina sormenaren ikuspuntutik aliatu handia. Zenbat jirabira eman ditzakeen testu batek urterik urte, menderik mende. Ahozkoan, ordea, berehalakoa behar du izan ulermenak esan nahi dena taxuz transmitituko bada.

Maiz esan izan didate nire idazteko moduak ez duela zerikusirik nire izateko moduarekin. Ez dakit lehenengo edo bigarrenarekiko loretzat (edo keriatzat) hartu, baina pozten naiz bien arteko ezberdintasuna antzematen bada. Ordenagailuaren aurrean, nahi beste denborarekin, ogia erostera joaten naizenean edo igogailuko elkarrizketetan bezalakoa izango banintz, hori bai litzatekeela patetikoa.

Argia aldizkariko 2372. zenbatian argitaratutako artikulua

Alea (IV)



GURUTZAKETAK

Garbitzaileak desordutan ailegatzen dira etxera,
Gaua ilun egoten da eta ez dago arrazoi garbirik
Etxekoak esnatzeko (ez dituztenek ezta ere).
Adeitasunaren izenean ere ez. Eta haiek, funtzionarioak,
Naturaren aldartea bezain iraunkor, betiko
Azturak errepikatzen dituzte alai, esan daiteke. Nik
Horregatik aipatu nuen teknologia, izan ere, gizartea
Ez nuen zalantzan jartzen, uste nuen denok dugula
Hastapen komun bat, esan nahi baita, oinarri
Eztabaidaezin batzuk. Baina ez. Klima dela,
Aisialdi zaletasunak, langabezia dela. Eta orduan,
Pentsakor begiratzen nauzu (begiratu) eta alde
Egiten dut, globo zulatu bat bezala.
-Orain hamaika gauza aldarrika
Nitzake, leporatu, pesimismoari atxiki. Atea itxi eta
Beste istorio bat hasten da, bere hasierarekin,
Bukaerarekin, antza. Hala ere, garbitzaileak
Zortzietan irtengo dira euren etxeetatik, protokoloak
Beteta (orain bai; besteek ez, zer egingo zaio),
Funtzionarioekin gurutzatuko dira. Jose, zehazki,
Zebrabidean gurutzatuko da, Maria okindegian
Ikusiko dut. Zer egiten duzu hemen? Adibidez.
Gogoak ematen didana, zer iruditzen? Egia esan,
Galtzak jasotzera joan beharko nintzateke (aspaldi,
Lagun, aspaldi), eta bide batez, enkargu batzuk
Egiteko aprobetxatu. Ekonomikoak eta sozialak.
Harriduraz begiratzen ditut parkeko agureak, ez da
Nobedadea. Datorren aste arte ez dugula euri
Arrastorik sentituko, ez bagara mudatzen, ez esateagatik
Gauza okerrago bat. Baina, tira, ezkerrera jo beharrean
Aurrea jarraitu dut.

Alea (III)

 


PLURALA 3

 

!

astiro ihes eman duzu goia

dari jan                                                garai modernoak

zineman bakarrik                                                                geratu dira

sosegatzen da egungo

eleberrigintza horia                                    gurutzea es Tombé

                                        EUSKALTZAINDIA

Caution ere erera                                                            aruaren

                                        TUNKAXILA tanka

hainbeste ari garen

bronwyn galdara

ezer ere tolesturak ez

jesus ni naiz

kristo kristal, kris

gola tanto eta gutxiago

klabikordio konpontzaileak datoz

datoz

¡                                                isila

                                                negua                                                dato

ipotx ezkertiarrak so on

sute kela noa

zirkotan jabe

gabe gaude

nahasi zera bat

zarata hots

zapaldu egon zure                                                ría

vuelve y vuelve

ikur lao ni (a

ste)a ak ak                                                                                     AK

nola galde