Tagged: John Zorn

John Zorn: Masada Marathon

Data: 2013/07/27
Lekua: Kursaal, Donostia.

Orain urtebete-edo jakin nuenean aurtengo Jazzaldian John Zornek joko zuela ez nuen zalantzarik egin, kontzertua ezin galduzko horietakoa izango zen. Beste ezein formatutan etorri izan balitz ere hala litzatekeen baina, gainera, kasu honetan egitasmo bakanarekin –Europan emanaldi bakarra– etorriko zen, Masada Maratoiarekin. Denbora tarte honetan Zorn jauna zuzenean ikusteko aukera izan dut, baina hura ez zen Maratoiaren aperitif txiki bat baino izan –nahiz eta kontzeptuz nahiko antzekoa–.

John Zorn

John Zorn

Ia bost orduko emanaldi batean, are gehiago halako musika iradokitzailea duzunean aurrean, egokiera ezinhobea duzu hainbat konturen inguruan hausnartzeko. Artelan baten harrera zuzen eta bat-batekoa ez dela pentsatzen dutenekoa naiz; obra bat barneratu eta zeureganatzeko ezinbestekoa dela backgrounda. Artearen harrera beti dela bitartekotzazkoa. Baita musikan ere, zeina printzipioz arte disziplina bat-batekoena den. Hau da, artearen harrera beti da, agerikoa izan edo ez, jarduera intelektual bat. Hori bereziki da nabarmena modernitateaz gerozko obra gorenetan, eta dudarik gabe, Zornen proposamena ezin modernoagoa da zentzu horretan. Zornek berak aipatu izan du bere musikarekin bilatzen duena entzulea pentsatzen ipintzea dela, “ez pentsatzen ari dela pentsatzea, baizik eta benetan pentsatzea”. Bere proposamenak hain dira muturreko eta apurtzaileak ezen nekez imajina daiteke entzule “arrunt” batek, inolako lanketa estetikorik eduki ez duenak, haren emanaldi batekin gozatzen ahal duenik. Honek guztiak ez du zerikusirik elitismoarekin, esan dezadan bidenabar, ez bada artearen kontzepzio kritiko batekin, baina hori beste baterako utziko dugu.

Kontua da, paradoxikoki, larunbatekoan, Maratoia ikusi bitartean justu kontrakoa bururatu zitzaidala; hau da, hain iruditzen zitzaidan liluragarria begien aurrean nuena ezen otu zitzaidala harekin mota guztietako publikoak sentituko zuela gauza bera –hala Afrikako tribu urruneko emakumeak nola arteak bost axola dion The City-ko ekonomilariak–. Musika horrek bazuela zerbait puru eta apartekoa transhistoriko eta transkulturala bihurtzen duena. Zenbaiten aburuz obra gorenek badute gaitasun hori, alegia, hartzaile xaloa zuzen eta sakonki kolpekatzekoa inongo bitartekaririk gabe. Nire ustez, gehiago da maistralanek, Maratoiak bezala, eragiten duten irudipen faltsua.

Imajinatu 1986an Miles Davis-ek bost orduko kontzertua eman zuela bere ibilbideko formazio ezberdinekin. Han egongo liratake, horietako batzuk hilik egongo ez balira, besteak beste, John Coltrane, Paul Chambers, Philly Joe Jones, Winton Kelly, Cannnonball Adderley, Wayne Shorter, Herbie Hancock, Chick Corea… Joan diren garaiak beti hobeak izan direla uste dutenentzat gehiegizka ibiltzea izango da, baina Zornekin larunbatean ikusitakoa ez da oso ezberdina maila eta garrantziari dagokionez. Diferentzia, horiek guztien ordez Dave Douglas, Greg Cohen, Mark Feldman, Joey Baron, Uri Caine, Eric Friedlander, Marc Ribot eta beste ikusi ahal izan genituela. Sinesgogor jarraitzen dutenekin, nahi izatera, hemendik hogeita hamar urtera elkartuko gara berriz ere.

Maratoian Masada egitasmoaren pean urtetan Zornek izandako formazio askotarikoak joan ziren tartekatzen. Denera hamabi talde, egitasmoari 1993an izena eta hasiera eman zion Laukotetik (Zorn, Douglas, Cohen, Baron) abiatuta. Sekulako hasiera izan zen laukotearena; izan ere, zaila baita pentsatzen egun haren mailako kuarteto bat. Horren ondoren etorri ziren Sylvie Courvoisier (pianoa) eta Mark Feldman (biolina). Proposamen pausatuagoa eta aski sotila, Feldmanen erakustaldiarekin. Jarraian Banquet of the Spirits, Cyro Baptistak gidaturik eta Tarantinoren filmen doinuak gogorarazi zizkigun proposamenarekin. Mycale izan zen, ia aho batez, arratseko eskaintza erdipurdikoena. Ahotsez osaturiko laukotea, beren musika atsegingarria gora-behera, besteren maila gorenetik oso urruti geratu zirela aski agerikoa izan zen. Gainontzeko formazioetatik Bar Kokhba, Erik Friedlanderren bakarkakoa, The Dreamers-en elegantzia –Kenny Wollesen-en bibrafonoa lagun–, Masada String Trio eta emanaldia itxi zuen Electric Masada nabarmenduko nituzke. Hau da, ia dena.

Klezmer musika hebrearraren irakurketa garaikide muturrekoa da, nolabait, Zornen Masada, eta honenbestez, ekialdeko ohiartzunak etengabeak izan ziren bost orduetan. Ez da, zentzu horretan, beste hainbat free jazz edo musika esperimentalen atonalitate jarraira ematen eta horrek ere, dudarik gabe, irensgarriagoa egiten du ordu horietan guztietan eserlekuan mugitu gabe geratzea. Zenbat doinu hispaniar ere sumatu ahal izan ziren, batez ere Friedlander eta Cainen set-etan. Electric Masadaren amaiera izugarria izan zen, hitzaren zentzu literalenean. Noise talde ugari hankapean utziko lituzkeen burrunba atera zuen zortzikoak, Zornek ia etengabe indartsuago, ozenago jotzeko eskatzen zuela –batez ere ordenagailu bidez soinuak jaurtitzen zituen Ikue Mori-ri–. Zorn berari gehiago ikusi zitzaion taldeon zuzendaritzan –aparta izan zen bere keinu/aginduen eta musikarien erantzunen dialogoan arreta ipintzea, aparta bezain dialogo horretan musikariek nola gozatzen zuten ikustea– saxoa jotzen baino (lehenengo eta azkeneko formazioetan jo zuen bakarrik, eta sobera protagonismo hartu gabe), nahiz eta saxoari eman zionean ere detaile bikainak utzi zituen –batez ere laukotearekin; oraindik buruan dut nota bat nola luzatu zuen ia eternitate batez–.

Ikuskizun gogoangarria izatekoa zen eta halaxe gertatu zen larunbatekoa. Ekidinezina zen amaitutakoan Zornena beste maila batean dagoen musika eta proposamen estetikoa dela pentsatzea. Badagoela jauzi alimalezkoa bost ordu horien eta asko maite ditudan pop edo rock taldeen edo, demagun, Euskadiko Orkestraren emanaldien artean. Jauzi horretan datza artea eta sormena, biak ere zentzu erradikalean. Esku bakarreko hatzak nahikoak zaizkit hogeita bederatzi urte hauetan edukitako maila horretako esperientzia sonoroak zenbatzeko. Susmoa da, hemendik hogeita bederatzi urtera ere, gauza bera esan ahalko dudala.

John Zorn Improvisation Night

Data: 2012/09/15

Lekua: The Stone, New York City.

Ibonrg adiskideak gomendatu zidan lehenengo lekua izan zen The Stone, East Siden, C abenida eta 2. kalearen arteko gurutzebidean dagoen lokal soila. Laurogei bat lagunentzako aulkiak, musikarientzako espazioa -eszenatokia ere ezin esan, lurrean bertan jotzen baitute- eta pare bat ate; bata, sakonean, komun txiki baterakoa, bestea musikarien kamerinorakora. Oro zuriz pintatua, lekuak tankera gehiago du museoko gela zuri batena kontzertu areto batena baino. Eta kasualitate-kasualitatea ere ez da izango, beharbada, ze tokiko proposamenak beti gerturatzen baitira gehiago artera musika komertzialaren eremu hertsietara baino. John Zorn da The Stoneko zuzendari artistikoa eta Zornen lana gutxi-asko ezagutzen duenak sumatuko du non nonbait diren kontuak. Leku huraxe da New Yorkeko eszena esperimental eta abangoardistenaren gotorleku. Ia egunero programatzen dituzte bina emanaldi, arratsaldeko 8tan eta gaueko 10etan, 10 dolarretan gehienetan.

Joan nintzen lehenengoa, ordea, egun berezia zen, lokala mantentze aldera dirua biltzeko eguna-edo. John Zorn berak hainbat musikarik lagundurik -beste bederatzi, zehazki- inprobisazio gau bat antolatu zuen. Musikariak taularatzen ziren zenbait formatutan (lehenengoa, esaterako, pianoa, bateria eta baxu elektrikoa) eta inprobisazio set bat eskaintzen zuten. Guztira zortzi bat saio izango ziren, konbinazio ezberdinetan eta hamar musikariek batera jo zuten azkenekoa barne. Ez da erraza halako musika-proposamen muturreko eta maila altukoaren aurrean zerbait nabarmentzea, baina bi set nabarmentzekotan bi txelistek eskainitakoa eta bateria, tronpetajoleak eta klarineteak hirukoan jotakoa azpimarratuko nituzke. Musikarien artean inor goratzea ere ez da lan erraza baina, alajaina, zelako maisutasuna Brian Chase bateriajotzailearena -Yeah Yeah Yeahs rock taldekoa-; estilo sotil bezain azkarrarekin instrumentuaren beraren mugak hausten ari zela ematen zuen batzuetan. Klarinetea (Jeremiah Cymerman) eta bi txelistak (Okkyung Lee eta Erik Friedlander) ere ez ziren aparte ibili.

Atentzioa eman zidan beste kontu bat John Zorn beraren diskrezioa. Hura zen gaueko izarra izatekoa eta, aldiz, bigarren planoan egon zen, ez zuen beste inork baino gehiago jo -areago, beste hainbat musikarik gehiago jo zuten- eta ez zuen bukaera arte hitza hartu, musikariak banan-banan aurkezteko mintzatu zenean. Haren lagunak lehen lerroan jarri nahi zituela ematen zuen, non eta bere etxean gainera; eta hori, jaun andreok, banitatea karrukadaka pilatzen den musika eta artearen munduan meritu handiko kontua da.

Kalera egin genuenean, momentu bakana bizi izandako sentipenarekin egin genuen. Kontuak ateratzen hasi eta bururatu zitzaigun saioak iraundako minutuetan agian huraxe izan zela mundu osoko maila altueneko musika emanaldia. Tira, lasai, agian esan dut.

P.D: Barkatu argazkiaren zatarra (eta gainera oharkabean flasharekin, hau lotsa), baina lekuaren testigantza utzi nahi nuen eta ez dut hoberik.